Koronabirusa. Errefuxiatuak

Kanpalekuetan «hondamendia» gerta daitekeela ohartarazi dute

Errefuxiatuak pilatuta bizi dira askotan, eta kanpalekuetan ez dago gutxieneko ur hornidurarik. UNHCRk ezinbestekotzat jo du nazioarteko lankidetza, birusa kanpamentuetan ez hedatzeko

Berria, Gorka Berasategi Otamendi, 02-04-2020

Bete beharreko bi baldintza dira garrantzitsuenak koronabirusari aurre egiteko: norbere buruaren higienea (bereziki eskuena) eta besteekiko gutxieneko distantzia mantentzea. Sinplea izan daiteke, baina bete ezinezko gomendioak dira milioika pertsonarentzat. Esaterako, gerrak eta pobreziak behartuta beren lurretatik ihes egin behar izan dutenentzat. Egoera zaurgarrian zeuden koronabirusa hedatu aurretik, eta, COVID-19aren agerraldiarekin, gain-gainean dute gaitz ezezagunarekin kutsatzeko mehatxua. Horietako asko errefuxiatuentzako guneetan bizi dira, gutxieneko bizi baldintzak betetzen ez dituzten guneetan. GKEek eta nazioarteko erakundeek prebentzioaren garrantzia nabarmendu dute, birusa kanpamentuetan zabaldu ez dadin. Halaber, nazioarteko erantzun baten beharraz ohartarazi dute, pertsona horiei osasun babesa eskaintzeko eta birusaren hedatzea eragozteko.

«Urteetako gerrak, eta elikadura nahiz osasun gabeziak ahulduta daude, pilatuta bizi dira eta saneamendu, garbiketa eta ur hornidura gabeziak dituzte. Askotan ezin diegu nazioarteko estandarrek ezartzen duten eguneko hogei litroko ur kopurua eskaini». Maria Jesus Vega UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramailea da Espainian. Haren esanetan, errefuxiatuei gutxieneko baldintzak ez bermatzeak «giza hondamendia» eragingo du.

Egun, 70 milioi lagun baino gehiago daude beren lurretatik kanpo bizitzera behartuta, gerrengatik eta giza eskubideen urraketengatik, UNHCR elkartearen arabera. Horietatik %80 herrialde pobretuetan bizi dira, eta estatu horietako askok gabezia handiak dituzte osasun sisteman, eta ur eta saneamendu azpiegituretan. Desplazatu kopuru handi bat errefuxiatu kanpamentuetan bizi da, eta bizi baldintzak oso prekarioak dira. Zorionez, oraingoz, koronabirusa ez da hedatu kanpamentu horietan.

Errefuxiatuentzako gune gainpopulatuen adibide argiak dira Greziako uharteetakoak. 6.000 pertsona hartzeko prestatuta daude, baina 42.000 lagun baino gehiago bizi dira.

Lesbosen koronabirusak kutsatutako lehen kasuak atzeman dituzte. Zortzi dira baieztatutako gaixoak, eta pertsona bat hil da COVID-19 gaitzarekin. Kasu guztiak kanpalekuetatik kanpokoak dira. Hala ere, SC Natzab Lesbosen boluntario gisa ari den No Borders elkarteko kidearen esanetan, bertako biztanleriak arrisku gisa ikusten ditu migratzaileak. «Askotan esan da gaixotasunekin datozela». Hori dela eta, beldur da Moriako kanpalekuan kasuak agertzen hasten badira ez ote duten gunea guztiz itxiko, eta bertan bizi direnak osasun baliabide nahikorik gabe bertan utziko. «Beste edozein tokitan baino hilgarritasun tasa askoz ere handiagoa izango litzateke, jende pilaketagatik, osasun neurri faltagatik eta garbiketa faltagatik».

Grezian ez ezik, hainbat herrialdetan ari da lanean UNHCR koronabirusaren hedatzea eragozteko. Bangladeshen, Iranen, Yemenen, Jordanian, Libanon, Sudanen, Etiopian, Ugandan, Kongon, Burkina Fason, Txaden eta Brasilen, oinarrizko beharrei erantzuteko neurriak hartzen ari dira.

Vegak azaldu du prebentzioa lantzea dela orain garrantzitsuena, birusa ez delako oraindik kanpamentuetara zabaldu. «Agerraldia ahalik eta gehien atzeratzea da helburua. Informazioa ari gara zabaltzen hizkuntza ugaritan, eta langileak eta errefuxiatu boluntarioak biltzen, Osasunaren Mundu Erakundearekin, Nazio Batuen Erakundearekin eta herrialde bakoitzeko gobernuekin elkarlanean». Vegak gogorarazi du gobernuena dela errefuxiatuak babesteko ardura.

Horrez gain, errefuxiatu gehien duten herrialdeetako osasun sistemak indartzeko laguntza ari dira bideratzen. NBEk su etena eskatu du gatazkan diren herrialdeetan, gainezka dauden ospitaleak arintzeko.«Gure erronka da laguntza humanitarioa bidaltzen jarraitzea errefuxiatuak herrialde bakoitzeko osasun sistemara gehitzen dituztela ziurtatzen dugun bitartean».

Hainbat herrialdek birusetik babesteko mugetan ezarri dituzten kontrol neurrien ondorioz, laguntza humanitarioa behar den tokietara bidaltzeko zailtasunak dituztela salatu du.

Asilo eskubidea

UNHCRk kezka agertu du estatuek birusarengandik babesteko har ditzaketen neurriek errefuxiatuen eskubideetan izan dezaketen eraginarengatik. Vegak adierazi du gobernuek «segurtasuna eta asiloa eskatzeko eskubidea» erraztu behar dietela «beren etxeak gerrarengatik eta jazarpenarengatik utzi behar izan dutenei». Haren esanetan, «beharrezko osasun protokoloek ez diote eskubide horri kalte egin behar». Egoera «aurrekaririk gabekoa» dela ohartarazi du Vegak, eta ezinbestekotzat jo du hari «elkartasunez eta nazioarteko lankidetzarekin» aurre egitea. «Aukera dugu mundu seguruago eta justuago bat sortzeko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)