Hizpideak

Birus klasista

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 27-03-2020

Gertu daukagu hildakoa, gertuegi; gero eta gehiago, eta ezagunago. Agurtu gabe joan da; bakarrik hil da. Ez dago beilategirik malkoak kolektibizatzeko, elkar besarkatzeko, kontsolatzeko; ez dago ekitaldirik hura gogoratuz agurtzeko. Eta galdera asko sortzen dira heriotza horren minean eta hutsean. Eragotz zitekeen?

Zenbat langile joango dira egunero lan publikoak egitera segurtasunik gabe, kutsatuta daudela jakin gabe? Lanpostu asko galduko omen dira. Aipatu ere ez dituzte egiten betiko batzuen interesak. Zenbat ari dira elikagaiak banatzen, zenbat saltzen, inolako babesik gabe? Nola dakigu horrenbeste politikari kutsatuta daudela? Zergatik ez erabili haiei egiten zaizkien testak egunero beren bizitza arriskuan jartzen dutenentzat?

Leihoa ireki, eta udaberriko eguzki goxoa bete-betean sartzen da. Kalera ateratzeko egunak izan behar zuten, baina ez dira. Makina hondeatzailearen mailuaren krakatekoa besterik ez da entzuten, etenik gabe. Eta zakurren baten zaunka. Hau guztia pasatzen denean, ikusiko dugu koronabirusak ere batzuk are aberatsago bilakatu dituela, eta krisi honetatik burua ezin atera egongo direla gainerako guztiak. Hildako batzuk eroriko dira tartean, testa egiteko nahikoa garrantzitsuak ez zirenak. Agur esan gabe joan behar izan dutenak, bakarrik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)