Lesboseko arrantzalea

Itsasoa nahiko bortitz dago gaur. Hondartzara ez dira olatuak iristen, baina haize handia dabil. Lesboseko Skala Sikaminiaseko portutik Turkiako kostara soilik 5 milia nautiko daude. Bizilagun turkiarrak aurrez-aurre ikusten dituzte Lesboseko herritarrek.

Berria, Ane Irazabal, 12-03-2020

Itsasoa nahiko bortitz dago gaur. Hondartzara ez dira olatuak iristen, baina haize handia dabil. Lesboseko Skala Sikaminiaseko portutik Turkiako kostara soilik 5 milia nautiko daude. Bizilagun turkiarrak aurrez-aurre ikusten dituzte Lesboseko herritarrek. Hango taberna batean Stratos Valamios arrantzalearekin topo egin dugu. Stratos egunero joaten da kafe bat hartzera eta inguruko gizon jubilatuekin hitz egitera. Baina gaur denbora gehiago dauka. Itsasoaren egoeraren ondorioz, ez da arrantza egitera atera. Eta horregatik ziur dago gaur ez direla Turkiatik errefuxiatuak iritsiko.

Stratosi ez zaizkio kazetariak gehiegi gustatzen. Ez du gogoratzen dagoeneko zenbat elkarrizketa eskaini dituen, baina kazetari bat hurbiltzen zaion bakoitzean, zera esaten dio: “Ez dakit zergatik hitz egiten dudan zuekin, gero nahi duzuena idazten duzue eta”. Guri ere gauza bera esan digu kamera itzalita dagoenean. Halere, Lesboseko egunik ilunenetan, alegia, talde faxistak inpunitate osoz errefuxiatuak eta boluntarioak erasotzen ari diren garai hauetan, oso kontsolagarria da Stratosen hitzak entzutea.

Lesboseko herritarrak ez gara faxistak, hau elkartasunaren uhartea da, uste du Stratosek, baina, aldi berean, haserre sumatzen zaio. Ez errefuxiatuekin, Atenaseko gobernuarekin eta Europako Batasunarekin baizik. Greziako irlak errefuxiatuentzako kartzela handiak bilakatu nahi dituztela uste du Stratosek… Eta argi adierazi digu beretzat Europa ez dela existitzen.

Stratosek ez du gogoan zenbat pertsona erreskatatu dituen itsasoan. 2015ean, egunero batezbeste 5.000 asilo eskatzaile iristen ziren egunetan, Stratos eta Skalako arrantzaleak mobilizatu egin ziren Egeo itsasoa gurutzatzen zuten errefuxiatuak uretatik ateratzeko. Stratos eta Skalako emakume adinduak Bakearen Nobel Sarirako izendatu zituzten. Ez zuten irabazi, baina oso famatuak egin ziren.

Bost urte geroago, etsituta sumatzen zaio. “Errefuxiatuak haien gainetik dagoen borroka politiko handiaren biktimak izaten ari dira”, adierazi du. Eta ez du tunelaren amaieran argirik ikusten. Faxistak joango dira, baina lebostarrak hemen geratuko gara. Beti bezala, bakarrik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)