Hizpideak

'Aita Mari'-tik Estrasburgora

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 14-02-2020

Beste 158 migratzaile onik lehorreratu ditu Aita Mari euskal ontziak, Italian. Bi erreskate egin zituzten igandean eta astelehenean, eta Sizilian porturatu ziren atzo goizean. 158 lagun. 158 izen. 158 bizitza. 158 bizitza proiektu. 158 ibilbide gordin. Lekukotasun gogorrak dira: bortxatu egin dituzte, dirua kendu, bahitu, prostituzioan jardutera behartu, torturatu. Tartean adingabeak daude, eta haurrak, eta haurdun dauden emakumeak. Zaurgarritasun beteko pertsonak. Aita Mari-k bete du itsasoratzean jarritako funtzioa; onik atera ditu iheslariak, eta Italiaren esku geratu da orain haien etorkizuna.

Mediterraneoan, ordea, ur tanta bat da Aita Mari-ren erako proiektuek egin dezaketena. Tripulazioko kideak izan dira lekuko egunotan bertan: ikusi dute nola ari ziren Maltako militarrak Libiako patruilei abisu ematen, Maltako uretan sartu eta migratzaileak atxiki zitzaten. Europako herrialdeen jokabidea salatu dute behin eta birritan talde sozialek: ez direla ari iheslariei sorospena ematen, ezta asilo eskatzaileak babesten ere.

Mediterraneoa hilerri ez ezik hiltegi bihurtzeko beste pauso bat eman du Europak orain: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo du Espainiaren jokabidea, Melillako hesian migratzaileak zuzenean itzularaztea, inolako berme judizialik gabe. Irizpidea aldatu du auzitegiak —Espainia zigortu zuen lehen—, eta ondorio larriei atea zabaldu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)