Espainiak etorkinak mugan kanporatzea babestu du Estrasburgok

Irizpidez aldatuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Espainiak ez zituela giza eskubideak urratu bi gazteak kanporatzean. Ikusteko dago migrazio politikak aldatuko dituzten

Berria, Jone Bastida Alzuru, 14-02-2020

Ezustekoa eman, eta Espainiak mugan egindako kanporaketen aferari buruzko jarreran 180 graduko bira eman du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Atzo eman zuen epaia Estrasburgok, Espainiak egindako kanporatzeengatik, eta babestu egin zituen itzulketa horiek; 2017an zigorra ezarri zion auzitegiak, baina, orain, atzera bota da.

Kondena hori berretsiz gero, ondorio esanguratsuak izango zituen egun indarrean dagoen migrazio politikan; ez bakarrik Espainian, baita Europa osoan ere. Izan ere, hainbat herrialdek egiten dituzte mugako kanporatzeak. Alabaina, bestelakoa izan da epaia; azken erabakia zen, eta ezingo diote helegiterik jarri.

Melillatik Marokorako bi lagunen kanporatzea izan zen auziaren kausa: salaketa jarri zioten Espainiari, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zuela iritzita. Orduan, Estrasburgoko auzitegiak «izaera kolektiboko kanporatzetzat» jo zuen hura. Saharaz hegoaldekoak ziren bi gazteak, eta Melillako harresia gainditzen saiatu ziren 2014ko abuztuaren 13an, beste 80 migratzaile ingururekin batera. Hesia pasatu eta berehala, ordea, Guardia Zibilak atxilotu, eta Marokora bidali zituen. Inongo tramiterik egin gabe itzuli zituzten biak, eta errekurtso eraginkorra izateko eskubidea ere ukatu zieten.

Linos-Alexandre Sicilianos Estrasburgoko auzitegiko presidenteak atzo irakurri zuen ebazpena, eta bertan, atzera egin du hasieran hartutako erabakiari dagokionez: lehen epaian ez bezala, oraingo honetan adierazi du Espainiak «ez duela urratu» nazioarteko hitzarmenean adostutako kanporatze kolektiboak egiteko debekua, ezta errekurtso eraginkorra izateko eskubidea ere. Horren ordez, migratzaileek izandako jokabidea salatu du. «Baimenik gabeko» lekuetara sartuz eta «indarra» erabiliz, «legez kontrako egoeran» haiek berak jarri zirela azpimarratu du auzitegiak. Epaiak gaineratu duenez, migratzaileek erabaki zuten ez erabiltzea Espainiara modu erregularrean sartzeko «sarbide legalik». Ondoren gertatutakoa, beraz, «euren jokaeraren ondorioa» izan dela jakinarazi dute.

Hori horrela, migratzaileen portaerari egotzi diote prozedura egokirik gabe kanporatzea. «Estrasburgok ezin dio estatuari leporatu Melillan egozpen hori inpugnatzeko modua emango liekeen lege errekurtsorik ez egotearen erantzukizuna», erantsi du auzitegiak. Halaber, argitu du horrek ez duela esan nahi «akordioa urratu dutenik». Azken erabakiaren inguruko azalpenak eman nahi izan zituen Sicilianosek: «Bi migratzaile horiek ez zituzten Espainian asiloa eskatzeko existitzen diren bide legalak eta erregularrak erabili. Hori da lege hausterik ez zela egon ebazteko arrazoi nagusia».

Hasieran, 2017an plazaratutako epaian, eragindako ondorio moralak zirela-eta, bakoitzari 5.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen auzitegiak. Orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyk, baina, helegite bat aurkeztu zuen epaiaren aurka, eta beste neurri bat hartu zuen auziak —Espainiako Gobernuak 2015ean onartu zituen kanporatze horiek, Herritarren Segurtasunerako Legeari xedapen gehigarri bat erantsita—. Gobernu sozialistak ere jarrera horri eutsi zion 2018an eginiko auzi saio batean, eta Rafael Leon Estatuaren abokatuak honela argudiatu zuen: «Atzerritarrak ez onartzea ez da haiek kanporatzea». Alabaina, salaketa jarri zutenen abokatuek zorrotz kritikatu zuten hori, eta «migrazio presioagatik euren jokabide ilegala justifikatzen saiatzea» egotzi zioten.

Epaia Espainiaren aurkakoa balitz, migrazioaren inguruko legediari buelta bat eman eta hori errotik aldatzera bultza zezakeen. Ez da hala izan, eta Estrasburgoren babesa jaso ondoren, ikusi beharko da liskarrak eta kexak eragin dituen migrazio politikaren inguruan aldaketarik proposatzen duten. Pedro Sanchezen alderdiak, oposizioan zegoela, konstituzioaren kontrakotzat jo zituen mugan egindako kanporatzeak.

Espainia, ados

Espainiako Gobernuak epaia jakin ostean adierazi zuen ebazpena «errespetatuko duela» eta horri «men egingo» diola. Berehalakoa izan zen Guardia Zibilaren Elkarte Bateratuaren erreakzioa ere, eta moldaketen beharra azpimarratu zuen: «Honek aldaketa bat ekarri behar du migrazioaren legedian, Guardia Zibilen protokolo jarduera argituko duena».

Bestalde, epaiarekin haserre agertu zen CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea: «Etsigarria iruditzen zaigu». Halere, espero du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «bertan behera» uztea mugan egiten diren kanporatzeen prozedura. PSOEri «koherentea» izateko eskatu diote oposizioan egon zenean izandako jarrerarekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)