Etorkinen egoera: «Egonkortzeko bidean, baina argi-ilunekin»

Immigrazioari buruzko EABI inkesta aurkeztu du Jaurlaritzak. Baldintza sozioekonomikoek hobera egin arren, desorekak antzeman dituzte

Berria, Ion Orzaiz, 13-02-2020

Hemen gelditzeko etorri dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren etorkinei buruzko EABI 2018 inkesta aurkeztu zuten atzo Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Arkaitz Fullaondok, txostena ondu duen Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiko ikerlariak. Biek ala biek nabarmendu zuten immigrazioa eta aniztasuna «egiturazkoak eta betirakoak» direla jada: «Datuek argi erakusten dute atzerritik etorritako pertsona gehienen asmoa dela bizi proiektu berri bat eraikitzea. Hemen gelditzea, alegia».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zehazki, jatorria atzerrian duten 211.208 migratzaile bizi dira: populazioaren %9,7. Horien artean, gainera, gora egin du emakumeen kopuruak, eta etorkinen %55,1 dira gaur egun. Latinoamerikatik eta Europatik etorritako migratzaile taldeetan nabari da feminizazio handiena. Apalena, berriz, Afrikako etorkinen artean antzeman dute.

Lau urtean behin jasotzen dira EABI inkestarako datuak: 2010ean eta 2014an egin zuten, eta 2018koak dira atzo aurkeztutako txostenaren oinarria. Horiei erreparatuta, migratzaileak duela lau urte baino egoera sozioekonomiko «hobean» daudela nabarmendu zuen Fullaondok: «Kostata, baina egoera ekonomikoaren hobekuntza iristen hasia da etorkinen kolektibora ere».

Ideia horretan sakondu zuen Artolazabal sailburuak: «Atzerritik etorritakoen lan okupazioa ia %60raino handitu da, eta diru sarrerarik ez duten etorkinak %25 baino gutxiago dira jada». Egonkortasun ekonomikoaren datuak baliatu zituzten Artolazabalek eta Fullaondok, prestazio sozialen inguruko zenbait mito birrintzeko. Besteak beste, etorkin gehienak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentatik bizi direla dioena: «Inkestak frogatzen du baliabide iturri nagusi gisa DSBE sistema dutenen portzentajea oso murritza dela: %7,6koa. Gehienen diru iturri nagusia euren lana da», azaldu zuen Fullaondok.

Migratzaileen egoera administratibo orokorra ere hobetu da, ikerketaren arabera: «Egoera irregularrean daudenak %4,6 inguru dira gaur egun. Nazionalitate agiria %36k dute; hortaz, etorkinen heren bat baino gehiago eskubide osoko herritarrak dira, eta ez dute traba administratiborik», gaineratu zuen ikertzaileak.

Diskriminazio pertzepzioa

«Desoreka nabarmenak» ere jaso ditu inkestak, migratzaileen jatorriaren arabera. «Prekaritate eta zaurgarritasun arazoak ere agertu dira, batez ere jatorri afrikarra dutenen artean eta, neurri txikiago batean, Latinoamerikako zenbait herrialdetakoen artean». Diskriminazio pertzepzio subjektiboari dagokionez ere, gorabehera handiak antzeman dituzte ikertzaileek. Hala, Hego Amerikatik eta Europatik etorritakoek duten diskriminazio pertzepzioa oso txikia da, Afrikako eta Asiako immigranteek dutenarekin alderatuta. Txinatarren kasuan, %40,5ek uste dute «gutxi» integratu direla. Argentina, Txile eta Uruguaitik heldutakoen artean, berriz, %7,1ek nabaritu dute gizarteratze eskasa.

Txinatik etorritako migratzaileen errealitatea mintzagai izan zuen Artolazabalek: «Kolektibo txinatarraren aurkako erreakzio xenofoboak azaleratzen hasi dira planetako hainbat tokitan, koronabirusaren aitzakiarekin. Azpimarratu behar da osasun arazoa gaixotasunak eragiten duela, eta ez Txinako herritarrek».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)