Norbanakoen askatasunen muga izanen da gaiztaginen aurkako Sarkozyren legea

Ekainaren 20an funtsezko lege egitasmoa aurkeztuko dio Frantziako Ministroen Kontseiluari

Berria, 04-06-2006

A.R.

Baiona

Ekain hastapenean Frantziako senatuak immigrazioaren legea aztertuko du, eta irailean sartuko da indarrean. Alain Larrea abokatua da Baionako auzitegian, eta usu defenditu ditu etorkinak.

Immigrazioaren legearen irakurketa bakarra eginen dute. Zergatik presa hori?

Irakurketa bakarrarekin prozedura arintzen da. Heldu den urtean Frantziako presidentetzarako hauteskundeak dira, eta Sakozyk indarra erakutsi nahi du. Eskuin muturrera lerratzeko prest dauden hautesleak bereganatu nahi ditu lege zorrotzen bidez.

Aitzinetik eskolaren kalitate legea eta berdintasun legea onartu dituzte. Ekainean gaiztaginen aurkako legea aurkeztuko du Ministroen Kontseiluan.

Benisti txostenean oinarritzen dira guztiak. Eskolatik abiatuta, txostena ataletan banatu dute. Baina gizartearen ikuspegi bakarra dute. Gaiztaginen aurkako legeak bertzeak gogortuko ditu.

Benisti txostenak haserreak piztu zituen, baina, CPEren salbuespenarekin, protesta gutxi dago orain. Zergatik ?

Gizarte eragileek mobilizazioak egin dituzte. Hori eragozteko, ataletan moztu zuten legea. CPE gibelera bota baina bertzeak pasatu dira. Gizarte eragileek erakutsi dute ez daudela geldirik, eta etorkinak laguntzeko sareak antolatu dituzte.

Hautuzko immigrazioa da Sarkozyren xede nagusia. Posible da?

Ez, baina Frantziako ezkerrak ez du indarrik kontraboterea egiteko, eta pasatzen dira legeak. Alta, Sarkozyk ere badaki immigrazioa aberatsen eta pobreen arteko amildegia dela, desorekaren ondorioa. Oilaskoaren prezioa apaldu da, jendeak ez duelako erosten. Gobernuak diru laguntza handiak eman dizkie hazleei, eta horiek Afrikan saldu dituzte. Hangoek immigratu behar dute. Gosea dagoenean nola sinets hauta daitekeela?

Jende aditua erakarri nahi du Sarkozyk. Zer uste duzu?

Etikoki aztertzen bada, ikusi beharko da bidezkoa den herri pobreenei dituzten baliabide eskasak kentzea. Ez dute helburua lortuko. Immigrazio txostena aurkeztuko dutelarik konsulatuan, gaiztagin gisa hartuko dituzte. Sei hilabete aitzin frogatu beharko dute ikasketak egin nahi dituztela, baliabide ekonomikoak dituztela. AEBetan edo Kanadan hiru astekoa da epea. Beraz legezko immigrazioa ez da Frantziara joanen. Familien elkarretaratzea oztopatu nahia eta agiriak kentzeko asmoa Europako auzitegira eramanen ditugu, giza eskubideen ituna urratzen duelako. Eta uste dugu irabaziko dugula. Neurriak etorkizunera begira egin dituzte. Etorkin gehien baliatzen dituzten sektoreak etxegintza, laborantza eta frantziarrek egin nahi ez dituzten lan motak dira.

Lana galtzean agiriak galtzen badira, nola bermatu ez dela gehiegikeriarik eginen langileekin?

Nagusiek badakite haien esku daudela etorkinak, eta aukera hori baliatuko dute. Etorkinak ez dira hasiko eskubideen aldeko borrokan. Aise onartuko dute lan baldintza txarretan aritzea.

Ezkontza zurien aurkako neurriak ere gogortu dituzte. Ez ote du emaztea egora larriagoan ezartzen?

Senarra utziz, agiriak galtzeko arriskua dauka, eta horrek gehiago lotuko du. Bereizteak egozketa ekar dezake erantsirik. Tratu txarren estalkia ere bihur daiteke. Sozial mailan lotura gutxiago ditu etorkinak, eta ez ditu tratu txarrak salatuko, beldurrez.

Abokatu gisa, uste duzu klandestinoen kopurua murriztu daitekeela?

Kontrakoa. Lana galtzean lan beltzaren sarean sartuko dira, klandestinitatean. Osasun arloan ere, arriskua bada, ez da erietxera joanen. Eskolarekin gauza bera gertatu da, eta aurki ikusiko ditugu eskolatu gabeko haurrak.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)