Pasaiako Itsas Festibalaren bigarren edizioa maiatzaren 28tik ekainaren 1era ospatuko dute

Gara, Nagore BELASTEGI, 16-01-2020

Portugal izango da herrialde gonbidatua, alde batetik Pasaiako herritar multzo handi bat handik etorria delako eta, bestetik, lehen mundu biraren 5. mendeurrena dela eta, Elkanorekin batera abiatu zen Magallanes portugaldarra zelako. Momentuz hiru itsasontzi handiren izenak aurreratu dituzte, baina beste bi etortzekoak dira.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak, Xabier Agote Pasaia Itsas Festibaleko zuzendariak, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura Diputatuak, Sonia Perez Lakuako Turismoko sailburuak eta Felix Garciandia Pasaiako Portu Agintaritzaren presidenteak aurkeztu dute gaur Pasaiako lau barrutietan zehar ospatuko den Pasaia Itsas Festibalaren bigarren edizioa.

Duela bi urte ospatu zen lehen edizioaren arrakasta ikusirik, aurten eskema berdina jarraitzeko intentzioa dute, baina egitarau oparoagoa prestatzen ari dira nahiz eta horren berri xehetasun gutxi ematea erabaki dute momentuz. Aurreratu dutena izan da maiatzaren 28tik ekainaren 1era ospatuko dela eta Portugal izango dela herrialde gonbidatua.

Aipatu dutenez, Pasaiako bizilagun multzo handi bat Portugalekoa da eta keinu honen bidez haiei omenaldia egin nahi diote. Era berean, lehen mundu biraren bostgarren mendeurrena dela eta, Elkanorekin batera abiatu zen Magallanesen sorterria gogoan izan nahi dute. Gainera, Portugalen, Euskal Herrian bezalaxe, lotura handia dute itsasoarekin, eta hori da, hain zuzen ere, festibalak azpimarratu nahi duen balioetako bat.

Xabier Agotek esan duenez, «Pasaiak ospatu egin nahi du bere iragana eta oraina». Duela bi urte ez zen hitz horiek esatera ausartu herriak garai latzak utzi zituelako atzean eta bizilagunengan nabari zen. Hala ere, 2018ko jaialdian ospatzeko gogo hori ikusi zuen eta horregatik aurten indarrez ekin diote prestakuntzari, aurreko edizioko akatsetatik ikasteko prest. Izan ere, lehen jaialdiko «izarra» ‘Hermione’ itsasontzia zen baina ez zen jaialdirako garaiz iritsi, eta hala ere, jaialdira eraman zituzten 115 itsasontzietatik bakarra handia izanda ere, sekulako arrakasta izan zuen –125.000 pertsona erakarri zituen eta 2,5 milioi euroko arrasto ekonomikoa utzi zuen herrian–.

Aurten jada hiru itsasontzi handi ekartzea hitzartu dute, eta seguruenik beste bi lotzea lortuko dute. ‘Marité’ Normandiako Fecamp herritik dator. Hiru mastaduna eta egurrezkoa da, eta datorren urtean 100 urte beteko ditu. Groenlandian bakailaoa arrantzatzera joateko eraikia izan zen. ‘Shtandart’ San Petersburgotik dator (Errusia), eta Petri I. tsarrak eraikitzeko agindua eman zuen fragata baten erreplika da. Amaitzeko, Herbehereetako ‘Oosterdchelde’ ere ekarriko dute, hiru mastaduna baina burdinez egina. 102 urte ditu honek eta munduari bi bira eman dizkio jada.

Horrez gain, kontzertuekin eta bestelako ekintzekin osatuko dute egitaraua, nahiz eta horien berri aurrerago ematea erabaki duten. Hala ere, Agotek jaialdiak duen konpromisoetako bat azpimarratu nahi izan du: «Dena ez da pozgarria itsasoan. Ingurugiroa gero eta kutsatuagoa dago eta aldaketa klimatikoa kezkagarria da. Itsasoari balioa itzultzeko ekintzak prestatuko ditugu. Gainera, Itsas Festibala solidarioa da. Itsasoa drama handien eszenatokia da. Aita Mari zoriondu nahi dut, eta adierazi oso harro gaudela Pasaia bere portua delako, eta horregatik jaialdian presente egotea nahi dugu», esan du zuzendariak itsaso Mediterraneoan errefuxiatuak salbatzen ari den ontziari buruz.

Horrekin batera Zaporeak ekimena ere txalotu nahi izan du –errefuxiatuen aldeko ekimenak bultzatzen ditu gastronomiaren bidez–. Aurreko edizioan izan zuen presentzia handiagoa izatea nahi dute aurten, egiten duten lanari ikusgarritasun handiagoa emanez. Herriko gainontzeko elkarteen babesa eta laguntza ere azpimarratu nahi izan du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)