Giza laguntza

Datorren urtean 168 milioi pertsonak beharko dute giza laguntza

NBEk 29.000 milioi dolar eskatu dizkio nazioarteari. Iazko kopuruarekin alderatuta, 22 milioi pertsona gehiagok behar dute laguntza; gatazka armatuak, klima larrialdiak eta izurriteak dira arrazoi nagusiak.

Berria, Leire Artola Arin, 05-12-2019

Inoiz baino pertsona gehiagok beharko dute giza laguntza 2020an: 168 milioik, hain zuzen. Iaztik 22 milioi gehiago dira laguntza beharrean daudenak. Nazio Batuen Erakundearen esanetan, arrazoi nagusiak dira iraupen luzeko gatazkak, muturreko gertaera klimatikoak eta izurriteak. Gaur aurkeztu du NBEk Giza Ikuspegi Orokorra txostena, eta aurreikusi dute 29.000 milioi dolar beharko direla datorren urtean, zaurgarrienak diren 109 milioi pertsonei laguntza emateko.

Txostenaren arabera, 45 pertsonatik batek behar du janaria, ostatua, osasun laguntza, babesa eta bizirik irauteko oinarrizko bestelako asistentzia. Datuak kezkagarriak dira, baina laster okertu egin daitezkeela ohartarazi du Mark Lowcock NBEko Larrialdiko Laguntzarako koordinatzaileak: «Orain arteko bilakaerarekin jarraituz gero, uste dugu 2022 urterako 200 milioi pertsona baino gehiago egongo direla laguntza beharrean». Momentuz, espero dute datorren urtean 53 herrialderi laguntza eman ahal izatea, krisi egoeran dauden 100 milioi pertsonengan arreta jarrita.

Halere, salatu dute langile humanitarioek gero eta zailtasun handiagoak dituztela larrialdian dauden herrialdeetan lan egiteko. Arrisku gehiago hartu behar izaten dituzte. Lowcockek horien adibide modura aipatu ditu 2019 hasieran langileen eta instalazioen aurka egindako 800 eraso inguru. Herrialde batzuetatik langileak atera behar izan dituzte, egoeraren arriskuagatik.

Herri zaurgarrienak, kalte handienak

Lowcockek «kezka» azaldu du gatazka armatuen inguruan; haurrek eta emakumeek pairatzen dituzte ondoriorik latzenak. «Inoiz baino hildako eta elbarri gehiago egon dira haurretan», esan du. Gainera, sexu eta genero indarkeria jasateko arrisku handiagoa izan dute emakume eta neskek gatazka eremuetan, aurreko urteekin alderatuz. NBEren arabera, bost emakumetik batek buruko gaixotasunen bat du eremu horietan. Bestalde, klima aldaketari dagokionez, herri pobreenak eta zaurgarrienak kaltetu ditu gehien. Lowcockek argitu du lehorteek, uholdeek eta zikloi tropikalek aurreikusi zitekeen baino komunitate gehiagori eragin diela.

Epidemiei dagokienez, giza laguntza behar dutenen kopurua izugarri hazi da. Lowckokek zehaztu du Afrikan elgorri kasuek %700 egin zutela gora urteko lehen hiru hilabeteetan, iazko hilabete horietako kasuekin konparatuta. Kongoko Errepublika Demokratikoan, elgorriagatik hildako 5.000 lagun erregistratu dituzte urtarriletik hona; horietatik %90 baino gehiago bost urte baino gutxiagoko haurrak dira.

Yemenen krisi humanitario larriena

Lowcockek azaldu du 2020an Yemen izango dela munduko krisirik larriena sufrituko duen herrialdea. Bost urteko gerraren ostean, herritarren %80k beharko dute laguntza (24 milioik). Txostenean zehaztutako aurrekontutik 3.200 milioi dolar bideratuko dituzte Yemenera.

Venezuelarako, berriz, NBEk aurreikusi du 1.350 milioi dolar beharko direla, 3,8 milioi pertsonari laguntza emateko. Denbora luzez gatazkan dauden herrialde hauek ere beharko dute diru laguntza: Afganistan, Burundi, Irak, Siria eta Afrika Erdialdeko Errepublika.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)