ATZEKOZ AURRERA. Cosimo Caridi eta Ane Irazabal. 'Awlad. Hesiak Gainditu' dokumentalaren egileak

«Giza laguntzaren %2 soilik bideratzen da hezkuntzara»

Caridik eta Irazabalek dokumental bat egin dute, gatazkatik ihesi doazen haurrek eskolaratzeko zer muga dituzten azaleratzen duena.

Berria, Zihara Jainaga Larrinaga, 05-12-2019

Mohamed Shankal, Aya Al-zo’bi, Hadi Nasr Man El Din eta Muzhda Ashrafireb haurren istorioak batzen ditu Ane Irazabal (Arrasate, Gipuzkoa 1984) eta Cosimo Caridi (Turin, Italia, 1982) kazetariek egindako Awlad. Hesiak Gainditu dokumentalak. Hain zuzen, gatazkan dauden sorterrietatik ihes egin behar duten lau haurren egunerokoak nolakoak diren kontatu dute ikus-entzunezko horretan. Zehazki, haur horiengan eskolaratzeak edo ez-eskolaratzeak zer eragin duen erakutsi nahi izan dute; horretarako, Europa Mendebaldeko bi adibide eta errefuxiatuen kanpamentuetako beste bi aukeratu dituzte.

Zertan aldatzen da Jordaniako Zaatari kanpalekuan dagoen haur baten egunerokoa eskolara doanean?

ANE IRAZABAL: Eskolan oinarri bat jasotzeak balio dio haurrari ulertzeko, ezkontzeaz aparte, bizitzan aukera gehiago ere badituela. Azken finean, hezkuntzan inbertitu ezean, ezkontza goiztiarrak bultzatzen ari dira agintariak. Dokumentalean, adibidez, hori ikusten da Jordaniako ahizpen kasuan.

Zein da haien egunerokoa?

COSIMO CARIDI: Kanpamentuetan ez dute ezer egiteko aukerarik, janaria lortzeko ilara egitea baino. Ondorioz, haien harremanak kanpamentuetako pertsonetara eta familietara mugatzen dira. Haur horiek ezkontzen direnean bihurtzen dira heldu. Europa Mendebaldean, aldiz, eskolan gertatzen da aldaketa hori. Hortaz, migraziotik haratago doan kontua da. Hezkuntzarako sarbideak familiei eta haur horiei nortzuk diren aldarrikatzeko aukera ematen die.

Familiak kontziente dira eskolaratzeak duen garrantziaz?

C.C.: Kanpamentuetan egunero janaria hartzeko ilaran bi ordu egiten dituzten familientzat, beraiek ilaran denbora gehiago egin behar izatea esan nahi du haurrak eskolara joateak. Eta kontuan hartu behar da munduan daudenetatik haurren populaziorik handiena bizi dela kanpamentuetan. Horrek esan nahi du, hezkuntzan behar beste ez inbertitzeagatik, aukera asko daudela belaunaldi hori galtzeko. Europan duela 150 urtetik dugun eskubide bat da hezkuntzarena, eta gatazka lurraldeetan gerrak sortu aurretik ere bazuten.

Gatazketatik ihesi, Europa mendebaldera doazen haurren eskolaratzea nolakoa da?

A.I.: Dokumentalean desberdintasunak ikusi ditugu Oñatiko [Gipuzkoa] eta Berlingo haurren artean. Oñatin, esfortzu handia egin zuten, eta haurra berehala bihurtu zen komunitatearen parte. Ondorio ikaragarri onak izan ditu horrek haurrarengan. Berlinen, aldiz, nahiz eta hezkuntza sistema ona izan, bakardade handiagoa nabaritu dugu.

Europako politikariek behar besteko garrantzia ematen al diote gaiari?

A.I.: Europako herrialdeak errefuxiatuak hartzen ari direla diotenean, ez dira betetzen ari. Harrera, lo egiteko tokia eskaintzeaz gain, pertsona horietan inbertitzea ere bada. Eta horretan ez da esfortzurik egiten. Azken finean, Europa bere benetako aurpegia ematen ari da, larrialdiko erantzunak ematen ditu, baina egoera hori baino larriagoa da.

Zer egoeratan gelditzen dira haurrak?

A.I.: Europa denbora igarotzen uzten ari da, gaia saihesten du etengabe, eta horrek arrisku handiak sortzen ditu. Baina haurrek kontzientzia hartzen dutenerako, helduak izaten dira, eta orduan ohartzen dira etorkizunik ez dutela. Hots, hezkuntza formalik ez jasotzeak arriskuan jartzen die etorkizuna. Gaur egun, giza laguntzaren %2 soilik bideratzen da hezkuntzara, eta, ondorioz, belaunaldi osoei aukerak kentzen dizkiete, etorkizuna lapurtuz.

Zertan bereizten dira dokumentaleko lau haurren egunerokoak?

C.C.: Ume batentzat, kanpamentu batean egotea kanpin batean egotearen modukoa da. Humanitate handiarekin ikusten du bizitza, eta ez da arriskuen jabe. Baina Berlinen, ikastetxe eta hezkuntza sistema perfektu batean dagoen haurra ez dago kanpamentuetako haurrak baino zoriontsuago. Umeak ume dira, tokiaren arabera ere. Batik bat, etorkizunean lor dezaketen profilak bereizten dituzte.

Zer ondorio atera dituzue?

C.C.: Estatu guztiek eskaini behar diete hezkuntza formala herritarrei. Irakaskuntzako lehen 10-12 urteak ezinbestekoak dira, haurrak ulertzen has daitezen familiatik haratago zer rol duten gizartean, eta hori ez da gertatzen gatazka bizi duten haurrengan. Inpresio handia egin digu, haur horiek bost urte barru nola egongo diren hausnartzeak. Ardura sentsazio handia gelditu zaigu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)