Muga, eskubiderik gabeko gune

Errefuxiatuek Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan jasaten dituzten eskubide urraketak salatu dituzte hainbat eragilek. Frantziako Gobernuari behaketa batzorde bat eskatu diote

Berria, Oihana Teyseyre Koskarat, 05-12-2019

Eskubide urraketak, berehalako kanporatzeak, atxikitze ilegalak, kolpeak… Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarotzen duten errefuxiatuek jasaten duten egoera salatu zuten atzo goizean hainbat eragilek Hendaian (Lapurdi). Amnesty International, Munduko Medikuak, Mugarik Gabeko Medikuak, CIMADE eta Caritas elkarteek antolatu zuten ekintza. Momentu berean, Briancongo eta Mentongo mugetan (Okzitania), eta Dunkerqueko eta Calaisko mugetan (Frantzia) egin zituzten antzeko ekintzak. Euskal Herrian, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak bat egin zuen atzoko protestarekin, baita Irungo Harrera Sareak ere.

Euskotreneko geltokiaren sarreran gelditu ziren lehenik. Errefuxiatu askok erabiltzen duten garraiobidea da. Trenetik ateratzean, Frantziako Poliziak kontrolak egiten ditu «egunero», eragile horiek salatu dutenez. Atxiloketak ere ohikoak dira geltoki inguru horretan. Ondotik, alarma baten hotsa joarazi zuten eta isilik egon ziren jotzen zuen bitartean. Ekintza sinboliko horren bitartez, larrialdi egoera bizi dutela irudikatu nahi izan zuten. Santiago zubian bukatu zuten ekintza, «eskubide gabeko gunea» dela erakutsi nahi baitzuten. «Mugetan asilo eskaera ukatzen zaie; berehala kanporatzen dituzte, haurrak badira ere. Kasu batzuetan kolpeak ere jasotzen dituzte. Dituzten eskubideak zein diren ez zaie azaltzen. Eremu hauetan ez daukate eskubiderik», esan du Agnes Lerolle elkarteen bozeramaileak.

Joan den uztailean, behatoki bat osatu zuten CIMADE elkartearekin batera, Hendaiako atxikitze zentroaren inguruetan. «Guk behaketa egin dugularik, ez dugu eskubide urraketa kopuru adierazgarririk jaso ahal izan», esan du Lerollek. Baina zehaztu du Irungo Harrera Sarearekin harremanetan zeudela, eta. behaketa garaian, Irunera kanporatuak izan zirela errefuxiatu asko. Lerolle: «Arazoa da gu ez geunden tokietan jarduten zuela Frantziako Poliziak; urrunago. Helburua argia da: ez dute nahi beraien praktiken berri eman dezagun, egiten dutena ilegala delako».

Gobernuz kanpoko erakundeek eta tokiko elkarteek Frantziako Gobernuari jarrera aldatzea eskatzen diote. Amnesty International, Munduko Medikuak, Mugarik Gabeko Medikuak, CIMADE eta Caritas elkarteek Parisen egin zuten agerraldia mugetan ekintzak egiten ari ziren une berean: parlamentariei behaketa batzorde bat osatzea eskatu zieten. Lerollen ustez, horren bidez, egoera zertan den ikusten ahalko dute eta eskubideak errespetatuak izatea ahalbidetu. Frantziako Gobernuari «legez kanpoko praktikak» geldiarazteko eskatu zioten, eta «baldintzarik gabeko harrera duina» aldarrikatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)