Inmigrazioari buruzko araudi berria gogorregia dela diote Iparraldean

Aurreko gobernuek ere ez zutela sekula horrelakorik egin deitoratu du Cimade elkarte humanitarioak

Diario de noticias de Gipuzkoa, FRANCK DOLOSOR -, 19-11-2019

Inmigrazioari buruzko arau berriak testuinguru berezian aurkeztu ditu Frantziako Gobernuak buruzapiaren inguruko polemikaz gain duela egun batzuk Baionako meskitari eraso egin baitzion ultraeskuindar batek.

Macronzaleek begi onez ikusten dute kotak ezartzea, adibidez, langileak ekarrarazteko sail askotan profesionalak falta dira eta. Beharrak daudenez kanpoko gaitasunak beharrezkoak direla diote Gobernuaren aldekoek. Eskuin muturra, ordea, haserre dago Frantzian hiru milioi lagun lanik gabe daudelako. Le Penzaleen hitzetan Gobernuak hobe luke bertako herritar eta langileen formakuntzak hobetzea.

Medikuen artak izatea zailagoa eta luzeagoa izanen zaie etorkinei. Gobernu gogorrenek ere ez zutela sekula horrelako neurri zorrotzik indarrean eman deitoratu du Cimade elkarte humanitarioak. “Sarkozy eta Hollanden ildo beretik segitzen du Gobernu berriak desberdintasuna egin nahi baitu inmigrazio ona eta txarraren artean”, esan du Amaia Fontan Etorkinekin taldeko bozeramaileak. “Egoera guztiak kontuan hartu behar ditugu inmigrazioa gehi bat da eta ez arazoa, eta hori Europa osoan. Parisen La Chapelle auzoan dauden errefuxiatuak kanporatu dituzte beste behin ere. Jende horien artean badira egiazko errefuxiatuak erantzunen zain daudenak!”. Frantziaren harrera politika lotsagarria dela salatu du taldeak. Gogoratu du Alemanian badirela guneak jendari harrera ona egiteko erantzuna izan arte.

Vincent Bru Lapurdiko diputatu zentristak uste du Europak paper handiagoa jokatu beharko lukeela gai honetan, ez baita herrialde batean edo bestean mugatzen. Eta ez luke bakarrik barne ministeritzak kudeatu behar inmigrazioa. Bruren hitzetan, kudeaketa transbertsala egin beharko litzateke formakuntza hobetzeko Hezkuntza Sailarekin edota enplegua sustatzeko Lan eta Ekonomia ministeritzekin.

“Osasunari dagokionez, etorkinei sarbidea murriztea lotsagarria da baliabide oso gutxi ematen baitzaie, Frantziako osasun sailaren aurrekontuaren %0,01 besterik ez” aipatu du Amaia Fontanek. Fran-tziako jendartean dagoen kezkari Macronen Gobernuak horrelako neurriekin erantzun nahi diela deitoratu du ekintzaile lapurtarrak eta jendearengana pedagogia egitera joatea gomendatu du etorkinek inori ez dietelako ogirik kentzen.

Inmigrazioa aipatzen delarik Baionako Pausa zentrora begiratzen dute askok, azken hamabi hilabeteetan 9.000 migratzaile hartu dituztelako bertan. Italiak mugak itxi zituenetik milaka lagun Espainiatik sartzen dira Europan eta bidean Euskal Herria zeharkatzen dute. Urte batez Ipar Euskal Herriko elkargoak milioi bat euroren laguntza eman dio Pausari eta duela gutxi bere gain hartu du kudeaketa osoa. Egunero 100 lagun aterpetzen dituzte eta batez beste hiru egun igarotzen dituzte Lapurdiko hiriburuan.

Ehunka laguntzailerekin batera, Jean René Etchegaray Baionako alkate zentrista eta Elkargoaren presidenteak berehala erakutsi zien babesa etorkinei. “Legez kanpokoa baino gune alegala da, baina ezin diegu bizkarra eman gizon eta emakume hauei”. Mali, Boli Kosta edo Gineatik datoz gehienak eta Frantzia iparraldera joan nahi dute. Tartean adingabeak ere badaude.

Beste 120 etorkin inguru Ipar Euskal Herriko hainbat familien etxean bizi dira. Tokiko hamaika talde sortu dituzte harrera duina eman ahal izateko, askok gosea, kolpeak eta torturak jasan dituzte eta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)