Ramata Dieng. Poliziak hildako Lamine Dieng gaztearen arreba

«Barne etsai bat du Frantziak: arabiar eta beltz aurpegia dauka»

Frantziako poliziek 2007an hil zuten Lamine, Ramata Diengen anaia, immobilizazio teknika batekin. Geratu gabe dabil geroztik Ramata Dieng Poliziaren bortizkeriaren aurka, «fronte antirrazista bat» osatu nahian.

Berria, Hodei Iruretagoiena, 20-09-2019

2007ko ekainaren 17ko goizaldean izan zen. 25 urte zituen Lamine Diengek. Parisko 20. distrituko hotel batetik dei bat jaso zuen Poliziak. Gertu bizi zen Dieng, Bellevilleko Amandiers kalean, gurasoenean. Ramata Dieng arrebaren hitzetan, «poliziek ondo ezagutzen zuten, auzoko gainerako gazteak bezala». Bertsio kontrajarriak eman zituen Poliziak heriotzaren harira: kalean zegoela zioen komandante batek, hotelean aurkitu zutela DGS Segurtasun Zuzendaritza Nagusiko buru batek. Funtsean, bere kabuz hil zela: ahul zegoela, eta erori egin zela.

Urte luzez gertaerak berregiten aritu ostean, familiak argi du poliziek hil zutela Dieng, Poliziaren indarkeriaren aurkako elkarteek «hilgarritzat» jotako immobilizazio teknika batekin. Ramata Dieng: «Beso bietan bina polizia jarri ziren, besoak gorputzaren azpian baitzituen, eskuburdinak jartzea eragozteko. Denera, bost polizia zeuzkan gainean, eta poliziaburuak jarraitzen zuen bizkargainetik pasatzen. Lepoaren gainetik jarri zizkioten eskuburdinak. Larruzko gerriko batekin orkatilak lotu, eta furgoneta batera eraman zuten, beti aurpegia lurraren aurka. Polizia bat bizkar gainean jarri zitzaion, eta beste bat, hankak tolestuz, bi hanken gainean. Posizio horretan hil zuten: botaka egin zuen, eta botatakoa irentsita hil zen».

Noiz izan zenuten lehenengoz Lamineren heriotzaren berri?

36 orduren ondoren. Esan ziguten istripua izan zuela, eta pentsatu genuen moto istripu bat izango zela, motoa erabiltzen zuelako. Polizia etxera joan ginen, baina informaziorik ez zutela esan ziguten, eta deitu gintuzten hurrengo egunerako, hilaren 19rako. Azaldu ziguten polizia operatiboetan hildakoren bat badago, barne ikerketa bat egiten dutela familiari berri eman baino lehen. Hala egin zioten lehen autopsia, eta ondorioztatu zuten kokaina, alkohol eta kanabis gaindosi baten ondorioz hil zela. Polizia etxetik irteten ari ginela, komandante batek esan zigun hotelaren aurrean aurkitu zutela, aurrez DGSko buruak esandakoaren aurka. Bertsio kontrajarriak ikusita, salaketa jartzea erabaki genuen.

Non jarri zenuten salaketa?

Auzitegian, uztailaren 22an. Aurrez, autopsia egiten zuten mediku institutura joan ginen, gorpua ikustera. Kristal baten atzetik erakutsi ziguten: aurpegia bakarrik ikus zitekeen. Erizaina da gure ahizpa bat, eta berehala igarri zuen zauriak zituela aurpegian. Ez zen bateragarria gaindosiaren hipotesiarekin. Handik irtendakoan jarri genuen salaketa.

Zer erantzun izan zenuten?

40 egunez itxaron genuen epaile bat izendatu arte. Bitartean, Poliziak esan zigun gorpua errausteko baimena iritsi zela, eta joateko jasotzera. Ezetz erantzun genien. Manifestazioak ere egin genituen, esateko lur eman nahi geniola nebari, baina bigarren autopsia bat behar genuela lehenago.

Lortu zenuten?

Alderdi eta sindikatu guztiei idatzi genien, eta, azkenean, izendatu zuten epaile bat. 2007ko abenduan iritsi zen emaitza: Lamine asfixia mekaniko batengatik hil zela zioten bigarren autopsian, aurpegia lurraren aurka jartzeak eta buruko presioak eragindako itolarriagatik. 40tik gora hematoma zituen; dozena bat, buruan. Burmuin zati bat ateratzen hasia zela zehaztu zuten, eta arnas aparatuan zeukala botaka kanporatutakoa. Hala ere, ez zuten inor auzipetu 2012ra arte. Urte hartan, lekuko laguntzaile izendatu zituzten poliziak [lekukoen eta auzipetuen arteko estatus berezi bat da]. Ez zuten zigorrik jasotzeko aukerarik, eta garrantzitsuena, dosierrerako sarbidea zuten. Horrek ez du ezertarako balio.

Zer eskatu zenuten zuek?

Egintzak gertaberritzeko, zaurien kartografia eta Poliziaren bertsioa kontrajartzeko. Epaileak poliziei eskatu zien esateko nola zeuden jarrita Lamineren gainean. Epailearen idazkariak egin zuen Laminerena, eta poliziek ezin izan zioten eskuburdinik jarri hari bezala [lepoaren gainetik]. Beraiek aitortu zuten ezinezkoa zela zauririk eragin gabe.

Horren ondoren, zer egin?

Informazio guztiak eskatu genituen, aukera guztiak baztertu eta egia jakiteko. Epaileak 2014ko uztailera arte itxaron zuen auzia artxibatzeko. Argudiatu zuen immobilizazio teknika hori ez dagoela debekatua Frantzian, eta, beraz, ezin zituztela poliziak zigortu. 2015eko ekainean, Parisko instrukzio auzitegiak berretsi zuen erabakia, eta 2017ko ekainean, Kasazio Auzitegiak. Abenduan, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo genuen, eta erabakiaren zain gaude. Hamabi urteko bidea da; erraz esaten da.

Zuen borrokak beste kasu batzuk ezagutarazten lagundu du?

2007an ez zegoen ezer. 2010ean osatu genuen Vies Volees [Bizitza Lapurtuak] kolektiboa, eta Frantzia osoan barrena ibili nintzen beste biktima batzuen senideekin egoteko. Esaten nien antolatu egin behar ginela, kasuak ikusarazi eta elkartasuna sortzeko.

Erantzun ona izan zenuen?

Dozena bat familia elkartu gara. 2011n antolatu genuen Poliziaren biktimen aldeko lehen martxa nazionala: 200 pertsona ginen; aurtengo martxoan, 10.000. Geroztik, immobilizazio tekniken aurkako kanpaina hasi dugu, eta sindikatuekin eta eragileekin zubiak eraiki nahian ari gara, fronte antirrazista bat osatzeko.

Zergatik fronte antirrazista?

Ikusi dugulako Poliziak hildakoak beti direla beltzak edo arabiarrak. Azken urteetan orokortu egin da Poliziaren biolentzia militante sozial eta politikoen aurka, baina badago ezberdintasun bat: batzuk egiten dutenagatik hiltzen dituzte; beste batzuk, direna izateagatik. Lan erreformaren aurkako borrokan zauritutakoen asanbladarekin ere egiten dugu lan. Garai hartan 2016 hasi ziren aurrez manifestazioetan erabiltzen ez zituzten teknikak erabiltzen; herri auzoetan, ordea, ezagunak genituen.

Laminerena muturreko indarkeria kasua da. Egunerokoan, nola bizi duzue errepresioa herri auzoetan?

Zapalkuntza gisa. Polizia berberek egunero mila aldiz kontrolatzen dituzte gazte berberak: umiliazioak egunerokoak dira, zakurrekin etortzen dira 13 urteko gazteen gainera… Etsaitasun bat dago. Zaintza taldeak eratu ditugu, gurasoekin, anai-arrebekin, auzoa patruilatu eta Polizia kontrolatzeko. Kontrol arrazisten aurkako kolektibo batekin ere ari gara, paperik gabeko immigranteekin, migratzaileen etxeekin… Horrela ari gara frontea osatzen. ACAT Torturaren Ezeztapenaren Aldeko Ekintza Kristauaren arabera, hamabost bat hildako daude urtero Poliziaren eraginez. Urtero hamabost familia gehiago izan behar ginateke, baina ez gaude denok. Beste kolektibo bat ere badago [Urgence, notre police assassine], bost familiak osatua.

Anaiaren kasuan, poliziek zer ondorio izan dituzte?

Ez dute galdu ordubeteko soldata ere; postuz igo dituzte. Kolektiboko familia bakar batek ere ez du lortu epaiketara iristea. Azken batean, hiltzeko baimena dute.

Azken urteotan poliziak ere manifestatu dira, esanez zaila dela polizia izatea. Zer iritzi duzu?

Aparatu guztien babesa dute. Polizia estatuaren beso armatua da, eta bere politika ezartzen du. Iritzi publikoaren bataila dago hor: biolentzia justifikatzeko, gainerakoak kriminalizatzen dituzte. Jende armatua badago jende desarmatuaren aurrean, ez dira gai kudeatzeko? Kalean jendea hil ahal izatea heriotza zigorra ezartzea da.

Aldirietako auzoak «Errepublikaren lurralde galduak» direla esan izan dute zenbaitek. Frantziako herritar sentitzen zarete?

Ez, gu bigarren mailako herritarrak gara, salbuespen zuzenbide batean bizi garenak. Ez gara frantsesak sentitzen, eta nik ez dut izan nahi. Frantziaren historia, esklabotzaren kodetik indigenen kodera, beti da eskubiderik gabeko pertsonak sortzea. Jaques Chiracek zioen: «Pentsa frantses batek ikusten duela bizilagunak emazte bat baino gehiago dituela; zarata eta kiratsa erantsiz gero, jasanezina da». Hemen jaio eta bizi diren gazteak daude, besterik ezagutu ez dutenak, baina paria hutsa direnak. Ez dute frantziar nazioarekiko atxikimendurik. Eta ez da sentsazio bat bakarrik, errealitatea da: ez ditugu eskubide berberak, ez gara leku berean bizi… Barne etsai bat du Frantziak: arabiar eta beltz aurpegia dauka.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)