Errefuxiatuen inguruko dokumentala, bihar Zarautzen

Migratzaileen egoera salatzen duten artelanak egongo dira Zigordia kalean ikusgai igandera arte

Diario de noticias de Gipuzkoa, Andrea Zipitria, 13-09-2019

ZARAUTZ – Errefuxiatuen gaiaren inguruko hausnarketa, arazoa ikusaraztea, oroimena aldarrikatzea eta elkartasunerako deia suspertzea ditu helburu Basotik Itsasora dokumentalak, Beñat Gereka getariar zuzendariaren arabera. Duela hilabete batzuk izan zen aurreestreinaldia, eta bihar eskainiko dute Zarauzko Modelo aretoan, 20.30ean.

“Gursetik Mediterraneora historia zirkularra bilakatu dugu. Basoa iragana eta itsasoa orainaldia, hortik dokumentalaren izenburua. Bigarren Errepublikaren erorketaren ostean milaka errepublikarrek eta nazioarteko brigadistek muga zeharkatu behar izan zuten. Horien artean, Gursek (Camp de Gurs) errefuxiatu talde handi bat hartu zuen. 80 urte geroago Mediterraneoa zeharkatzen dabiltza milaka pertsona Siriatik eta Libiatik alde eginez. Antzina gertatu bezala, iritzi publikoa zatikatuta dago eta xenofobia Europan barrena zabaldu da zoritxarrez”, zehaztu zuen Gerekak.

Proiekzioa historia kronologiko bat izateaz haratago doa eta bidai horretan artea eta kultura bilakatu ditu Gerekak bidaide. “Gurseko bizi egoera lazgarria izanagatik ere, kulturak eta arteak kontzentrazio esparruan lekua hartu zuten. Barrakak kultura eta arte aretoetan bilakatu ziren. Gursen gertatu bezala arteak bere tartea hartzen du Mediterraneoa zeharkatzen duten errefuxiatuen artean”, gehitu zuen.

Sortzaileek dokumentalak harrera bikaina izatea espero dute, “oso pozik gaude eta emaitzarekin. Ikusentzunezkoak ikusleei hausnarketa eragiten die eta hori bilatu nahi izan dugu”, borobildu zuen.

Hotz Zarautz elkarteak parte hartu du proiektuan, Txikota Komunikazioarekin eta Dantzazekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauzko Udalaren eta Getariako Udalaren laguntzarekin.

ERAKUSKETA.- Zarauzko Zigordia kalean gai bera landuko duten argazki erraldoiak daude ikusgai, migratzaileen egoerak salatzeko helburuarekin eta Udaletik jakinarazi dutenez, igandera arte izango dira artelanak bertan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)