Estatuek kuotak erabaki zain

Lampedusa (Italia) uhartetik bost itsas miliatara dago 'Open Arms' ontzia. Luxenburgo, Frantzia, Alemania, Espainia, Portugal eta Errumania migratzaileak hartzeko prest daude

El País, Igor Susaeta, 16-08-2019

Arrazoi humanitarioak argudiatuta, Italiako auzitegi batek lurraldearen uretan sartzeko baimena eman zion, herenegun, Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen izen bereko ontziari. 147 migratzaile daramatza barruan, eta Lampedusa (Italia) uhartetik bost itsas miliatara zegoen atzo goizaldean. Matteo Salviniren betoa dela eta, ezin da porturatu. Baina Italiako Barne ministro eskuin muturrekoak debekua kenduko du EB Europako Batasuneko zenbait herrialdek etorkin horiek hartuko dituztela adierazten dutenean. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez, sei herrialde daude horretarako prest: Frantzia, Alemania, Errumania, Portugal, Espainia, eta Luxenburgo. Europako Batzordearen koordinaziopean estatuek banaketa kuotak erabaki bitartean, iheslariak lehorreratu zain daude oraindik ere.

Sos Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen Ocean Viking itsasontzia ere Mediterraneo itsasoan dago, 356 migratzaile erreskatatu barruan daramatzala. Open Arms-en auzia bideratuz gero, Ocean Viking-enari aurre egin beharko diote EBko agintariek. Horregatik, Libiatik itsasoratu eta Italiako kostaldera ailegatzen diren errefuxiatuak hartu eta banatzeko «mekanismo iraunkor bat» adosteko eskatu die Contek klubeko estatu kideei.

Espainiako zenbait komunikabidek Moncloako iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Open Arms-en dauden migratzaileen %10 hartuko du Espainiak. Ez ditu gehiago hartu nahi, ez kasu honetan ez beste batzuetan, pentsatzen baitu nahikoa jasotzen dituela Marokotik. Horixe izan zuen hizpide, atzo, Oscar Camps Open Arms-en sortzaileak. TV3 telebista katean emandako elkarrizketa batean eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari osa dezala «ardatz bat» Frantziarekin eta Alemaniarekin, eta «biratu» dezatela Bruselak Mediterraneoan ezarrita daukan migrazio politika.

Alemania ere prest legoke Ocean Viking itsasontzian doazenetako batzuk hartzeko. Angela Merkelen gobernuak ez du azaldu, dena dela, ez Contek, ez Campsek proposatutako bidea ibiltzeko asmorik.

2015eko irailean, Italiara eta Greziara iritsitako errefuxiatu kopuruak gaindituta, EBko kideek erabaki zuten estatu bakoitzari asilo kuotak ezartzea, bi urteren buruan 160.000 immigrante birkokatzeko. Halere, ia estatu bakar bat ere ez zen hurbildu ere egin ezarritako kuotetara.

Kostazainen jazarpena

Eta adostasun falta horren ondorioak pairatzen ari dira Open Arms-en barruan daudenak. Lazioko Lurralde Auzitegi Administratiboak Italiako uretan sartzeko baimena eman zion, herenegun, itsasontziari, baina, barneratu ondoren, Italiako Mugako Poliziaren jazarpena jasan behar izan zutela salatu zuen Ricardo Gattik, GKEaren Italiako misioburuak.

Salvini Italiako lehen ministrordeetako bat ahalegindu da erabaki judiziala bertan behera uzten, Estatu Kontseiluan errekurtso bat aurkeztuz. Herenegun gauean urgentziaz bildu zituen ministro guztiak, baina ezin izan zuen debeku agindua betearazi, Danilo Toninelli Garraio ministroaren eta Elisabetta Trenta Defentsa ministroen babesa behar zuelako, eta horiek uko egin ziotelako eskaerari. Hain zuzen, M5S Bost Izar Mugimendukoak dira bi ministro horiek, eta Salvini, Legakoa, etsaituta dago azken urtean koaliziokide izan dituenekin. Joan den astean, gobernua hautsitzat jo zuen.

Trentak atzo adierazi zuenez, ez da komeni ahaztea «indarkeria» jasan duten haurrak eta gazteak daudela ontzian. «Politikak ezin du, inoiz, humanitatea galdu». Salvinik erantzun zion humanitatea ez dela GKEei eta «trafikatzaileei»laguntzea, «baizik eta serioski Afrikan inbertitzea, eta Italiako portuak ez irekitzea».

Open Arms-ek duela bi aste egin zuen misio honetako lehendabiziko erreskatea. Azkeneko astean barruan zihoazen hamabi pertsona ebakuatu dituzte Maltara eta Italiara, osasun arazoak zirela medio. Lampedusa parean dago orain. Ekain bukaeran, Sea Watch GKEaren izen bereko itsasontziak hiru egun igaro zituen egoera berean, Carola Rackette kapitainak 40 migratzaile zeramatzan ontzia porturatzea erabaki zuen arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)