«Ekuadorko indigenek oso ondo ulertu dute AEBen inperialismoa erabat kaltegarria dela»

NIDIA ARROBO CONAIE Ekuadorko indigenen federazioko presidentea

Berria, 25-05-2006

Arrobok salatu du Estatuak herri indigenen eskubideak sistematikoki urratzen dituela; indigenek, ordea, herritar guztien aldeko borroka egiten dutela dio

JUANMA SARASOLA

CONAIE Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioko presidentea da Nidia Arrobo. Euskal Herrian izan berri da, Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkarteak gonbidatuta. CONAIEk Ekuadorko hamabi nazionalitate indigenak biltzen ditu, eta 1985etik, sortu zenetik, nazionalitate horien eskakizunei eta herri indigenen arazoei erantzuten ahalegintzen da.

Zeintzuk dira indigenen arazo nagusiak?

Herri modura ditugun eskubideak etengabe eta sistematikoki urratzen dizkigute, eta hortik datoz arazo nagusiak. Lurra eta lurraldetasuna izateko eskubidea, kultura eta hizkuntza garatzekoa, parte-hartze ekonomikoa parekotasunean egitekoa, berezko espiritualtasuna eta berezko antolaketa politikoa izatekoa… Herri guztiek dituzten eskubide horiek guztiak urratzen dizkigute.

Eta zer eskatzen ari dira Ekuadorko indigenak CONAIEren bidez?

Aro modernoko lehen matxinada indigena Ekuadorren gertatu zen, 1990ean, Chiapaskoa eta Boliviakoa baino lehen. Hain justu, egungo eskakizunak ordu hartan izandakoen segida dira. 1990ean Konstituzioaren I. artikulua aldatzea lortu genuen; Ekuadorko Estatua sortu zutenetik (1830) herri indigenak baztertu zituzten. Matxinada hartako eskakizun nagusia hau zen: nazio eta kultura bakarreko estatua izatetik nazio askoko estatua izatera igarotzea, herri indigenek dagokien ordezkaritza eta arlo politikoan erabakiak hartzeko ahalmenak izateko. Hortik hamaika behar eta eskakizun eratorri dira bete gabe daudenak, hala nola Ekuadorko Amazonia eskualde indigenatik petrolio konpainiak kanporatzea. [AEBetako] Texaco konpainiak bakarrik, 18 urtez petrolioa ustiatu ondoren, gutxienez 430 urte beharko dira Amazoniaren oso ekosistema ahula da %80 leheneratzeko, beste %20 betiko eta erabat suntsitu baitu hark. Gainera, osasun arazo larriak eragin ditu; azal nahiz erraietako minbizia, malformazioekin jaiotako umeak… CGC konpainiak, bestalde, herri sarayakuaren hainbat eremu minatu eta militarizatzea lortu du. Horren aurkako epaiketak hasita daude.

Beste eskakizun indartsu bat subiranotasun nazionala lortzea da. Indigenek oso ondo ulertu dute AEBen inperialismoarekiko menpekotasuna erabat kaltegarria dela beren interes eta eskubideetarako. Herri gisa existitzeko eskubidea ere arriskuan dago neoliberalismoarekin.

Zertan egiten dute bat erakunde indigenek eta beste mugimendu sozial eta politikoek, eta zertan aldentzen dira?

Lehenik zehaztu nahi dut alderdi politikoek ez dituztela indigenen arazoak ulertzen, edota ez dutela ulertu nahi. Arrazakeria dute abiapuntu, eta beren printzipio dogmatiko eta programatiko guztiak Mendebaldetik datoz, baita marxismoa eta sozialismoa ere; orain arte gure sustraiei ez diete erantzun. Herri mugimenduari dagokionez, 1990eko matxinadatik lehen indar politikoa bihurtu zen mugimendu indigena, arlo herrikoian. Sindikalismoa oso atzean geratu da ekuadortar arruntaren beharrei erantzuteko orduan. Herrialdea gero eta gehiago pobretzen ari da, eta sindikatuek deialdi gaitasuna galdu dute, baina CONAIEk matxinada indigenarako deiak egin dituenean edota protestak eta proposamenak egin dituenean, horiekin bat egin dute sindikalistek, baita mugimendu ekologistak, inarriko kristauen komunitateek, emakumeen mugimenduak eta ikasleenak ere bai. Sektore zuri-mestizo pobretuak ere eskakizun horiei lotzen zaizkio. Izan ere, mugimendu indigenak ez ditu soilik berari dagozkion aldarrikapenak egiten, herri osoari eragiten dizkionak baizik.

Gobernuak zer dio batasun horretaz?

Arrazakeria erabiltzen du herritarrak banantzen saiatzeko. ‘TLC sinatzen ez badugu, indiarren errua izango da, eta lanik eta inbertsiorik gabe geratuko gara’, beldurrezko mezua zabaltzen du, elkartasunezko harremanak hausteko. Halere, herritarrak sentimendu arrazista gainditzen ari dira, eta mestizoak beren sustrai indigena ezagutzen eta onartzen ari dira, beren identitatearen zati baita hura.

Zertan oinarritzen dira indigenek garapenerako eginiko proposamenak?

Ura eta lurrak erabiltzeko zein baliabide naturalak ustiatzeko legeez gain, hizkuntzak eta kulturak babestu eta sendotzeko lege proposamenak biltzen dituen proiektu politiko alternatiboa dugu, ez bakarrik indigenei begira; herri osoa hartzen dugu aintzat. Duela 500 urte Atahualpa buruzagia hil zutenean esan genuen: ‘Egunaren erdian gautu du’; orain, ordea, ‘gauaren erdian eguna argitu du’, diogu. Ekuador plurinazionalaren ametsa lortzeko bidean gara.

TLC Merkataritza Askerako Itunaren kontra protesta handiak izan dira Ekuadorren, eta haren gaineko erreferenduma eskatu dute herritarrek. Uste duzu Gobernuak hori antolatuko duela?

Alfredo Palacio behin-behinean dago presidente, besterik ez zegoelako. Herritarrok gogor egin genuen lan Lucio Gutierrez aurreko presidentea botatzeko. Palaciok hasieran erreforma politikoa egitea eta TLCren gainean erreferenduma antolatzea onartu zuen, baina AEBen presioagatik atzera egin eta hura sinatu nahi du. Martxoko protestekin horren aurka mezu sendoa bidali genion hari.

Urrian hauteskundeak izango dira. Indigenen ordezkariak agintera iristeko aukera dago, Bolivian bezala?

Gutierrezekin lortu genuen, aliantza eginda, baina hark traizioa egin zigun. Bolivian indigenak populazioaren %80 dira, baina Ekuadorren %30 soilik; horregatik, aliantzak eta elkarlana jorratu behar ditugu. Oinarritik joan behar dugu herritarren boterea eraikitzen.

Hego Amerikan zabaltzen ari den olatu ezkertiarrari batuko al zaio Ekuador?

Evo Moralesek Bolivian baliabide naturalak nazionalizatu izana eredugarria da. Dena den, Ekuadorko ezkerrak asko du ikasteko sustrai indigenetatik. Gainera, pertsonalismoak gainditu, eta herriari eman behar dio bidea. Pixkanaka eraikiko dugu Simon Bolivar, Jose Marti, Che Guevara eta gure buruzagi historikoen aberri handia.

“Ezkerrak asko du ikasteko sustrai indigenetatik. Gainera, pertsonalismoak gainditu behar ditu”

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)