ATZEKOZ AURRERA. Pape Niang. Etorkina

«Argi dut: Afrikan dago nire etorkizuna»

Afrikatik Europara bidean asko sufritu duela dio Niangek. Hamar urte daramatza Bilbon, eta, orain, Mikel Garcia kazetariak haren bizipenak bildu ditu liburu batean: 'Pape Niang: hasiera berri bat'.

Berria, Uxue Gutierrez Lorenzo, 12-06-2019

Pape Niang (Dakar, Senegal, 1971) denda batean beharrean aritzen zen sorterrian, eta negozioa «ondo» zihoan. Europako «luxuarekin» liluraturik, erbesteratzea erabaki zuen, «bizi aldaketa»baten bila. Senegal, Mauritania, Maroko, Espainia. Bidaia luzea eta «sufrimenduz betea» egin du, eta, egun, Bilbon bizi da. Mikel Garcia Argia-ko kazetariak Niang ezagutu zuen, eta haren istorioa paperean jartzeko modukoa zela erabaki zuen. Pape Niang: Hasiera berri bat idatzi du kazetariak, senegaldarraren bizitza oinarri hartuta.

Mikel Garciak zure istorioa izan du abiapuntu, baina zurearen eran beste edozein migratzailerena izan zitekeela diozue. Antzekoak al dira zuen istorioak?

Denok irteten gara sorterritik era berean. Gure lurraldea atzean uzten dugu, beste lurralde batean zerbait bilatzeko. Bidea berdina da: sorterritik irten, bidaia egin, eta helmugara iritsi. Eta helmugan beti dago sufrimendua eta esplotazioa.

«Hasiera berri bat» dio liburuaren azalak. Zein da hasiera berria?

Egunero hasten da zerbait berria. Atzo egin zenuena gaur ez duzu egingo; gaur beste zerbait egiten ari zara. Norbanako bakoitzaren egun bakoitza hasiera berri bat da. Are, zure etxetik alde egiten duzunean, une oro ari zara hutsetik hasten.

Zuk aurkitu duzu hasiera berri hori?

Ez dut uste. Halere, hori oso erlatiboa da. Nire ingurukoen artean, badaude hobeto bizi direnak eta baita okerrago bizi direnak ere. Gehienak, okerrago.

Senegaletik atera zinenean, zer irudi zenuen Europaz?

Afrikarrek Europaz dugun irudia ona da; hori erakusten digute. Errepide handiak, etxe orratzak eta auto dotoreak. Luxua. Baina errealitatea ez digute erakusten. Hona zatozenean, errealitatearekin egiten duzu topo. Telebistan ez dira ageri kalean lo egiten dutenak; ez dira ageri zabor artean janaria bilatzen dutenak. Luxua muturren aurrean jartzen dizutenean, uste duzu beharbada posible dela bizitza berri bat hastea bertan. Errealitatea beste bat da. Alderantziz ere gertatzen da. Afrikaren aurpegi tristea bakarrik ezagutzen dute hemen: gerra eta gosetea, dena da heriotza. Inoiz ez dute benetako Afrika erakusten.

Nolakoa da benetako Afrika?

Afrika aberatsa da. Afrika baliabide naturalez josita dago.

11 urte iragan dira Afrika utzi zenuenetik. Zer balorazio egiten duzu?

Galdera zaila da hori. Senegalen geratu ziren lagunak ni baino hobeto bizi dira egun. Familia eta lana dituzte, eta ez dute eguna igarotzen polizia non ibiliko ote den galdezka. Baina denbora horrek guztiak zerbaitetarako balio izan dit: helduagoa naiz, mentalki eta bizipenetan. Badaude sekula berriz egingo ez ditudan gauzak; lehena, patera batera igotzea. Inoiz ez.

Orain ez, baina, atzera egiterik bazenu, berriz egingo zenuke?

Pateran etorri? Ez, ezta zoratuta ere.

Zergatik?

Immigrazioan dena da sufrimendua. Oztopoak daude etengabe. Afrikan bertan hasi nintzen sufritzen, eta Europara iristea are okerragoa izan da. Txalupara igotzen zarenean, gorpuak ikusten dituzu Mediterraneoan flotatzen. Gustatuko litzaidake europarrak txalupa batean sartu eta gorpu horiek ikustea. Ikus dezatela, bizi dezatela, pertsona horiek uler ditzaten. Ausartak gara gure aberrian, eta ausartagoak hona [Europara] gatozenean.

Hortaz, ez daudenentzat ere bada liburua?

Noski. Ez dut nire biografia argitaratu nire aurpegia egunkari bateko azalean ager dadin; horrek ez du ezertarako balio. Helmugara iristeko ilusioz etxetik alde egin zutenentzat da hau; ilusioz alde egin eta inoiz iritsi ez direnentzat.

«Gazte iraultzaile» horientzako aholku bat da?

Espero dut nire esperientzia baliagarria izatea gazte horientzat, birritan pentsa dezatela bidaia abiatu aurretik. Oso gogorra da.

Nolakoa da zure bizitza prozesu horren guztiaren ondoren?

Kooperatiba batean egiten dut lan, Artean, eta unean-unean bizi naiz. Ez dut planik biharko. Gauza bat dut argi: nire etorkizuna Afrikan dago.

Zer behar duzu itzuli ahal izateko?

Itzultzea ere ez da erraza. Nonbaitetik alde egiten baduzu dena atzean utzita, bueltan hutsetik hasi behar duzu, eta hori ondo prestatu behar da. Afrikan duten irudia da Europara bazoaz diruarekin bueltatuko zarela, aberastuta. Halere, beharbada nahi nuena lortu gabe itzuliko naizen arren, urte hauek zerbaitetarako balio izan didate; ezin naute engainatu, badakit zer dagoen.

Zer sentitzen duzu zure bizitza liburu batean ikustean?

Nik uste dut irakurleak hunkitu egiten direla. Nire esperientzia kontatzen dut, eta uste dut horri esker posible dela askok etorkinen inguruan duten iritzia aldatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)