Eskubide guztiak pertsona guztientzat

Berria, , 25-04-2019

Hauxe da Europa demokratikoan daukagun panorama. 35.597 hildako Europara heldu nahian 1993tik hona, bertaratzerako orduan haien segurtasuna bermatzen duen biderik eskaini ez zaielako. Mare Nostruma Mare Mortuma bilakatu da: itota hil direnen itsasoa. Oraindik orain, milaka pertsonek noraezean eta egoera negargarrian —zinezko kontzentrazio esparruetan— urteak daramatzate konponbide baten zain, Europa hegoaldeko herrialdeetan gatibu. Zeharkaldian, gainera, ohikoak dira emakumeen kontrako bortxaketak eta esklabotza sexualera bideratzeko asmoz egindako bahiketak.

Azken urteotan, gainera, mugak ezabatu nahi omen zituen Europako Batasunak harresi gehiago sortu ditu, bai estatuen artean eta baita horien barruan ere. Munduko beste edozein herrialdek baino gehiago, Trump bera kontuan hartuta. Europako mugen zaindari berriak dira orain barne mailako mugez arduratzen direnak, eta horrek estatuen subiranotasunaren ahultzea ekarri du. Aldi berean, migratzaileen jatorrizko herrialdeetan (Afrika, Asia), hango polizia eta miliziak entrenatzen dihardute, gerratik ihesi datozen pertsonen mugimenduak oztopatzeko. Galdera da: Zenbat diru publiko bideratuko da Marokon edo Turkian eraiki nahi diren kontzentrazio/atxiloketa esparruetara, europarron eta migratzaileen bizi baldintzak hobetzera bideratu beharrean?

Azkenaldian, gobernu europarrak sistematikoki ari dira onartzen migratzaile eta errefuxiatuen bazterketa eta kanporatzea ahalbidetzen duten politikak. Interes ekonomiko zehatzek baldintzatutako erabakiak dira denak. Eta horrekin batera, benetan larritzekoa da ultra eskuindarren eta neofaxismoaren igoera, bai Europako gobernantza prozesuetan, bai eta populazioaren sektore zabaletan ere.

Izan ere, sektore horiek guztiak pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen aurkako gorrotoa sustatzen ari dira, eta egungo gizartean bizi ditugun hutsune eta gabezia guztien erantzule egin nahi dituzte berauek: langabezia, soldaten murrizketa, krisi sozial eta ekonomikoa, delinkuentziaren eta matxismoaren igoera. Muturreko indar horiek, sarriegi, euren burua demokratatzat definitzen duten alderdi politikoen babesa izan ohi dute. Eta alderdiok dira gero, han eta hemen, diskurtso horiek baliatuz, politika migratzaile bidegabeak ezartzen dituztenak, hala nola, kanporatze masiboak eta mugen itxiera. Bizitzea nahiz migratzea bezalako oinarrizko eskubideak ukatzearen ondorioz, Mediterraneoko itsasoan, Afrikako basamortuetan eta bestelako ezlekuetan milaka pertsona heriotzara kondenatuz.

Era berean, politika neofaxistek gizarte eredu zehatz bat elikatzen dute: Indibidualismoa, lehia, ezberdintasun sozialak eta hierarkia oinarri dituen jendartea, hain zuzen ere. Jendarte autoritario eta patriarkala; baztertuekiko, txirotuekiko eta zaurgarrienak diren gizarte sektoreekiko gorrotoa eta bazterketa areagotzen duen eredua. Desberdin izan behar hori sufritzen eta borrokatzen ari direnak; izan txiroak, etorkinak, prekarioak, emakume intsumisoak nahiz disidenteak oro har, jendartetik baztertu eta kanporatu nahian dabiltza.

Indar politiko neofaxisten igoerak, eta hurbilean ditugun eskuineko alderdiekin errazegi lortu dituzten aliantzetatik sortutako estrategiak, eragindako lehenengo biktimak dira etorkinak eta errefuxiatuak. Indar politiko horien areagotzeak baina, hemendik gutxira, sistematik kanpo utzi nahi diren pertsona horien denen kontrako errepresioa ekarriko du. Batez ere, desadostasunetik bereizketa hori borrokatzen dutenen kontrakoa. Eskuineko indar politikook berdinen arteko eskubideak eta askatasuna defendatzen dituen pentsamendu eta ekintza politiko-sozialaren bazterketa bilatzen baitute. Finean, duintasuna, errespetua, elkartasuna eta demokrazia defendatzen duen pentsamendua da indargabetu nahi dena.

Prozesu horri aurre egin behar zaio, eta horretarako migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen aldeko jarrera irmoa eta mobilizazio soziala ezinbestekoak dira. Zirkulazio askatasunaren aldeko aldarria, batez ere. Europan, azken hilabeteotan, manifestazioak etengabeak izan dira, horietako asko oso jendetsuak. Aldeak alde, guztiek helburu bera dute: Ahulenak eta zaurgarrienak diren sektoreek sufritzen duten errepresioaren kontrako borroka. Askotariko aukerak ditugu babesa adierazteko. Horietako bat maiatzaren 5ean gauzatuko dena Europako hainbat hiritan. Europar hauteskundeen atarian, arestian aipatutako joera ultraeskuindarrei aurre egingo diogula ozen adierazteko.

Europako hainbat hiritan, eta baita hemen ere, zelan ez. Durangon. Besarkada kolektibo bat irudikatu nahi duen ekintza publiko baterako deia zabaldu nahi dugu. Gizarte hierarkiko, zatitu eta baztertzaile baten aurrean, elkartasuna eta ezberdinen arteko berdintasuna helburu duen keinu kolektiboa. Gu ere hantxe izango gara.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK IZENPETU DUTE: Juana Aranguren, Juanjo Alvarez, Adela Asua, Bernardo Atxaga, Joxerramon Bengoetxea, Garbiñe Biurrun, Marian Diez, Gorka Espiau, Helena Franco, Daniel Innerarity, Maixabel Lasa, Anjel Lertxundi, Irantzu Mendia, Zelai Nicolas, Lourdes Oñederra, Edurne Portela, Ramon Saizarbitoria, Pello Salaburu, Kirmen Uribe, Ramon Zallo, Mario Zubiaga, Iban Zaldua, Gemma Zabaleta, Imanol Zubero eta Joseba Sarrionandia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)