SOSLAIA. Santiago Abascal

45 graduko biraketa

Berria, Kristina Berasain Tristan, 25-04-2019

Santiago Abascalek (Bilbo, 1976) aztarna propioa jarri behar zuen arbasoen arrasto politikoan. Aitona Amurrioko alkate izan zuen frankismoaren urteetan, eta aita udalerri bereko zinegotzi trantsizioan. ETAren mehatxupean bizi zen familia, eta esan izan du horrek sakon markatu zuela; horrela justifikatu izan du urteetan kalera pistola batekin atera izana; Smith & Wesson batekin.

Alderdi Popularreko txartela etxean bertan aurkitu zuen, eta 18 urterekin eman zuen izena duela bost urtera arte bere etxea izan zuen alderdian. Laudioko zinegotzi gisa ekin zion ibilbide politikoari, 1999an, eta bi agintaldi egin zituen kargu horretan, 2007ra arte. Ordutik, gora egin zuen, poliki baina etengabe: Arabako Batzar Orokorretatik (2003-2004) Eusko Legebiltzarrera (2004-2009); eta PPko EAEko Belaunaldi Gazteen presidentetzatik (2000-2005) EAEko PPko Zuzendaritzako kide izatera (2000-2013).

Soziologia ikasketak egin zituen, baina argi zegoen estatu mailan ere aztarna utzi nahi zuela. Espainiako Nazioaren Defentsa Fundazioa eratu zuen 2006an. Ordurako, harreman kuttuna zuen Jose Maria Aznarrekin. PPko buruzagiak laudorioa idatzi zion La farsa de la autodeterminación (Autodeterminazioaren fartsa) tesiaren hitzaurrean: «Gizon askea da, ez duena amore ematen injustiziaren, gezurraren eta axolagabekeriaren aurrean». Idilio baten hasiera zen. Gerora maiz eman zizkioten elkarri, ahoan irribarrea zutela, bixkarrekoak eta bostekoak.

PPn terrorismoaren kontrako politikaren harira sortu zen arrakalan argi zegoen non zeuden lerratuak. Euskal Herrian, Abascalek Maria San Gilekin egin zuen bat; Madrilen, Aznarrekin. Mariano Rajoy presidentetzara iritsi zenean egin zuen 45 graduko biraketa; eskuinetik eskuineragokoa. PPk Valentzian 2008an egin zuen kongresuan emendakin bat sustatu zuen alderdiaren jarrera epela salatzeko, eta, ordutik, gero eta gehiago joan zen urrunduz buruzagitzan zeuden alderdikideetatik.

Abascalek 2013ko azaroan utzi zuen PP, Rajoyri leporatuta alderdiaren printzipioei traizio egin ziela; aldi berean, Aznar PPk DNA galdu zuela esaten ari zen. Handik hilabetera sortu zuen Vox. 2016ko martxoaren 5ean izendatu zuten alderdiko presidente, eta orduan esan zuen alderdiak ateak irekiak zituela Aznarrentzat. Pablo Casado PPren buruzagitzara iristean hasi zen mikazten bien arteko maitasuna. Madrilen urrian egindako mitinean, Abascalek «eskuin koldarra» izatea egotzi zion PPri. Aznarrek martxoan erantzun zion esanez inork ez diola hori esaten aurpegira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)