'Aita Mari' ontzia Lesbosen da, Greziaren aginduen zain

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak azaldu du Libian «guda irekia» dagoela eta handik ihes egiten dutenei laguntzeko «beharra» dagoela

Berria, , 23-04-2019

Aita Mari ontzia Grezian dago jada, Lesbos irlan. Atzo heldu zen inguru horretara. Kios uhartean egin zuen lehen geldialdia, eta han utzi zuen zeraman materiala: jantziak, botikak… Lesbosera mugitu zen gero. «Orain, zain gaude, ea Greziako agintariek zer esaten duten», azaldu du Iñigo Gutierrezek, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko idazkariak. Izan ere, ontziak ez dauka erreskate lanetan jarduteko baimenik; 300.000 eta 901.000 euro arteko isunarekin mehatxatu du Madrilek. Gutierrezen aburuz, patruilatzeko aukerarik ere ez dute izango, lan hori kostaldeko guardiari dagokiolako, baina erreskateko dispositiboaren errefortzu gisa aritu ahalko direla uste du. «Hori guztia baieztatu beharko dugu; burokrazia oso mantso doa».

Greziako Gobernuaren erantzunaren zain egon arren, Gutierrezek azaldu du euren helburua dela Mediterraneo erdialdean egotea, Libiaren aurrean. «Han dago arazoa». Azken albisteekin kezka areagotu egin da: «Gerra irekia dago, eta okerrera doa; gure lana inguru horretan dago, lagundu behar delako». Hori, ordea, Espainiako Gobernuak baimendu beharko lukeela erantsi du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)