Irribarreak harresien kontra

Iruñeko Iturrama institutuak eta SEI elkarteak jatorri askotako 90 neraberen erretratuak jarri dituzte Iruñeko Ziudadelan, hiriburuko kultura aniztasuna agertu eta aldarrikatzeko.

Berria, Iker Tubia, 13-04-2019

Harresiak dira migrazioaren muga nagusiak. Harresi fisikoak, eta psikologikoak: aurreiritziz josiriko harresiak, gorrotoak eraikitakoak. Iruñeko Ziudadelako harresietan, atzoz geroztik, irribarreak daude itsatsirik. Jatorri ezberdineko nerabeen aurpegi erraldoiak. Hiriko kultura aniztasuna modu horretan irudikatu nahi izan dute Iturrama institutuak eta migratzaile gazteekin lan egiten duen SEI elkarteak, batera lanean.

Garabia prest zuten, eta hitzartu baino lehenago hasiak ziren erretratuak paratzen. Akats teknikoek aurreratu zuten arte ekintza. Belardian, 83 neraberen aurpegiak itsatsi gabe, eta paretan, zazpi irribarre. Aurpegi horietako asko hara joanak ziren, mural erraldoia egiten laguntzeko gogoz. Erretratuak banaka jarri zituzten: itsasgarriarekin laukizuzeneko puntu nagusiak paretan markatu, eta xafla handia horien gainean itsatsi. Gero, ongi zanpatu, eta besoekin paretaren kontra mantendu. Hurrengo erretratua hartu, eta berriro ekin lanari.

Irakasleek paratu zituzten lehenbizikoak, belardian eserita zeuden ikasle gutxi batzuen begiradapean. Tartean, Izadi Aramendia eta Nahia Lazkano, lagunez inguraturik. «Lotsa pixka bat ematen digu, baina polita izango da emaitza ikustea», esan zuen Lazkanok, nahiz eta oraindik haien aurpegiak jarri gabe ziren.

Aramendiak argi zuen jarduera «garrantzitsua» zela hura, beste errealitate batzuk ezagutzeko eta ikusteko parada eskaini dielako. Ikastetxearen jarrera ere txalotu zuen: «Super ongi iruditzen zait ikastetxe bat beraiei [migranteei] buruz interesatzea eta enpatia izatea». Inguruan itzulika zebilen Anthony Benitez, bizikletaren gainean. Zeharka egiten zion so horma irudiari. «Oso ongi iruditzen zait hau; egia esan, pozgarria da». Bere aurpegia Ziudadelan ikusgai izateak ez zuen lotsatzen Benitez, harrotu baizik.

Bukaerako argazkia

Maiatzaren 19ra arte ikusgai izanen da 4 × 16 metroko murala. Irauten badu, behinik behin. Izan ere, efimeroa dela azaldu zuen Marta Elia Iturramako argazkilaritza irakasleak. Euriak eta haizeak desagerraraziko dituzte pareta horretan islatzen diren bisaiak. Bien bitartean, mezu argia emanen du: «Honen bidez hiriari komunikatuko diogu zer egin dugun». Argazkiena ez baita egitasmo soil bat. Aurretik landutako proiektu baten bukaera izan da.

Iturrama Solidarioa Migratzaileekin egitasmoaren azkenengo jarduera izan da horma irudia. Aldez aurretik, migrazioaren gaia landu dute ikasleek, ikasgai bakoitzean bere edukiei egokiturik. Argazkigintzan, beraz, JR hiri artistaren Inside Out nazioarteko arte proiektura batzea erabaki zuten. Hortik horma irudiarena. Aldez aurretik, zenbait jarduera egin dituzte Iturramako eta SEIko nerabeek, elkar ezagutzeko. Are, batzuk ostiraletan biltzen dira oraindik ere. «Garrantzitsuena da kulturarteko komunitatea sortzea, eta helburu hori bete dugu», esan zuen Eliak.

Beste irakasle batek azaldu zuen argazkiak egiteko prozesua, Alaia Etaiok: «Plato antzeko bat muntatu genuen, eta galderak egiten genizkien, lasaitzeko, eta natural agertzeko». Konfiantza lortzeko, azken finean. Eta horixe zen atzo Ziudadelan ikusten zena, konfiantza eta komunitatea. Batzuek argazki handiak paratzen laguntzen zuten, eta gainerakoak elkarrekin jostatzen ari ziren. Elkar ezagutzen. Haien artean inoiz harresirik ez dadin egon.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)