Korrikan Udalak aitortza egingo die euskarara hurbildu diren kanpotik etorritako bizilagunei

Nekane Iribar Kultura eta Euskara zinegotziak eta Boubacar Mbaye zarauztarrak eramango dute lekukoa

Diario Vasco, J. M. ZUBIAURRE, 12-04-2019

21. Korrika gaur eguerdiko 13:00etan iritsiko da Zarautzera. Zarauzko Udalari moila inguruan egokitu zaio kilometroa eta, aurten, euskarara hurbildu diren kanpotik etorritako bizilagun berriei egingo die aitortza. Hala, Udalari dagokion kilometroan Euskara eta Kultura zinegotzi den Nekane Iribarrekin batera, senegaldar jatorriko Boubacar Mbaye zarauztarrak eramango du lekukoa. «Boubacar Mybaye – k euskarara gerturatu diren bizilagun berri guztiak ordezkatzen ditu. Korrikaren aurtengo leloak dioen bezala, euskararen aldeko klika egin dutelako. Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea, euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea…», adierazi du Nekane Iribarrek.

Zarautz gero eta herri anitzagoa da. Azken urteotan hainbat bizilagun berri iritsi dira Zarautzera munduko hamaika bazterretatik eta horietako askok hona iritsi aurretik ez zekiten euskara bazenik ere. «Askok egin dute euskara ikasteko ahalegina: helduek udal euskaltegian, AEK euskaltegian edota HHIn; eta, adin txikikoek, herriko eskoletan eta Udalak antolatutako euskara indartzeko saioetan. Hauez gain, Udalak azken urteotan ikastaro berezi bat ere badu martxan kanpotik etorritako zarauztarrak herrian integratu eta euskarara hurbildu daitezen. Hasieran AISA zuen izena eta orain, berriz, Euskara Harrera ikastaroa deitzen diogu», azaldu du Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak.

Udalak luzatutako datuen arabera, 2009az geroztik 200 lagundik gora pasa dira ikastaro hauetatik. «Ikastaro horri esker herritar horiek euskara eta euskal kultura ezagutu dituzte, eta euskaraz zenbait hitz esaten ere ikasi dute. Batzuek, gainera, jarraitu egin dute euskara ikasten eta erabat euskalduntzea lortu dute», azpimarratu du Iratxek, Inmigrazio zinegotziak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)