Harresi bat bi aldeen artean

Demokratek murrua finantzatzeko asmorik ez dutenez, aurrekontuen negoziazioak eten ditu Trumpek, eta AEBetako Gobernuak itxita segituko du. Presidentea Mexikoko mugan egon da

Berria, Igor Susaeta, 11-01-2019

Azkenekoz, herenegun iluntzean bildu ziren AEBetako Kongresuko kide demokrata nabarmenenak, eta Donald Trump herrialdeko presidentea. 2019rako aurrekontuak negoziatzekoak ziren. Etxe Zuriko maizterrak baldintza bat jarria du horretarako: Mexikoko mugan eraiki asmo duen harresiarentzako 4.900 milioi euroko diru partida bat bideratzea aurrekontuetatik. Demokratek berriro esan zioten ezetz. Beraz, bilera hasi eta hamalau minutu geroago, Trump mahatik altxatu zen. «Denbora galtze bat izan da», azpimarratu zuen presidenteak Twitterren. Horrenbestez, AEBetako Gobernuak partzialki itxita jarraituko du. 21 egun pasatu dira itxieratik, eta ez dirudi gaur bertan horri irtenbide bat emango diotenik. Hortaz, inoizko itxierarik luzeena izango da.

Eta hain zuzen, Mexikoko mugara, McAllen hirira (Texas), jo zuen atzo presidenteak. Negoziazioak eten baino lehenago zuen aurreikusita bidaia hori. Kongresuaren bidez ezinezkoa zaionez harresia altxatzeko dirua lortzea, presidenteak bizpahiru egun daramatza esaten larrialdi nazionala deklaratuko duela, herrialdearen hegoaldeko mugan «krisi humanitario bat» bizi dutela iritzita. Atzo ere, Washingtonetik Texasera joateko Air Force One hegazkinean sartu baino lehenago, kazetariei adierazi zien larrialdi nazionala aktibatzekotan zela. «Edo adostasun batera heltzen gara —garaipen bat litzateke denontzat—, edo larrialdi nazionala deklaratuko dut». Edizio hau ixterakoan ezarri gabe jarraitzen zuen.

Mekanismo hori aktibatuta, gastu militarrera bideratutako dirua harresia eraikitzeko baliatu ahal izango luke, eta horretarako ez litzateke beharrezkoa izango Kongresuaren onespena. Kongresuak berak 1976an onartutako Larrialdi Nazionalen Legearen arabera, herrialdeko presidenteak horretarako eskumena dauka. Mike Pence AEBetako presidenteordeak atzo azpimarratu zuenez, presidenteak «erabateko eskubidea» du larrialdi nazionala ezarri eta Kongresuaren baimenik gabe harresia jasotzeko. Halere, gertatuz gero, litekeena da erabakia auzitegietan katramilatzea.

Katramilatuta ez, aurrekontuak onartu eta inoizko shutdown delako luzeenari amaiera emateko negoziazioak etenda daude. Chuck Schumer Alderdi Demokrataren Senatuko buruak herenegun gaueko bileran zer gertatu zen kontatu zien kazetariei: «Trumpek galdetu zion Pelosiri [Nancy, Ordezkarien Ganberako presidentea]: ‘Ados zaude nire harresiarekin?’. Ezetz erantzun zion». Orduan altxatu zen Trump mahatik. Presidenteak gertatutakoaren antzeko kontakizuna egin zuen. Schumerren hitzetan, baina, mahaia ukabilarekin kolpatuz erreakzionatu zuen Trumpek. Hori ukatu zuen presidenteak, atzo. «Ez nuen hori egin, baina egin beharko nuen». Pelosik atzo esan zuenez, «serio» negoziatu beharrean, «folletoi bat» nahiago du Trumpek. «Ziur ere ez nago presidenteak harresi bat nahi ote duen. Bere pertsonaren inguruan debate bat sortu nahi duela esango nuke», gehitu zuen demokratak.

Ez da Davosera joango

Munduko Ekonomia Foroa dira egitekoak hilaren 22tik 25era Davosen (Suitza), eta Trumpek jakinarazi du ez dela hara joango. «Mugako segurtasunari dagokionean demokraten intransigentziagatik, eta gure nazioarentzako segurtasunak duen garrantziarengatik, bertan behera uzten dut Davoserako bidaia».

Bestalde, Mexikoko mugan dauden AEBetako hainbat hiritako alkateek ukatu egin dute «krisi bat» bizi dutenik. Tartean daude McAllengoa, Nogaleskoa eta Tucsongoa (Arizona). Azken horretakoaren esanetan, harresia ez da «segurtasun arazoak» konpontzeko «irtenbide magikoa».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)