Eztabaida gela

Bilboko San Frantzisko auzoa

Delinkuentziarekin eta bazterreko egoerekin lotu ohi da Bilboko San Frantzisko auzoa. Baina zergatik ematen da auzoaren irudi hori? Nolakoa da benetan? Imazen eta Bezanillaren gogoetak jaso ditu BERRIAk.

Berria, Elena Bezanilla. Elixabete Imaz, 30-12-2018

Beldurraren kontra

Elena Bezanilla. Bizkaiko SOS Arrazakeria

Gauza asko esan dira Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko auzoetan azkenaldian izan den delinkuentziaren gorakada dela eta. Iragan urriaren 28an, Manu Conde, Ibaiondoko udaltzainen Ikuskapen buruak segurtasunarekin lotutako hainbat neurri eman zituen jakitera. Denak lotuta zeuden polizia gehiago jartzearekin.

Egun batzuk geroago, Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeak publikoki salatu zituen gazte marokoarren aurkako taldekako miaketak. Egoerak eskatzen zuen tamainako neurriak hartzeko eskatu zion elkarteak poliziari, giza eskubideen errespetuan oinarrituta. Iragan azaroaren 23an, Bilboko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako zinegotzi Tomas del Hierrok datu gehiago eman zituen. Bere hitzen arabera, delituen kopurua %18 igo da iazko urtearekin alderatuta, eta batez ere telefono mugikorren lapurretak ugaritu dira. Sen oneko norbaitek pentsa al lezake gazte hauek beraien bizitza arriskuan jarri dutela beraien bizitza proiektua karterak eta mugikorrak lapurtzea izan dadin?

Adierazpen horien aurrean, Bizkaiko SOS Arrazakeriatik esan nahi dugu erakunde publikoen ardura dela pertsona guztien errespetua babestea, berdintasunaren printzipioa eta arta ez baztertzailea errespetatuz. Exijitzen dugu kolektibo zehatzak jomugan jartzeari uzteko, batez ere, babes gehien behar dutenak. Gaztetasuna, immigrazioa eta delinkuentzia zuzenean lotzen direnean, Tomas del Hierrok egin duen moduan, gidalerroa babesa izan beharrean, gidalerroa zigorra bihurtzen da. Jazarpen hori eraginkorra egiteko, poliziak eskura du makineria arrazista osoa indarrean jartzeko neurri sorta; Atzerritartasun Legea, mozal legea edo Zigor Kodea, esaterako.

Gure kaleetan delinkuentzia estatistikak ez dira askoz ere handiagoak, hiriko beste auzo batzuekin alderatuta. Itxura ematen du badaudela botere politiko eta ekonomiko jakin batzuk interesa dutenak alarma soziala pizten eta bizilagunak estigmatizatzen. Hala, talde sozial batzuk lekuz aldatzea lortuko lukete —hauskorrenak— beraien mesedetan, gentrifikazio gisa ezaguna egin dena, hain zuzen. Bestalde, hedabide batzuek ere ateratzen diote etekina segurtasunik ezari.

2009an, delinkuentziaren arazoa konpontzeko aitzakiapean 19 kamera jarri ondoren, gaur frogatuta geratu da kamerek ez zutela ezertarako balio izan. Antza denez, poliziaren presentzia handitzea ere ez da eraginkorra izan. Orain esaten digute txakurrez lagundutako polizia unitatean erabiliko dituztela. Benetan pentsatzen duzue mugikorren lapurretari aurre egiteko txakurrak baliatzea? Eta larriena, Segurtasunerako zinegotziak esaten du «bide publikoaren legez kanpoko erabilera» egiten dutela. Noiztik izan da legez kanpokoa bide publikoa erabiltzea? Onar dezagun kalea denona dela, eta bertan egoteko eskubidea daukagula inori errespetua galtzen ez zaion artean.

San Frantzisko, Alde Zaharra eta Zabala auzoak jatorri askotariko pertsonaz osatu ziren eta beso zabalik hartzen segitzen dute jatorri askotarikoa dutenak. Ez dugu utziko inguru oso bat manipulatzen segurtasunik eza modu interesatuan irudikatu eta kriminalizatzen dutenen eskutik.

Gure auzoek pobrezia, bazterketa eta desberdintasun maila altua daukate. Bere historia guztian pairatu dute hori. Horri gehitu behar zaizkio egiturazko arrazakeriak inposatutako desberdintasunak, lanpostu duina izateko eta bestelako eskubide sozialetarako zailtasunak.

Egoera hori okertu egin da instituzioen utzikeriagatik, gai baitira plan urbanistikoetan inbertsio handiak egiteko eta, aldi berean, txirotutako hiritarren bizi baldintzak hobetuko dituen neurriak hartzeari uko egiteko. Egoera hori eskuinak eta eskuin muturrak balia dezakete, hauteskundeei begira. Europako beste herrialde batzuetan gertatzen ari da, eta hemen ere hasi da. Horretaz ohartzeko,nahikoa da Espainiako eskuineko politikariek azken asteetan egindako adierazpenak entzutea.

Askotarikoak gara

Elixabete Imaz. Antropologoa

Iragan abenduaren 15ean, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako Gau Irekiaren zazpigarren aldia egin zen. Besteetan ez bezala, aurtengoan Sareak Kultur Elkarteak antolatutako ekimenean ez zuen euririk egin, eta arratsalde partean sartu zen haize epelak giroa goxatu zuen, jendea erakarriz. Halakoetan, harrigarria da San Frantzisko deitzen zaion errekaz bestaldeko hiru auzo txikiz osatutako Bilbo zaharreko inguru honek agertzen duen dinamismoa. Auzoko elkarte, komertzio eta enpresa txikien eskutik tour kultural eta politikoak, ortu urbanoa, zirku, antzerki eta kabaret ikuskizunak, bertako eta urrutitik iritsitako gastronomia, musika, dantza eta kontakizunak, ume eta helduentzako tailerrak gozatu ziren espazio pribatu, publiko zein komunitario anitzetan barreiaturik. Halako ekimenetan, zubiz bestaldera dabilen jendea horiek gurutzatu eta La Palanca deitzen zitzaion ingurura igotzera animatzen da. Bertakoentzat, auzoa(k) berrezagutzeko, maitatzeko eta haren ezaugarriez jabetzeko momentua ere bada.

Hemen bizitzen daramatzadan bi hamarkadetan asko eraldatu da auzoaren itxura. Denda gutxi batzuek baino ez dute iraun: Manolo janari denda, Facundo bitxi denda, Aldizkari denda, Hernani kaleko Ruiz likore denda edo Confiarte labea, plazako Elexpuru pintura denda. Zeuden lau farmazietatik hiruk eta bi estankoetatik batek ere bai. Berebar tabernak, Fermin Muguruzaren abestiari titulua eman zionak, hor segitzen du. Gizon zein emakume arropa dendak, etxeko tresnenak eta arrandegiak, ordea, joan zaizkigu. Haragi dendak, bestalde, halal-ak dira orain. Taberna gehienek jabea eta horrekin batera bezeroak aldatu dituzte nolabaiteko etnifikazio espaziala ezarriz auzoari: badaude magrebtarren, afrikarren, ijitoen, hegoamerikarren, ezkertiarren, modernoen eta betikoen tabernak. Inon ez du horrela izan behar denik jartzen, baina ia denek errespetatzen dugu. Bi pausotik behin topatzen diren kebabak eta fruta dendak magrebtarrenak dira eta janari dendak, berriz, txinatar eta hegoamerikarrenak. Topatuko dituzu handizkako saltokiak, autore jatetxe txikiak, Gabonotan oparitarako aproposak diren diseinatzaileen tailerrak, inongo arkitekto estudio dentsitate handiena eta milaka aldiz ondotik pasatu arren zer eskaintzen duten asmatzen ez dakizun lokal heterogeneoak. Horrez gain, kolore guztietako gizarte elkarteetako egoitzak, baita sinesmen ezberdinei moldatutako aretoak ere. Hernani kaleko monjek janaria eskainiko diete gaur ere han ilara egiteko prest daudenei. Eta Auzolanek doan eta nor zaren galdetu gabe ematen du osasun zaintza integrala.

Kortesen, kale hotzean gizonen zain dauden emakume zuriek zein beltzek, zaharrek zein gazteek kafetxorako tartea hartzen dute burdel tristeetan. Espaloi estuetan, heroinazale eta droga saltzaileen arteko kontuek bidea oztopatzen diete nonbaiterako bidean doazen oinezkoei. Plazan, ijitoen berpizte musikalaren testigu gara. Poliziak topatu ahal dira taldeka, kotxe ondoan, lekuz noiz aldatuko zain dagoenaren plantarekin. Udaleko kale garbitzaileak, ordea, gutxiago ikusiko dituzu. Eta zoru irristagarrietan erortzearen beldurrez, aitona-amonek kale aldapatsuak igo eta jaisten dituzte, tarteko pausaleku ziren jesarlekurik gabe, zeuden gutxiak udalak kendu baitzituen.

Aldatu da bai auzoaren itxura, baina ezer gutxi arazoen profilak. Orain, lehen bezala, harresiez kanpo geratzen denaren nahasmenaren bilkura baita San Frantzisko: pobreak, immigranteak, arautik eta legetik kanpokoak, marjinatuak. Autoritateek koktel honi erantzun nahi ezean edo nola erantzun jakin gabe polizia bideari eta partxeo programei eusten diete. Bitartean, auzoaren bizitzak bere kabuz dirau. Elkarbizitza ahal den moduan atonduz. Espazio propioak errotuz. Elkarlanean saiatuz. Auzoko kaleetan barna ibiliz Bizkaiko Aldundiak atera duen komertzio gertukoa sustatzeko kanpaina datorkit burura: «Bagara ala ez gara?». Eta zinez San Frantziskon, bai, bagarela. Baina askotarikoak, konplexuak eta entzun beharrekoak. Hori bai.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)