ZIRRIKITUETATIK BEGIRA

Vox, katalanak eta Maroto

Diario de noticias de Gipuzkoa, RIKARDO. ARREGI -, 05-12-2018

Andaluziako hauteskundeaz, gutxi gorabehera, arituko naiz gaurkoan. Hasieratik argitu nahi dut gaiarena, zeren irakurle batzuk nekaturik egongo baitira Andaluziakoaz dagoeneko, eta ez diet denbora lapurtu nahi. Beste irakurle batzuk analisi burutsuen bila arituko dira: horrelakoa bazara, beste orrialde batera pasa zaitezke, oi irakurle, nirea ez baita azterketa burutsuegia izango. Baliteke hirugarren irakurle mota egotea: denetarik irakurtzen duena, askotan diagonalean, zerbait ulertzeko asmoz. Ni neu azken taldekoa naizela uste dut. Hemen idatziko dudana (ideia pare bat) diagonalean irakur dezakezue lasai asko.

Irakurri dudan analisi askoren arabera, Voxek burua (burua eta zerbait gehiago) ateratzearen errua (errua, bai) katalanena da, katalanen autodeterminazio nahiak nazionalismo espainiar zaharkituena esnatu du;beraz, Vox kontrolatzeko edo indargabetzeko bide bakarra katalanak isiltzea da. Odon Elorza da aurreko tesi horren alde agertu den buru burutsuenetako bat. Andaluziarik ez dago tesian, konturatzen bazarete. Beharbada Elorza jaunak eta sozialistek gogoratu beharko lukete Katalunian Ciudadanos, PP eta Voxekin batera, eskutik helduta, egin zituzten manifestazio haiek nazio espainiarraren batasunaren defentsan. 155. artikulua gogoratzea ere ez legoke gaizki, edo a-por-ellos hura.

Bigarren inpresioa: Javier Marotok aurpegi txarra zuen hauteskunde gauean Casado beti irribarretsuaren atzean. Esango didazue obsesioa dela nirea;barkatu, azken finean Maroto nire hiriko alkatea izan zen. Agian PP-pop bukatzen ari zela nabaritu zuen Marotok (pepepop: horrela dei-tzen genion Gasteizen Marotok, Oyarzabalek eta abarrek osatzen zuten PP sasimodernoari). PPkoek eta Ciudadanosekoek, Espainako eskuin ustez zibilizatu eta europarrek, ez dute arazorik izango Vox besarkatzeko. Oraingoz ez, baina epe ez oso luzera sexu berekoen arteko ezkontzak edo genero indarkeriari buruzko legeak desagertu ahal dira. Hori bai, Marotok ez du problemarik izango Voxekin atzerritarrak direla eta: bera bakarrik nahiko eskuin muturrekoa da eta ez du Voxik behar horretarako. Agian horixe zen aurpegi txarraren arrazoia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)