Migratzaileen exodoa. Tijuanako pasabidea

Tijuanan, erabakiak hartzeko ordua

Bihar batzarra egingo dute migratzaileek, geroaz eztabaidatzeko. Tentsioa asko handitu da hirian

Berria, Kristina Berasain Tristan, 17-11-2018

Nekea sumatzen zaie, baina pozik daude Tijuanarainoko ibilbidea amaitu dutelako. Atzo, autobusean heldu ziren ia 1.000 pertsona, eta azkenak gaur iristekoak dira: guztira 4.000 inguru dira Hondurastik, El Salvadortik eta Guatemalatik etorriak. Ez dira inor ohartu gabe igarotzen. Haien etorrera nabaritzen da; batez ere, hondartza inguruan, hainbat kaletan, eta hiriaren erdigunean, eta, karabanak iritsi ahala, tentsioa handitu da, ez bakarrik mugaldean, baita hirian ere. Hainbat herritar migratzaileen kontrako gorroto mezuak zabaltzen hasi dira sare sozialen bidez, eta manifestazioak antolatzen.

Udalaren mezua ere argia izan da: ez dituzte Tijuana zentroan nahi, eta, hori dela-eta, bi gune handi prestatzen ari dira hiriaren kanpoaldean, han egon daitezen. Unidad Deportiva Bendito Juarez kiroldegia eta Murua gunea. Migratzaile askok, ordea, ez dute hara joan nahi, kanpoaldean geratzen badira haien egoerak ikusgarritasuna galduko duelako. Bihar egingo dute lehen batzarra, hemendik aurrera zer egin erabakitzeko, eta, ahal den neurrian, taldean mantentzeko, muga nola edo hala zeharkatzea erabakitzen ez dutenei Tijuanako egonaldia luzatu egingo baitzaie.

Baina batzarra egitea ere konplexua izango da; izan ere, Tijuana migratzaileen karabanaren kontra Facebooken zabaldu duten kontuan, bihar protesta egitera deitzen ari baitira, migratzaileek batzarra egiten dutenerako. Duela astebete zabaldu zuten orrialdea, eta dagoeneko 5.000tik gora jarraitzaile dauzka. Herenegun liskarrak ere izan ziren hondartza inguruan, manifestari asko makilak eskuan atera baitziren kalera. Facebooken zabaltzen ari direnez, migratzaileok mara taldeetako kideak dira, gaizkileak gehienak, eta bota egin nahi dituzte, behar gorrian dagoen jendea baitira.

Tijuanako alkatea, gogor

Herritarrak ez dira, ordea, mezu hori zabaltzen ari diren bakarrak. Esanguratsuak dira atzo Tijuanako alkate Juan Manuel Gastelumek atzo egindako adierazpenak: «Porrozale alferzorri» batzuk dira, haren ustez. «Ez dut esango baten batzuk zintzoak ez direnik, baina gehienak jende gaiztoa dira, eta ez datoz batere onik egitera Tijuanara. Ez dute guk ezarritako mediku kontsultetara joan nahi; ez dute babeslekuetan guk jarritako janaria eta arroparik nahi, eta ez dute guk jarriko dizkiegun lekuetan lorik egin nahi. Hiriaren segurtasuna aztoratu nahi dute, eta ez dugu molesta gaitzaten nahi».

Lehenengo atxiloketak egin dituztela azaldu du. «Pare bat egunean hamar bat atxilotu ditugu, bandetako kideak denak, eta horiekin Konstituzioaren 33. artikuluaren arabera jokatuko dugu», alegia, zuzenean deportatuko dituzte, inolako babes juridikorik eman gabe. Bere jokaerak gobernuz kanpoko erakundeen salaketa ekarriko duen jakitun, aurreratu du haiei erantzun beharrekoa: «Berdin zait zer esango duten, nik oraindik pentsatzen baitut giza eskubideak gizakien eskubideak direla».

Baliabide federalak eskatu dizkio Andres Manuel Lopez Obrador presidente hautatu berriari. Morena ezkerreko koaliziokoa da Lopez Obrador, eta Gastelum alkateak, Ekintza Nazionala eskuineko alderdiko kideak, aukera baliatu du hari kritika egiteko: Morenakoek erabateko malgutasuna izan dute, alkatearen ustez, migratzaileek Guatemalatik Mexikorako muga igarotzeko. Baina Lopez Obradorrek abenduaren 1ean hartuko du kargua, eta oraindik ez dago jardunean.

«Egoera onbidean jartzeko» galdeketa bat egingo duela esan du, Tijuanako herritarren artean, migratzaileak handik atera edo ez erabakitzeko, eta, bien bitartean, segurtasuna bermatzeko neurriak iragarri ditu. «Ez dut baztertzen errepide nagusietan kontrol guneak jartzea hirira sar ez daitezen».

Hiriaren kanpoaldean edo barrualdean, baina luze geratzeko etorri dira migratzaileak Tijuanara, salbuespenezko neurririk hartzen ez bada; izan ere, hilabete pare bat igaro daitezke asilo eskaera tramitatzeko txanda jaso arte, eta, hortik aurrera, hilabete batzuk gehiago joango dira kasuak aztertzerako. Migratzaileak iritsi aurretik 4.000 asilo eskatzaile zeuden Tijuanan, eta orain bikoiztu egingo da, eta tramiteen prozedura zaildu.

Ez da, ordea, migratzaile gehienen nahia Tijuanan geratzea, AEBetara joatea baizik, eta muga zeharkatzen saiatuko dira. Gaur egun dagoen segurtasuna aintzat hartuta, ia ezinezkoa da AEBetara legez kanpo sartzea, baina, hala ere, mugimendu izugarria dago Mexiko AEBekin lotzen den mugan. Mexikoko poliziak eta militarrak alde batera eta bestera, AEBetakoak, harresitik barna edo errepideetatik etor daitezkeenen zain, hainbat pasabide itxi eta kontrolak areagotuta. Kazetariz ere josi da azken orduetan ingurua, zerbait larria gerta daitekeen seinale.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)