'Bertakoak' ekimenak aniztasuna gastronomiaren bidez dakar

Jatorri ezberdina duten zarauztarrak elkartu eta mahai baten inguruan elkar ezagutzeko aukera eskaintzen du

Diario Vasco, JUAN MARI ZUBIAURRE, 17-11-2018

Udaleko Gizarte Zerbitzuak aurten ere ‘Bertakoak’ ekimena abian jarri du datorren abenduaren 1erako. Azken urteetan izan duen harrera ona ikusita berriz errepikatuko da eta herritar guztiak gonbidatuak daude parte hartzera.

‘Bertakoak’ ekimena jatorri ezberdina duten zarauztarrak mahai baten inguruan esertzeko aitzakia aproposa da. Azken batean batera bizi gara Zarautzen baina ez dugu elkar ezagutzen. Kanpotik datozenak integrazioa lortzeko elkar ezagutzea da biderik eraginkorrena eta gu bezalakoa ez denarekiko dauzkagun aurreiritziak eta mesfidantzak uxatzeko modurik egokiena elkar ezagutzea da.

‘Bertakoak’ ekimenarekin denok zarauztarrak garela aldarrikatu eta erakutsi nahi da, berdin dela Zarautzera nondik eta noiz etorritakoak garen, denok garela ongi etorriak eta kultura hauek guztiak ere Zarautz osatzen dutela.

Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie ekimen honetan parte har – tzen duten elkarte gastronomiko guztiei eta baita sukaldari guztiei ere. Herritarrak ekimenean parte hartzera deitzen dute eta horretarako azken eguna izena emateko hilak 26a izango da. Nola parte hartu? Izena Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman behar da, zuzenean bertara joan da (Zigordia kalea, 33) edo telefonoz, 943 005127, ala posta elektronikora idatziz, immigrazioa@zarautz.eus. 10 euro ordaindu behar dira.

Bosgarren urtea da ekimen hau burutzen dela eta bi helbururekin egiten da, alde batetik herriko kultur aniztasuna islatzea (aurten zor – tzi jatorriko partaidetza izango da baina erroldaren arabera 64 herrialde ezberdineko jendea daukate Zarautzen) eta bestetik, eta garran – tzitsuena, ekimen hau integrazioa bultzatzeko egiten den ahalegina dela. Udalak integrazioa bi norabideko prozesua dela uste du, etorri denak integratzeko saiakera egin beharko du, handiagoa gainera, baina bertakoak ere ahalegina egin behar dute aniztasun berri horretara egokitzeko.

Asmoa da ekimen honetara bazkaltzera joatea, jatorri ezberdina dutenen gastronomia ezagutu eta lagun berriak egin. Gainera aurretik joatea gomendatzen da, bazkaria prestatzen lagundu sukaldariari eta mahaian eseri aurretik elkar ezagutzen hasi. Azken lau urteetan 350 pertsonatik gora parte hartu dute ‘Bertakoak’ ekimenean eta aukera berria luzatzen dute oraingoan.

Aurtengoan zortzi elkartek hartuko dute parte eta hauek dira; Alkartasuna Elkartea (Bolovia), Arrano Elkartea (Maroko), Batzokia (Kolonbia), Ezkertokia Elkartea (Senegal), Kurpil Elkartea (Sahara), Francisco de Zurbaran Elkartea (Guatemala), Itxas – Mendiko Elkartea (Nikaragua eta Iñurritza Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea (El Salvador).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)