Trumpek Mexikoko muga ixteko mehatxua egin dio migratzaileen karabanari

Hondurastik abiatu zen karabana, larunbatean, eta jada 3.000-4.000 lagunek egin dute bat ibilbidean; Guatemalan daude orain

Berria, Kristina Berasain Tristan, 19-10-2018

San Pedro Sulatik abiatu ziren, joan den larunbatean, Tegucigalpatik 180 kilometro iparraldera, Hondurasen. Agua Calienteko mugatik sartu ziren batzuk Guatemalara. Gehienak bidezidorretatik. Inork ez daki zehazki zenbat diren, baina gehienak emakumeak eta haurrak dira, 3.000- 4.000 artean, eta etorkizun duinago baten bila abiatu dute oraindik non amaituko den ez dakiten ibilbidea. Ameriketako Estatu Batuetan sartzea du helburu migratzaileen karabanak, baina oztopo ugari aurkitu ditu bidean, eta azken muga zeharkatzea ere zaila izango du. Donald Trumpek Mexikoko muga ixteko mehatxua egin zuen atzo, argudiatuz segurtasunik ezetik eta miseriatik ihes egiten duten pertsonen artean «kriminal ugari» daudela: «Mexikori eskatzen diot, irmoki, eraso hau gerarazteko, eta, ezin badu, armadari deituko diot hegoaldeko gure muga itxi dezan».

Hondurasko Gobernuari diru laguntzak eteteko mehatxua ere egin dio agintariak, asteartean egin bezala. Aurrekontuen arabera, datorren urtean 65,8 milioi dolar ematekoak dira, orain arte baino dezente gutxiago —2016an 98,3 milioi dolar jaso zituen Hondurasek—.

Exodoa

Guatemala, Honduras eta El Salvadorko agintarientzako hitz gogorrak ere izan ditu Trumpek. Haren ustez, ez dute aski egiten pertsonen mugimendua eragozteko. Jimmy Morales Guatemalako presidenteak ere «arriskutsutzat» jo du exodoa. Mauro Verzeletti Guatemala Hiriko Migratzaileen Etxeko arduradunak aurreikusi du astebetean 5.000 lagun iritsiko direla euren aterpera, eta, haren ustez, 15.000 lagunek utzi dute azken egunotan Honduras. El Salvadorrera, berriz, 415 hondurastar inguru iritsi dira. Karabana sakabanatuta dago orain, eta karabana txikiagoak ere eratu dira bidean.

Mexikoko mugan atxilotutako lagunen kopurua, berriz, inoizko handiena da aurten; jada 107.212 lagun atxiki dituzte. Irailean 16.658 lagun atxilotu zituzten, uztailean baino %80 gehiago. Trumpek immigrazioaren kontrako politika bihurtu du bere agintaldiaren ardatz, neurri polemikoak hartuta; paperik gabeko sendiak banatzeko legea ezarri zuen apirilean, nahiz eta udan bertan behera utzi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)