Migratzaileen portua

Tunisiatik Italiara bidean abiatzen diren migratzaileen ontzien %40 inguru Kerkenna artxipelagotik ateratzen dira, nahiz eta Poliziak zaintza areagotu duen hori eragozteko. Aurten Mediterraneoan gertatu den hondoratzerik larriena ere Kerkennatik atera zen ontzi batek izan zuen, ekainean: 119 pertsona hil ziren.

Berria, Ricard Gonzalez, 11-10-2018

Sfaxen, Tunisia hegoaldeko hiriburuan, ferry geltokiko hallaren atarian, bi polizia bidaiariak miatzen ari dira. Gizon gazteak badira, nortasun agiria eskatzen diete. Duela hilabete batzuetatik, uharteko bizilagunei bakarrik uzten diete Kerkenna artxipelagora doan itsasontzira igotzen; hiriburutik 20 bat kilometrora dago artxipelagoa. Beste agente batzuek, berriz, banan-banan arakatzen dituzte ontzi zaharkituan sartzen ari diren ibilgailuen maletategiak, horietan ez daitezen ezkuta harraga-k; hala deritze, Tunisiako dialektoan, migratzaile klandestinoei. Ez alferrik, Kerkennatik irteten dira gero Italiako kostalderantz abiatzen diren Tunisiako txalupetatik %40. Poliziak, ordea, ez du beti arreta berberaz jokatzen…

«Agenteek ibilgailu guztiak arakatu ohi dituzte, baina ez zituzten miatu uharteko beste mutil haiek zeramatzanak. Mafia sarearekin elkar hartutako polizia batzuk zeuden tartean», adierazi du Ahmed Bukthir mutil gazteak, uste osoz; 26 urte ditu, gorputz enbor sendoa ageri du, eta burua txapela batez estalia betiere, soiltzen hasi berri zaiola ezkutatzearren edo. Joan den ekainaren 2ko gauean, migratzailez mukuru zihoan ontzi bat hondoratu zen, eta agintariek handik bizirik atera zituzten 68 bat lagun zorioneko haietatik bat da Bukthir; hondoratze horixe izan da 2018an Mediterraneo itsaso martirizatuan gertaturiko tragediarik latzena.

Itsasontzia 180 migratzaile zeramatzala abiatu zen; besteak beste, tunisiarrak zeuden, baita Saharaz hegoaldeko herrialdeetako 50 migratzaile ere, eta, horien artean, bi emakume haurdun. Hurrengo egunetan, agintariek 84 hilotz bildu zituzten; horiek gehi beste 35 desagertu, ehundik gora pertsona hil ziren gau zorigaiztoko hartan.

Bukthirren begiei ez darie distirarik, heriotzari aurrez aurre begiratu ostean beste aukera bat izan dutenei ageri zaienaren antzekorik. Izan ere, Abdesalam falta zaio, haurtzaroko lagun mina, zeinekin bizi izan baitzituen bere abentura guztiak, baita amets europarraren bila zeharkaldi zalantzazko bati ekitea bera ere. Bukthirrek izkin egin ahal izan zion zorigaiztoari; Abdesalam Jlidik, ordea, ez. «Sekula ez genuen pentsatu halakorik gerta zitekeenik. Tunisiatik itsasora jotzen duten batelek ez dute eramaten gainzamarik, eta ez dira hondoratzen», aipatu du, pentsakor. Bidaia madarikatu hura salbuespena izan zen. «Itsas zabalean geneukan zain ontzia, eta hara iritsi orduko konturatu ginen ontziaren edukiera halako bi ginela guztira. Baina, orduan, jada ez zegoen atzera egiterik».

Polizia, susmopean

Nasser Jlidi, Abdesalamen aita, sinetsita dago konspirazio ilun baten ondorioz hil zitzaiola semea. Mesfidantza hori areagotu egin dio sare sozialetan hara-hona ibili den grabazio batek. Bideo horretan ageri denez, bizirik iraun dutenetako batek entzun omen zuen hondoratzea nahita eragin zutela, Polizia distraitu eta beste ontzi bati bidea libre uztearren. Zenbait bertsioren arabera, diru gehiago —oso pertsona inportanteentzako (OPI) txartel moduko bat— ordaindua zuten harragez betea zihoan. Beste batzuek diotenez, mafiak Europan zuritu nahi zituen milioika euroz zamatuta zihoan ontzia.

Hondamendia gertatu eta gero, ordezkatu egin zituzten Poliziako dozenaka goi kargudun, eta Yusuf Xahed lehen ministroak kargugabetu egin zuen Lotfi Brahem Barne ministro ahalguztiduna. «Agerikoa da Poliziako jendea dabilela sartua horretan guztian. Ikusi besterik ez dago zer gertatu zaion bidaiaren buruetako bati. Normala al da 30 urte inguruko pertsona bat bihotzekoak jota hiltzea?», galdetu dio bere buruari Walid Ellilik, burlaizetsu; Askapen Nazionalerako Elkarteko aktibista bat da, eta aspaldidanik dabil lanean migrazioaren auziaren inguruan.

Abdelnaser Lawichiri buruz ari da Ellili: hango komunikabideek hari egozten diote zeharkaldi zorigaiztoko hura antolatu izana; abuztuaren erdialdera, Poliziak etxean hilik aurkitu zuen. Bertsio ofizialak dioenez, autopsiak argi erakutsi zuen «bihotzekoak jota» hil zela. Haren ustezko kide Nejah Attalah (32 urte), berriz, ekain erdialdera zuten atxilotua, artxipelagotik auto baten maletategian ihes egiten saiatu zelarik; Bukthirrek harekintxe tratatu izan zuen beti.

Bi ordutara, tragedia

Eta 300 dinarren truke (100 euro), gehi beste 3.000 dinar —balio hori du bidaiak Europan—, Attalahek bidaldi bat prestatu zien Bukthirri eta Jlidiri, itsasontziz, Sfaxeko hondartzatik abiatuta. Aurrekontu txikiagoa zutenek, berriz, 100 dinar ordaintzen zuten (30 euro), eta ibilgailu baten maletategian sartuta bidaiatzen.

Bizirik iraun duen gazte horrek deskribaturiko sistema ohikoa da uharteetan. Antolatzaileek, pixkanaka, ehunka harraga bildu zituzten herrixka batean, eta hantxe eman zituzten hainbat egun, bidaiari ekiteko egokieraren zain. Prestalanetan aritu ziren bitartean, sareko migrante pasatzaile guztiek buruak estaliak zituzten; Attalahek izan ezik, agintariek ordurako fitxatua izaki, atxilotze agindupean baitzegoen.

Ibilaldiari ekin eta bi ordu ingurura, Sfaxera itzultzea erabaki zuen kapitainak, 24 urteko mutil gazte batek, eta larrialdi seinale bat bidali zuen: «Beldurrak airean zegoen, eta dardara batean gidatzen zuen ontzia; bazekien hondoratu egingo ginela lehenago edo geroago», gogora ekarri du Bukthirrek. Biratzeko maniobran hasi orduko, txalupa irauli egin zen.

Lehenbiziko sorospen misioa, itsas armadako ontzi bat, handik hiru ordura agertu zen hondoratze lekura. Guardia Nazionalak beste hiru ordu behar izan zituen. Eternitatea, igerian bazekitenentzat ere. Itsasontzian, berriz, ez zegoen uretarako salbamendu jaka edo ontzi bat bera ere.

Petrolioa eta arrantza

Azken urte hauetan, Kerkenna paradisu bihurtua da migrante pasatzaileentzat. Izan ere, gatazka larri bat dute artxipelagoko biztanle adoretsuek eta gobernuak, hango kostaldean dauden zenbait petrolio plataforma ustiatzen dituzten plataformek lorturiko etekinen banaketa dela eta; horregatik, 2016aren amaiera aldetik, hutsaren hurrengoa da Poliziaren presentzia. Azkeneko hondoratzearen ostean, gobernuak hitzeman du uharte txikien kontrola bereganatuko duela berriro; 15.000 pertsona inguru bizi dira 160 kilometro karratura ere iristen ez den eremu horretan.

Sfax eskualdean biltzen da herrialdeko arrantza ontzidirik handiena, eta, txalupen zirkulazioa joria denez, ezin kontrolatu dituzte. Horrez gainera, arrantza jarduera krisian dago, arrain sardak neurriz gain ustiatuak baitaude eta espezie inbaditzaile ezinago erasokor bat iritsi baita: karramarroa. «Bazter guztietan daude karramarroak. Arrain guztiak jaten dizkigute, eta sareak txiki-txiki egiten. Daex deitzen diegu horrexegatik [Estatu Islamikoaren arabierazko akronimoa]», adierazi du, bide batez, Khemais-ek, begi ñimiño eta zoliko arrantzale beterano batek.

Arrantzale askok txalupak saldu behar izaten dituzte azkenean, baina Khemaisek betidanik baztertu izan ditu negozio oparo bezain hilgarri halakoan parte hartzeko eskaintzak. Italiako kostaldera langabeziatik eta bazterkeriatik ihesi iritsitakoen artean, Tunisiako nazionalitatea duten migratzaileak dira ugarienak aurten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)