Maiatzaren 2an bozkatuko du immigrazio legea Parisek

Gara, 28-04-2006

BAIONA

«Aukeraturiko» immigrazioa «arrazakeriaren aurkako ezkutua» dela adierazi zuen, atzo, Nicolas Sarkozy frantses Barne ministroak “Le monde” egunkariak egin zion elkarrizketa batean.

Ondoko maiatzaren 2an frantses parlamentariak legea bozkatzekotan daudela – eta, Sarkozyk berak bultzaturiko egitasmo hori babestu nahi izan zuen. Proiektua, izan ere, elizako agintari, elkarte humanitario eta ezkerreko alderdi politikoek gogor salatu dute. Eta adierazpen horietan, Barne ministroak aukeraturiko immigrazioa munduko demokrazia gehienetan finkatuta dagoela adierazi zuen.

«Herri horietan errazakeriaren eta eskuin muturraren indarra gure herrian baino ahulagoa da», gaineratu zuen. Lege egitasmoak, izan ere, immigrazioa Estatu frantsesaren lan merkatuari eta bere harrera ahalmenari egokitzea aurrez ikusten du. Horrez gain, etorkin orok frantsesa ikastera eta frantses legeak errespetatzera behartzen duen “integrazio kontratua” izenpetu beharko du lurraldean sartu bezain laster. Alderdi sozialistak maiatzaren 2an egingo duten bozketan aurka gogorki eginen duela jakinarazi zuen.

Bestalde, Munduko Medikuak egiturak 2006ko otsailaren 23an abian jarri zuten ministro dekretuaren aurkako izenpetze kanpaina bultzatu berri du. Departamendu guztietako prefetei helarazi dieten dekretu horren arabera, paperik gabeko etorkinak erietxe, ebakuntza bloke, toxikomania zentro edo harreraguneetan atxilotuak izan daitezke. Munduko Medikuak egiturak osasun sailean lan egiten duten profesional orori zirkular hori ez aplikatzeko eskatu dio.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)