Auzoak, sare eta lekuko

150 migratzailetik gora afaltzen eta lo egiten ari dira Bilbo Zaharreko Kultur Etxean. Hiru aste dira Atxuritik heldu zirela, eta, ostiralean, beste auzo batera egingo dute salto: Santutxura, hain zuzen ere. Arropa banatzeko, afariak emateko eta lotarako txandatan antolatzen ari dira Bilbo Zaharreko ehun bat auzokide.

Berria, Uxue Gutierrez Lorenzo, 15-08-2018

Lotarako tokia, afaria, arropa, osasuna eta alfabetizazioa. Herritarren elkartasun olatua geroz eta zabalagoa da, eta proiektu integral itxura hartuz doa. Batzarrak eta autogestioa oinarri, hiru txandatan antolatzen ari dira Bilbo Zaharreko ehunka auzotar. Bilboko auzoak migratzaileei harrera egiteko antolatzen hasi ziren uztailean, eta Atxurik abiatutako bideari lekukoa hartu zion Bilbo Zaharrak. Ostiralean Santutxura doaz.

Bigarren harrera auzoak jarraitutasuna eman nahi izan dio Atxurik hasitakoari, «aldaketa kualitatiboak» gehitzeaz gain. Lotarako espazio itxia bermatzea lortu dute, horretarako Kultur Etxea «biderkatu» behar izan duten arren. Alba Garcia Bilbo Zaharreko harrera auzoko kideak azaldu duenez, kultur etxeak 80 pertsona hartzeko espazioa du, eta gainezka egin zuen aspaldi. Espazio berriak bilatu behar izan dituzte, auzotarren elkartasunari esker bermatu ahal izan direnak. Uztailean, 50 gizonezko afrikar inguru zeuden Atxuriko saskibaloi pistan lotan, orain hirukoiztu egin da kopurua. Goraka doa etorkinen kopurua, eta hala hazten ari da harrera egiteko prest dauden herritarren zenbatekoa.

Afaltzeko, 21:00etan pilatzen dira migratzaileak Bilbo Zaharreko Kultur Etxearen aurreko plazan, kopurua dela-eta, hiru txandatan banatuta. Txandatan antolatzen dira auzotarrak ere: janaria erosi, prestatu, zerbitzatu eta egun osoa kanpoan eman ondoren neka-neka eginda datozenei harrera beroa egiteko prest daude bizilagunak. «Autokudeatutako ekimen herrikoi» gisa ulertzen dute euren jarduna, eta denak parte har dezaten migratzaileei ere txandak egokitzen dizkiete. Harrikoa egin eta komunak garbitzeko txandak betetzen dituzte. Gosea baretuta, batzarra egiteko tartea hartzen dute gauero 23:00etan, esperientziak eta kezkak partekatu, egunaren errepasoa egin eta lotara joan aurretik auzotarren eta etorkinen arteko harremanak indartzeko. 08:00etan kultur etxea giltzaz itxita geratzen da, baina elkartasunaren haria ez da hor eteten.

Askok osasun laguntza behar dute, eta osasun zentroetara laguntzen dituzte, arta ditzaten. Osakidetzarekin eta Munduko Medikuekin harremanetan daude, «legediaren bermeak ezagutu eta zirrikituak bilatzen saiatzeko». Frantsesez dakien jendearen arteko sarea ere osatu dute, eta gaztelaniazko eskolak jasotzeko aukera dute etorkinek.

Administrazioari salaketa

Denbora luzea igaro da administrazioaren eta harrera auzoetako kideen arteko azken elkarrizketatik. Bizkaiko Gurutze Gorriak 88 leku dauzkan aterpetxea du Bilbon, eta migratzaileek gehienez hiru gau igaro ditzakete han. Erakunde publikoen esanetan, migratzaileak «trantsituan» daude, eta hori da hiru gaueko muga ezartzeko arrazoia. Harrera auzoetako kideek, aldiz, hori salatu dute: «Gurutze Gorriak esaten du %5ek bakarrik geratu nahi dutela hemen. Hori gezurra da».

Askok bidaia luzea egin dute Bilbora iritsi aurretik. 2016an alde egin zuen Boli Kostatik izenik eman nahi ez duen migratzaile batek. Hilabete eta erdi darama Bilbon, eta hemen geratu nahi du:«Boli Kostatik Marokora kostako bidea egin nuen, eta han Poliziarengandik ihesi ibili nintzen. Gau batez 36 lagunek hartu genuen txalupa, Marokotik Malagara [Espainia]. Asko bidean geratu ziren, itota». Bizirik iraun zutenak Itsas Salbamenduaren erreskatea zela medio iritsi ziren Malagara. Bilbora heltzean auzoetako ekintzaileengandik jaso duen babesa asko eskertzen duen arren, onartu du «kateatua» sentitzen dela, babes horrekiko dependentzia osoa duelako. Asiloa eskatu zuen iritsi zen lehen egunean. Kamerundik heldu zen izenik eman nahi ez duen beste gazte bat, etxetik alde egin zuenetik urte eta erdi igaro denean. Asiloa eskatu du berak ere, eta elkarrizketa hitzorduaren zain dago. Bitartean, gaztelaniazko eskolak jasotzen ditu egunero.

Garciak jakinarazi du aldebiko etorrera bizi izaten ari direla: «Afrikatik datoz, baina Irundik [Gipuzkoa] errebotatuak ere bai». Frantziak muga itxi zuenetik asko Bilbora bueltatzen dira, muga ezin pasatuta. Horrez gain, Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorritako gizonezkoak dira denak une honetan. Emakumezkoekin zer gertatzen den «argitu gabeko» zerbait dela aitortu dute ekintzaileek: «Emakumeek migratzen dute, baina ez dakigu oso ondo zergatik ez diren gurera etortzen». Hala ere, badakite denek pairatzen duten indarkeriari sexu abusuak gehitzen zaizkiela emakumezkoen kasuan.

Egoerak aski kritika ekarri dizkie instituzio publikoei. EH Bilduk neurri «zehatz eta errealak» eskatu dizkiete, eta auzoek hartutako ardura euren gain hartzeko exijitu diete.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)