Baliabide gehiago eskatu dituzte migratzaileentzat

Instituzioek «larrialdi egoera honi» berehala erantzuteko exijitu dute Donostiako eta Irungo boluntario taldeek

Berria, Berria, 14-08-2018

DONOSTIA. Donostia, harrera hiria? Instituzioentzat ez! lelopean, elkarretaratzea egin zuten Donostiako udaletxe atzean atzo. Harrera Sarearen, Antiguako Txantxarreko gaztetxearen eta migratzaileen ordezkariek salatu zuten herritar boluntarioak ari direla ematen «oinarrizko beharrak» Donostiara iristen diren migratzaileei, ez direlako nahikoak instituzioek jarritako baliabideak: «Instituzioak dira, udala, diputazioa eta Eusko Jaurlaritza, larrialdi egoera honi berehalako irtenbide bat eman behar diotenak». Azaldu zuten hamahiru lagunek pasatu zutela gaua Txantxarreka gaztetxean, baina espazio hori ez dagoela «prest egoera horietarako».

Era berean, Irunen (Gipuzkoa) igandean herritarrek egin zuten elkarretaratzean azpimarratu zuten 25 migrantek kalean egin behar izan zutela lo. Izan ere, instituzioek lotarako jarritako egoitzan hiru gau pasatzeko muga dute, eta salatu dute epea igaro duten migratzaileei «sartzea galarazi» dietela «nahiz eta ohe hutsak egon». Leku gehiago eskatu dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)