Italiak bere jarrera gailendu nahi du migrazioaren bilerei begira

Bi kolpe eman ditu Legaren eta M5Sren gobernuak: Salvinik 224 iheslari daramatzan ontzi bati ere debekatu dio porturatzea. UNHCRk jakinarazi du 220 bat migrante hil direla itota egunotan

Berria, Ander Perez Zala, 22-06-2018

Europaren migrazioari buruzko auzian, Italia dago ia eztabaida guztien erdigunean. Eta ez da kasualitatea, Erromak testuinguru hori nahi baitu. Legaren eta M5S 5 Izar Mugimenduaren gobernua, baina batez ere lehen alderdiak, gai horren inguruan duen jarrera Italiatik atera eta kontinente zaharrean gailenarazteko helburu argia du. Horri begira, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak, eskuin muturrekoak, frogatu du estratega esperientziaduna, eta badakiela politikako ur handietan mugitzen bere agenda lehenesteko. Hala erakutsi du etxean, gobernu koalizioko M5Sri eta bere buruzagiari, Luigi Di Maio egungo Lan eta Garapen Ekonomikorako ministroari, protagonismoa kendu eta egunerokoaren kontrola hartzean. Eta hala erakutsi nahi du ere Europan, egunotan datozen bi bilera erabakigarriei begira. Lehen pausoak eman ditu jada: Aquarius ontziari porturatzea ukatu ostean, 224 iheslari daramatzan Lifeline gobernuz kanpoko erakundearen barkuari debekatu zion atzo. Hori da Salviniren Italiarako agenda migrazioaren auzian, eta Europara eramateko asmoa du.

«Italiako kostazainek idatzi diete esateko ez daitezela mugi, Libia arduratuko zela, baina zorigaiztoko hauek, migranteen bizia arriskuan jarrita, ez dute jaramonik egin, eta ontziak esku hartu du giza haragia ontziratuz. Ez dute italiar lurra ukituko. Eraman itzazue Espainiara edo Frantziara». Hitz horiekin eman zuen Salvinik debekuaren berri, eta aukera baliatu, etzi Bruselan migrazioari buruz egingo den goi bilera «informalari» begirako mehatxua helarazteko: Italiak ez du onartuko bere eskariak betetzen ez dituen neurririk. Hau da, Barne ministroak EB Europako Batasunari ohartarazi zion migrazioari buruzko araudiak aldatu beharko dituela; hala egin ezean, Italiak EBri egiten dizkion ekarpenak «birnegoziatzeko» aukera mahai gainean jarriko luke Salvinik. Estatu kideei erronka argia bota die eskuin muturreko politikariak.

Eztabaida horretan jarri zuten arreta, iragan asteartean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, asiloa arautzen duen Dublingo hitzarmena berrikusi beharra dagoelakoan. Baina, badaezpada, igandeko eta datorren asteko Europar Kontseiluaren bilerei begira, Italiako lehen ministroa presioa areagotzen ari da, eta konfrontazioaren estrategiari eutsi dio. Alboan du ere Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa, karguz Salvini baino garrantzitsuagoa, baina, praktikan, Legako buruzagiaren eta Di Maioren txotxongiloa. Conte da, azken batean, etziko eta datorren asteko bileretan egongo dena.

Nabaria da urduritasuna eta presa estatu kideen artean, Erromaren erabakiek eragindakoa. Horren erakusle, Merkelek atzo Conteri egindako deia, berriz ere Salviniren adierazpenek zeharka bultzatuta: herenegun filtratu zuten igandeko bilerako neurrien zirriborroa, eta Erroman ez zuten begi onez ikusi, ez zuelako «arreta jartzen egiazko» arazoan, Mediterraneoan kostaldea duten herrialdeekiko laguntza faltan.

Contek erasoaldiarekin jarraitzen zuen bitartean, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi zuen egunotan Libiatik Europara zihoazen 220 bat iheslari itota hil direla Mediterraneoan.

Norabidea zehazteko

Erabaki horrekin, Italiak lortu du etziko hitzorduaren eragina murriztea, Bruselan egingo den bilerak datorren osteguneko eta ostiraleko bilerako eztabaidagaiak «proposatuko» baititu soilik. Eta testuinguru hori aproposagoa da Erromarentzat, abiapuntu berri bat zehaztu baitu Salviniren presioak. Beraz, goi bilerak indarra galdu du neurrien aldetik, eta Erromak bere jarrera lehenestea lortu du. «Gure proposamenak aurkeztuko ditugu», adierazi zuen atzo Contek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)