Hainbat estatu kidek errefuxiatuen auzia aztertzeko bilera bat egingo dute igandean

Junckerrek zehaztu du «ideiak trukatzeko» bilera bat dela. Trumpek iragarri du eten egingo duela familia migratzaileak banatzeko plana

Berria, Kristina Berasain Tristan, 21-06-2018

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak lan bilkura «informal» batera deitu ditu igandean hainbat estatu kidetako estatuburu eta gobernuburuak, «migrazio eta asilo auzia» aztertzeko eta «ideiak trukatzeko». Kontseiluak datorren astean —ekainaren 28an eta 29an— egitekoa duen goi bileraren atarian egingo da bilera, asmoa baita errefuxiatuen auzian irtenbide komun bat adostea; migrazio politika adostea, alegia.

Juncker Angela Merkel eta Emmanuel Macronekin elkartu zen atzo, eta bi agintariek baieztatu dute asteburuko bileran izango direla. Alemaniako eta Frantziako agintariez gain, errefuxiatuen krisiak bete-betean eragiten dien estatu kideetako goi ordezkariak ere izango dira: Austria, Bulgaria, Espainia, Grezia, Italia eta Malta. Bezperan, Frantziako gobernuburuak Pedro Sanchez Espainiako presidentea hartuko du.

Merkelek eta Macronek herenegun egindako bileran adostu zuten errefuxiatuen krisiari elkarrekin erantzutea. Macronek hiru ideia nabarmendu zituen: lankidetza areagotzea Europara doazen migranteen jatorrizko herrialdeekin eta bidean gurutzatzen dituzten herrialdeekin; Europako mugak «hobeto babestea» Frontex mugak babesteko agentzia «indartuz»; eta asilo eskariak arautzen dituen Dublingo Ituna berrikustea.

Merkelen eta Macronen bileraren egun berean filtratu zen dokumentu polemikoaz ere arituko dira agintariak. Datorren asteko goi bilerako ondorioen zirriborroa da filtratutakoa, eta testu horretan proposatzen da iheslarientzako zentroak sortzea mugen atarian: «lehorreratzeko eskualde plataformak». Iheslariak migrante ekonomikoak edo «nazioarteko babesa» behar dutenak ote diren argituko litzateke gune horietan; hau da, gune horietan zehaztuko litzateke migratzaileen estatusa, horren arabera sartzen uzteko edo ez, ustez soilik estatus hori lortzeko aukera dutenei harrera egiteko.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak begi onez ikusi du proposamena, beste zenbait lekutan «emaitzak» ematen dituela zehaztuz; EBk Libian egiten duenari zeharkako erreferentzia egin dio Philippek.

Lehen ministroak adierazi du, halaber, Frantziak bere «erantzukizunak» beteko dituela: «Mediterraneoko potentzia handi bat gara, eta ezin diogu muzin egin gure geografiari, historiari eta irrikei».

Gero eta nabariagoak dira Europa iparraldeko eta hegoaldeko estatuen arteko desadostasunak, eta mendebaldekoenak eta ekialdekoenak; erronka berri bat dute estatu kideek aurrean.

Trumpen neurriak

AEBek ere erronka berari egin behar diete aurre, eta Donald Trumpek ez du nahi kontinente zaharrean gertatzen ari dena han gertatzea. AEBetako presidentea zorrotz jokatzen ari da, baina atzera egin behar izan du kritika ugari eragin dituen neurri batekin. Atzo iragarri zuen ez dituela banatuko AEBetara sartzen diren migratzaile sendiak: «Familiak elkarrekin mantendu nahi ditugu; oso garrantzitsua da. Laster zerbait sinatuko dut immigrazioari buruz, hori lortzeko».

Etxe Zuria hori amaitzeko neurria ari da prestatzen, baina presidenteak ez du argitu zer neurri izango den hori. Mexikoko muga apirilaren 19 eta maiatzaren 31 bitartean zeharkatu zuten familiak banandu dituzte: 2.000 haur baino gehiago banandu dituzte gurasoengandik, eta kaiolen moduko aretoetan sartu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)