«Europak bakarrik utzi gaitu»

Bosnia eta Herzegovina bihurtu da milaka asilo eskatzaileren etapa berria. Kroaziara gurutzatzeko esperantzaz iristen dira, Serbiatik edo Albaniatik. Halere, Kroaziako Poliziak bueltan bidaltzen ditu Bosniara.

Berria, Ane Irazabal, 21-06-2018

Dinak Suediara iritsi nahi du. Afganistango emakumeak argi dauka Eskandinaviako txoko hotz batean eskatuko duela asilo politikoa. Kabuletik alde egin baino lehenago erabaki zuen senarrarekin helmuga: «Gure bizilagunek duela hiru urte ekin zioten ibilbide berberari. Orain Stockholmen bizi dira».

Dinaren familiarentzat, ordea, askoz neketsuagoa izaten ari da exodoa. «Bagenekien Balkanetako mugak itxita zeudela, baina uste genuen nola edo hala gai izango ginela aurrera egiteko», adierazi du etsituta. Emakumeak lau semeekin eta senarrarekin gurutzatu zuen Turkiatik Bulgariara, handik Serbiara eta ondoren Bosniara. Halaber, Kroaziarekin mugan dagoen etxe abandonatu batean eten da bere bidaia.

Bosniako mugaldean, Bihac hirian, 2.000 bat migratzaile daude harrapatuta. Inork ez ditu zenbatu. «Kroaziara zeharkatzeko esperantzaz iristen dira gehienak. Batzuk Albaniatik datoz; beste batzuk, berriz, Serbiatik», adierazi du Amir Draganovic Gurutze Gorriko boluntarioak. «Udalak eraikin abandonatu batean pilatu ditu guztiak. Alkateak ez du nahi iheslariek edozein txokotan kanpatzerik», erantsi du.

Balkanetako gerren aurretik ikasle egoitza izan zen eraikina, eta bost solairu ditu. Barruan, 700 bat pertsonek hartu dute ostatu. Behean, zenbait familia bizi dira: Afganistangoak, Siriako kurduak, irandarrak eta irakiarrak. Goiko solairuetan, berriz, bakarrik bidaiatzen duten gazte batzuk daude. Eraikinak ez du leihorik, ezta aterik ere. Dena dago apurtuta, dena erortzeko zorian. «Oso arriskutsua da. Ume asko daude, eta eraikina zuloz beteta dago», irizten dio Draganovicek. Are larriago, teilatua apurtuta dago. Egun euritsuetan, euria egiten du eraikinaren barruan. Itoginak edonon daude, eta kanpadendak blai eginda geratzen dira.

«Egoera latza da, eta ezin diegu gehiago eskaini», uste du Draganovicek. Bosnia Europako herrialde pobreenen zerrendan dago, eta baliabiderik gabe harrapatu du krisi humanitarioak, ezustean. Gainera, nazioarteko elkartasuna ez da Balkanetako txoko ahaztu honetara iristen. Oraingoz, Gurutze Gorriak komunak ezarri ditu, eta jatekoa banatzen du egunean behin. Besterik ez.

Gurutzatzeko ahaleginak

Bihacen dauden migratzaile gehienak saiatu dira, gutxienez behin, Kroaziara gurutzatzen. «Lau aldiz zeharkatu dut, baina Poliziak beti atzematen nau», azaldu du Abed afganiarrak. «Izugarria da polizia kroaziarren bortizkeria. Jipoitu egiten gaituzte, eta sakelakoak apurtzen dizkigute», erantsi du. Abed emaztearekin eta amaginarrebarekin egiten ari da bidaia: «Agian Bosnian geratuko naiz; ez dago Alemaniara iristeko modurik».

Mugaldean harrapatuta dauden errefuxiatu guztiek esperientzia txarra izan dute Kroaziako segurtasun indarrekin. Halima alarguna da, eta bi semeekin egin du ihes Iraketik: «Duela astebete saiatu ginen gurutzatzen. Kroaziako Poliziak esan zigun ez zutela migratzaile musulmanik nahi», azaldu du malko artean.

Hain zuzen, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gogor kritikatu ditu Zagrebeko segurtasun indarren metodoak. Iragan maiatzean, Kroaziako poliziek tiro egin zioten 29 asilo eskatzaile zeramatzan furgoneta bati, eta larri zauritu zituzten Irakeko eta Afganistango bi haur. Erasoak izua eragin du iheslarien artean: «Jakin izan banu halako egoera tamalgarrian bizitzen amaituko nuela, ez nukeen inoiz etxetik alde egingo. Europak bakarrik utzi gaitu», hausnartu du Halimak.

Egoera bertsua aurki daiteke handik 50 kilometro iparraldera, alegia, Velika Kladusan. Raul Ubide boluntario lanetan ari da bertan: «Kroaziara zeharkatzen saiatzen diren migratzaileen bigarren ibilbidea da. Kasu honetan, udalak hiriaren kanpoaldean dagoen zelai bat utzi die kanpadendak jar ditzaten». Velika Kladusan 1.000 pertsona inguru geratu dira harrapatuta. «Gehienek aspaldi hasi zuten bidaia. Ez dakite zer egin. Aurrera egitea oso zaila da, baina atzera bueltatzea are latzagoa», esan du Ubidek.

Boluntarioek dutxak eta komunak ezarri dituzte. «Egunero jende berria iristen da», nabarmendu du ekintzaileak. Izan ere, Velika Kladusako iheslari batzuek lortu dute Kroaziara zeharkatzea eta handik Esloveniara gurutzatzea. Esloveniako Poliziak, ordea, deportatu egin ditu. Ubidek argi dauka: «Domino efektua bezalakoa da. Bruselak ateak ixteko agindua eman du; beraz, herrialde bakoitzak azpian daukanari bueltatzen dizkio migratzaileak. Arratoiak balira bezala tratatzen dituzte».

Pertsonen aurkako minak

Edonola ere, iheslari gehienek ez dute amore ematen. Familiak talde txikitan antolatzen dira, eta gauez egiten dute zeharkatzeko saiakera. Halere, igarobideak arrisku handi bat dauka: Bosniaren eta Kroaziaren arteko muga minaz josita dago. Balkanetako gerretako zauririk ikusgarrienak dira. Sarajevoko gobernuaren arabera, 80.000 mina daude oraindik aktibatuta. «Desaktibatzaile taldeak aspalditik ari dira lanean. Helburua zen 2019rako Bosnia zeharo garbitzea, baina ez da posible izango», esan dio telefonoz BERRIAri Mine Action Centre erakundeko Svetlana Luledzija bozeramaileak.

Hori hala, Bihac eta Velika Kladusako boluntarioek mapak banatzen dizkiete iheslariei. «Mina-zelaiak marrazten dizkiegu. Ohartarazten diegu errepide edo bidexka nagusietatik ez aldentzeko, eta, batez ere, basoetan ez sartzeko», azaldu du Draganovicek. Izan ere, Balkanetako gerraren mamuak oso presente daude oraindik. «Minek ehunka sarraski eragin zituzten, eta ez dugu nahi iragana berriz ere itzultzerik», gogoratu du boluntarioak.

Oro har, bosniarrak eskuzabal jokatzen ari dira migratzaileekin. Duela 25 urte, Balkanetako gerren garaian, Bihaceko etxe asko hutsik geratu ziren. Draganovicek hala gogoratzen du: «Oso txikia nintzen, baina gogoan dut gure senitartekoak Luxenburgora joan zirela. Babesa eskaini zieten. Oraingo errefuxiatuei ere aitortza bera zor diegu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)