Mugak Zabalduz karabana Italiara joango da, xenofobia salatzera

Berria, , 21-06-2018

Mugak Zabalduz karabanak hirugarren bidaia egingo du udan. Uztailaren 13tik 22ra, Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat ekintzaile Italiara joango dira, hango gobernuaren «politika xenofoboak» gaitzestera. «Afrikarekin dituen mugak kanporatzeko asmoz Europak hartu dituen neurrien isla da: Libiarekin akordioak egin ditu, giza eskubideen urratzaile batekin, eta Bruselak ematen dituen laguntzen hartzaile nagusia da», salatu dute Euskal Herriko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek.

Migratzaileek kontinentera iristeko egiten dituzten bidaien arriskuaz ohartarazi zuten; adibidez, Gibraltar itsasartea gurutzatzen dutenek sufritzen dutena. Asteburuan, milatik gora iritsi ziren penintsulara. Horietako batzuk Donostiara etorri ziren astelehenean, Almeriako Gurutze Gorriak bidalita. Beste batzuk Bilbora heldu ziren atzo. Frantziara joan gura dute horietako askok. Bizkaiko Gurutze Gorria joan zitzaien autobus geltokira: informazioa eman zien, eta euren bideari jarraitu zioten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)