«Arrazakeria instituzionala eta soziala» salatu dute Gasteizen

Alde Zaharreko bizilagun bat atzerritarrentzako Bartzelonako zentroan dago. Hogei urte egin ditu hirian, baina kanporatzeko arriskuan da

Berria, Jon Rejado, 21-06-2018

«Arrazakeria sozial eta instituzionala nahi bezala dabil Gasteizen, Euskal Herrian zein Espainiako Estatuan». Alde Zaharreko dozenaka lagunek gogor kritikatu dute ekainaren 10ean jazotako gertakaria. Udaltzaingoak gizon bat atxiki zuen, Omar izenekoa, Gasteizko bizilaguna hogei urtez, eta Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuen, Atzerritar Legea urratzea leporatuta, paperik ez zuelako. Ordutik, Bartzelonako CIEan dago Omar, atzerritarrak atxikitzeko zentro itxian. Haren egoeragatik kezka agertu dute lagunek eta gertukoek, baita egoera bertsuan egon daitezkeen pertsonengatik ere. «Zenbat lagun daude segurtasun faltan gure hirian?», galdetu dute.

Omarren dozenaka lagun bildu ziren atzo, Alde Zaharrean, libre utz dezatela eskatzeko. «Pertsona arrazializatuen kontrako jazarpena gelditzea» galdegin zioten Gasteizko Udalari, baita Udaltzaingoari ere. Antzeko gertakariak salatzeko eta ezagutarazteko deia zabaldu zuten, hiriko auzoetan «pertsona migratuak eta arrazializatuak seguru senti eta bizi daitezen».

Tami Eugi Omarren bikotekideak jakinarazi du astelehenean izan zela bista. Fiskalak ez zuen CIE batera eramaterik eskatu; bai, ordea, epaileak. Horrekin batera, epaileak abokatuari aukera eman zion Omar Gasteizen sustraitua dagoela egiaztatzeko. Horretarako notario akta bat aurkezteko eskatu zuen, bizilagunek hala baiezta dezaten.

Dagoeneko helegitea jarri diote epailearen erabakiari, notarioaren aktarekin. «Helegitea hel daiteke Bartzelonatik beste norabait mugitu baino lehen, edo horren ostean». Horren harira, Eugik gogoratu du Omar herrigabea dela: bere jaioterria adierazten duen agiririk ez du. «Kanporatuko balute, bere etorkizuna kolokan geratuko litzateke».

Kanporatze arriskua, gertu

Izan ere, Hala Bedik atzo arratsaldean jakinarazi zuen Omar Aljeriara bidal dezaketela hil honen 26an. Irrati katearen arabera, Aljeriako kontsulak hala ezagutarazi dio gizonari. Baina egoera hori ez da berria harentzat, Eugik oroitu duenez. 2012an ere Gasteizen atxilo hartu, eta Alucheko (Madril) zentro itxian izan ondoren, Aljeriara bidali zuten. Bertan presondegian sartu zuten, eta aberrigabea zela egiaztatzean Alacanteko portura (Herrialde Katalanak) eraman zuten. «Guztira, 66 eguneko kalbario latza izan zen, gose justifikaezina, etengabeko umiliazioak eta irainak, kezka eta mina», gogoratu du Eugik.

Omarren etorkizuna argitu bitartean, zentro itxiaren egoera «izugarria» dela azaldu du Eugik. Bertako baldintzez gain, Omar «zirikatzen» hasi direla azaldu du, aurretik beste CIE batean egon dela jakin dutenean. Horren gainetik, ordea, zentroan dagoen «tentsioa» nabarmendu du: «Denak zain daude, gertatuko zaiena jakin gabe, mugituko ote dituzten, eta nora. Muturreko tentsioa dago, eta noiznahi gatazka sor daiteke».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)