Alemania-Frantzia bilera. Errefuxiatuak

Macronek Merkel babestu du migrazioari aurre egiteko estrategian

Bruselak proposatu du iheslarientzako zentroak sortzea Europako Batasunaren mugen atarian

Berria, Ander Perez Zala, 20-06-2018

Migrazioaren auzia EB Europako Batasunaren lehen lerrora itzuli da berriz ere, eta, datorren asteko Europar Kontseiluaren hitzordu erabakigarriari begira, Europako agintari nagusiak erantzun komun bat adosteko ahaleginetan murgildu dira. Kontinente zaharrera ihesean doazen milaka pertsonen bizia eta geroa dago jokoan, baina baita EBren eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren etorkizun politikoak ere. Negoziazioak erlojuaren kontra doaz, eta egunotako bilera sorta amaigabearen lehen geltoki garrantzitsuak epe laburrera eta ertainera begirako ondorioak izan ditu: migrazioaren auziari «erantzun europarra» emateko helburuan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Emmanuel Macron Frantziako presidentearen babesa jaso zuen atzo, eta hori keinu garrantzitsua da Merkelentzat bere aginteari begira, bai Europan bai Alemanian bertan.

Panorama egun gutxiko epean gaiztotu da: Italiako Barne ministroak, Matteo Salvini eskuin muturrekoak, bere herrialdean porturatzea debekatu zion 629 migrante zeramatzan Aquarius ontziari, eta ijitoen errolda bat osatzeko nahia adierazi zuen herenegun, Italiakoak ez direnak handik botatzeko. Horrez gain, Salvinik immigrazioaren aurkako hiruko aliantza osatu zuen joan den astean, Austriako kantziler Sebastian Kurzekin eta Alemaniako Barne ministro Horst Seehoferrekin batera, herrialdeen mugak ixteko helburu argiarekin. Erabaki eta intentzio horiek Merkelen urteotako muga irekien politikekin egiten dute talka erabat, eta agerian utzi dituzte haren gobernu koalizioko desadostasunak. Alemaniako kantzilerraren agintea eta sinesgarritasuna inoiz baino ahulago daude, eta Merkelek kolpe politiko bat behar du egoera egonkortzeko. Horregatik, migrazioaren auzia giltzarritzat du, Seehoferrek bi asteko epea eman baitio irtenbideren bat adosteko.

Testuinguru horretan, eta immigrazioaren inguruan Europa mendebaldeko eta ekialdeko estatuen arteko desadostasunak nabariak direla kontuan harturik, Macronek eta Merkelek pauso bat eman nahi izan zuten atzo, iniziatiba hartu eta datorren asteko Europar Kontseiluaren bilerari begira ekinbideak eta neurriak proposatzeko. Hiru ideia nabarmendu zituen Frantziako presidenteak: Europara doazen migranteen jatorrizko herrialdeekin eta bidean gurutzatzen dituzten herrialdeekin lankidetza areagotzea; Europako mugak «hobeto babestea», Frontex mugak babesteko agentzia «indartuz»; eta asilo eskariak arautzen dituen Dublingo Ituna berrikustea. Hori guztia, Macronen iritziz, «erronka komun bati erantzun komun bat» emateko.

EBren proposamena

Merkelen eta Macronen bileraren egun berean filtratu zuten datorren asteko goi bilerako ondorioen zirriborroa. Testu horren arabera, Bruselak proposatuko du iheslarientzako zentroak sortzea EBren mugen atarian, gune horietan zehazteko migratzaileen estatusa.

«Lehorreratzeko eskualde plataformak» lirateke, eta bertan argituko lukete iheslariak migrante ekonomikoak diren edo «nazioarteko babesa» behar dutenak diren eta, beraz, errefuxiatu estatusa lortzeko aukera handiagoa izango duten. EBren arabera, neurri hori Nazioarteko Migrazio Erakundearen eta Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren laguntzarekin sartuko litzateke indarrean. Datorren asteko ostegunean eta ostiralean izango da bilera, eta hainbat ikuspegik talka egingo dute Bruselan. Ikusteko dago, beraz, neurriak 28en oniritzia jasoko duen.

Bien bitartean, lan diplomatikoa aurreratzeko helburuarekin bira batean murgildu da Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea. Besteak beste, gaur Giuseppe Conte Italiako lehen ministroarekin batzartuko da, eta, etzi, hitzordu gogorrak izango ditu: Austriako kantziler Sebastian Kurzekin, batetik, eta Hungariako lehen ministro Viktor Orbanekin, bestetik. Hain justu, EBren proposamena Orbanek 2016an egindakoaren berbera da, eta atzo Macronek eta Merkelek ez zuten baztertu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)