Iheslari adingabeen adina, auzitan

Atzerriko adingabeen ardura du administrazioak, baina, adinaren ebaluazioa dela medio, kontrolen zorroztasunak gaina hartzen die batzuetan adingabeen eskubideei.

Berria, Nora Arbelbide Lete, 20-06-2018

Legez, etorkin adingabeen ardura badu administrazioak Euskal Herri osoan. Ipar Euskal Herriko lurretan, Pirinio Atlantikoen Departamendua da horren arduradun. Ahaiderik ez duen adingabe gisa ezagutuz gero, babestu egin behar da 18 urtetik beherakoa. Gehiago dena, legeak dio adingabe atzerritar bati ezin zaiola leporatu legez kanpoko egonaldirik. Adingabeak ez du asilo eskubiderik eskatzerik: haurren babes eskubideak zaizkio aplikatzen. Baina hara, aplikazio hori ez da automatikoa. Horretara iristeko, lehenik, gaztearen egoera ebaluatzen dute. Paueko Isard Cos elkarteak du ardura, departamenduak hala eskaturik. Prefeta eta Aire eta Mugetako Polizia ere protokoloaren parte dira.

Etorkinaren nortasuna eta adina baieztatzea: hori azterketaren helburua. Baliabideak, bere historiaren kontaketa, eskura ditzakeen agirien egiazkotasuna baieztatzea, eta hezur azterketak ere egin ditzakete. Hatz markak ere kontsultatzeko ohitura hartua dute. Zerrenda hori praktikatik begiratuz gero, zalantza batzuk agertzen dira. Giza eskubideen defendatzaileak berak jakinarazia du inkesta bat abiatua duela jakiteko zuzen zer gertatzen den azterketa horietan Pirinio Atlantikoetan.

Zalantzetan sartu baino lehen, hasteko, azterketa bera egitea, hori ere galdezka daiteke. Buruzagien aldetik, dudarik ez. Adingabea «egiazko adingabea» den baieztatzea ezinbestekoa dela berresten du PAF Aire eta Mugetako Poliziaren departamenduen arteko zuzendari Judith Gabelek. «Adingabe faltsuak baitaude». Hau da, beren burua adingabe gisa aurkezten duten helduak. Gabelek gogoratu du etorkinek aurkeztu lau agiri ofizialetik bat faltsua dela baieztatzen dutela beren egiazkotasun lanetan. Nahiz eta aitortu agiri faltsu batek ere ez duela egiten adingabea heldu.

«Arriskurik ezin dugu hartu», argudiatu du Fabien Tuleuk, Pirinio Atlantikoetako Elkartasun Zerbitzuetako zuzendariak. «Horrek erran nahiko luke, potentzialki, gazte egoitzetan, geriza familietan, adingabeak helduekin nahasiko nituzkeela. Alta, nortzuk dira babesten diren adingabeak? Tratu txarrak, eraso sexualak jasan dituzten gazteak». Adingabe faltsu batek erasotzaile izateko arrisku handiagoa ote du, hortaz? Ohar hori egiterakoan, hauxe Tuleuren erantzuna: «Ez didazu erranaraziko erran ez dudan zerbait. Gure lana da adingabeei babesguneak eskaintzea. Eta babesgune horietan helduak sartzea biziki arautua da. Langile sozialak baizik ezin dira sartu». Eta, dena den, ebaluazioak egiten badituzte, legeak hori eskatzen duelako dela bururatu du Tuleuk.

Bada diru kontu bat ere. «Laguntza sozialen iruzurra dago», nabarmendu du Gabelek. «Adingabeen aurrekontuaren parte bat eskuratzen dute, ez luketelarik eskuratu behar». Landen departamendua jarri du adibide poliziaburuak: «Egiazko adingabeen errezibitzeko lekurik ez dute gehiago, adingabe faltsuengatik. Horregatik da garrantzitsua sailkatzea».

Orotara 5 salaketa jarri dituela jakinarazi Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Bost salaketa bost gazteen aurka. Adingabe faltsuak izatea leporatzen die. Eta ondorioz, babes lekuetan iragan egunek sortu gastuen araberako isuna eskatzen du departamenduak. Iruzur egitea leporatzen die. Heldu den ostegunean, ekainaren 28an, bi gazteen auzia iraganen da Baionako delitu auzitegian. Adingabe faltsuak izateaz agin, agiri faltsuak aurkeztu izana leporatzen diete.

Orain, kontua bestaldetik begiratuz gero, zergatik aurkezten dute helduek beren burua adingabe gisa? «Kalteberatasunaren prisma esklusibotik egin kudeaketaren» ondorio dela azaldu du Daniel Senovilla Hernandezek. Poitierseko Unibertsitateko jurista da, eta Migrinter laborategiko kidea ere bai. Nazioarteko migrazioen ikerketan berezitua da laborategia. «Migrazio erregularrean ohiko biderik» ez izatea da kontua. «Europaren atarira iristen diren etorkinentzat, beren burua etorkin kaltebera gisa aurkeztea da aukera bakarra». Horrek esplikatzen du «etorkin suntsierrazak hain kopuru handian agertzea estatistiketan»; eta barne, bakarrik dauden adingabeenak.

Adingabe «faltsu» ala «egiazko» sailkapenari bestaldetik begiratzeko aukera ematen du Senovilla Hernandezek. Ebaluazioak «egiazkoak baztertu ditzakeela» ere ohartarazi du. «Iruzur potentzialaren argumentuak instituzioei aukera ematen die justifikatzeko biziki eraginkorra den azterketa sistema bat plantan jartzea. Haren oinarria etorkinaren sinesgarritasuna dudan jartzea delarik».

Ikerlariak zehaztu du lege guztiek errespetatu behar duten proportzionaltasunaren printzipioa lanjerrean jartzen duela jokamolde horrek: «Lanjerrean den etorkin adingabe bat ez babestea ezin da inondik ere justifikatu babes zerbitzuen harrera kontrolatzeko instituzioek duten interesarekin. Adingabearen interesa lehentasuna izan behar da beti, haurraren eskubidearen nazioarteko hitzarmenaren hirugarren artikuluak dioen bezala».

Adingabeen begietatik

Horren guztiaren lekuko zuzena da M.S.; ginearra da sortzez, gaur egun Baionan bizi da. «Ni ez naiz kriminal bat», ohartarazi du. 16 urte dituela eta, babesa eskatzea, hori du erru bakarra. Hendaiako atxikitze zentrora eraman zuen eskaera horrek. Kanporatua izateko atarian, azkenean, prozedura akats batengatik askatu zuten, duela bi hilabete.

Ikusteko nolakoak diren gauzak. Atxikitze zentroan zela, ordea, askatasun epaileak hau erran zion: «Zu ez zara adingabea. Zimur gehiegi dauzkazu kopetan». Beste bat, Baionako epaile adingabearena: «Argi egon dadila. Ni ez naiz hemen humanitarioa egiteko». Baina, oroz gainetik, Paueko Aire eta Mugetako Poliziaren atxiloaldia du gogoan iltzatua. Zergatik hor zegoen ongi ulertu gabe, oraino gogoan du ate nagusia giltzaz hetsi ziotelarik bere gibelean. Bere adingabetasuna zuten zalantzan ematen. Alta, hala zela zioen ebaluazioa pasatu berria zioten Aveyron departamenduan. Han lekurik ez zutela eta, Paueko babesgunera bidali zuten. Pauek, ordea, berriz azterrarazi. Eta berrazterketa horretan, Aire eta Mugetako Poliziara eraman. Haiek hatz markak begiratu. Eta hatz markek Tarifatik (Espainia) pasatu zela erran. Eta ikusi han heldu gisa zela erregistratua.

Dokumentu batzuk izenpetzeko eskatu zioten poliziek. Espainiara bidaliko zutela, eta han babestuko zutela. Baina, horretarako, izenpetu behar zituela dokumentuak, kontseilu bat balitz bezala aurkeztuz kontua: «Nik hori bitxi kausitu nuen. Polizia batek ezin du lagundu. Mesfidatu nintzen. Ez nuen izenpetu». Orduan zuten bidali Hendaiako atxikitze zentrora. Han dagoen Cimade elkartea ohartu zen, bai, haren egoeraren anomaliaz. «Txikia» zela eta zer egiten zuen hor galdetu ziotela gogoratzen da M. S. Bere historia kontatu zien. Eta elkarteak martxan jarri zuen hura babesteko sarea.

«Azken finean arrazakeria» dela laburbildu du M.S.-k. «Beren haurrak izan balira gure lekuan, ez zuketen nehoiz horrelakorik eginen. Baina, nola ez garen beren haurrak, horregatik digute jasanarazten hori dena».

Kontua da Europara sartzean, hona iristen direnen artean, anitzen kasuan, Espainiako Estatuan agintariek hatz markak hartzen dizkietelarik beren burua heldu gisa aurkezteko hitza pasatzen dutela elkarren artean etorkinek. Baita egiazki adingabeak direnen artean ere. Hori baieztatu da kasu batean baino gehiagotan. Horretaz ohartuak direla egiaztatu du Aude le Herissier Baionako prokuradoreordeak: «Ohartuak gara Espainian hobe dela heldua dela erratea, harrera hobea daukatelako. Jaten ematen diete. Frantzian, ordea, hobe da erratea adingabeak direla. Adingabe batek heldua dela erran dezake, soilik hobeki artatua izateko».

Baina bizkitartean, fitxategi horien baliagarritasuna berresten du poliziaburuak. Asilo eskatzaileen Eurodac, pertsona bilatuen FPR, edota jadanik delituak egin dituzten FAED fitxategiak, denak begiratzen dituztela. Tolosako Dei Auzitegiak, alta, ebatzi berri du Eurodac fitxategiak ez duela balio adina zehazteko. Baina, kasazio gortearen erabakia ez deno, erabakia ez dela efektiboa ihardetsi du Gabelek. Eta, dena den, fitxategien emaitza, «elementu bat gehiago da elementu multzoaren barnean», Gabelek. M.S.-ren kasuan, alta, hatz marken fitxategiko elementu hura bakarrik aski izan zitzaien atxikitze zentrora bidaltzeko.

Zerbitzu sozialen eta Poliziaren arteko elkarlan horretan ez du arazorik ikusten Tuleuk. Atzerriko adingabeen ebaluazioa zehazteko tokiko protokolo bat ere izenpetzekotan direla iragarri du Tuleuk. Poliziaburuak baieztatua. Jakiteko nork zehazki zer egiten duen. Gaur egun egiten dena paperean emateko, Gabelek gaineraturik. Tuleuri kritikagarriagoa egiten zaio ebaluazioak departamendu batean baino gehiagotan errepikatzea. Eta estatuak hori guztia «harmonizatzea» eta diru gehiago ezartzea nahiko luke. Azterketak departamendu guztietan berdin egitea ere eskatzen du. Leku batzuetan oren erdi bateko solas batera mugatzen direla salatu du. Pirinio Atlantikoetan, berriz, «zorrotzak» direla dio.

Aitortzen du gazteari ebaluazio bat baino gehiago egitea «indarrak galtzea» dela. «Eta ez da pertsonak tratatzeko modurik egokiena». Zerbitzu sozialetik pasatu gabe. Erran beharra da gertatzen dela adingabea fisikoki ez onartzea, Gabelek baieztatu duenez. Barne Mugetako kontrolak berriz martxan jarri zituztenez geroztik egiten dute hori. «Zubietan, autobideetako ordainbideetan, geltokietan» aurkitzen dituztenekin egiten dute hori. Adingabeez gain, helduak ere bai, funtsean: «Espainiarrekin akordio bat badago adingabeen kasuan, sistematikoki berriz har ditzaten». Nola dakite adingabeak direla? «Batzuetan, ikusten da; besteetan, haiek erraten dute hala direla». Espainiako Estatuko agintariak adingabeen bila etorri bitartean polizia etxean atxikitzen dituztela ere nabarmendu du: «Gose badira, jatera ematen diegu. Ez gara gaiztoak».

Gauzak nola diren. M.S.-ren kasuan, azken berrien arabera, Baionako adingabeen epailea adingabe gisa onartzekotan da. Adingabe gisa lehen aldiz aurkeztu zenetik bost hilabetera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)