Ikasten

Berria, 18-04-2006

amagoia iban

Ehunka mila pertsona Ameriketako Estatu Batuetako kaleetan, milioika immigrante delinkuente egin dituen legearen aurkako mobilizazioetan. Ken Moranen salaketa irakurri duzu The New York Times egunkarian: Indianapolisko enpresa batek bi mila langile bota ditu kalera immigrazio legearen aurkako manifestazioetan parte hartzeagatik. Argentinako Clarin – ek dio: Houstongo jatetxe bateko sei langile kalera bota dituzte arrazoi beragatik; Detroiteko fabrika bateko hogeita bat langile lanik gabe utzi ditu nagusiak, «lanpostua utzi» egin dutela argudiatuta. Anthony Solteroren auzia jarraian: etorkinen semea zen, hamalau urte zeuzkan eta zigortu egin zuten eskolan, legearen aurkako martxoaren 28ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuelako. Hiru urteko kartzela zigorra eta amak ordaindu beharko zuen isun latza jasoko zituela, hori ere esan omen zioten eskolan. Martxoaren 30ean, Anthony Solterok tiro jo zion bere buruari. Apirilaren 1ean hil zen. Langileen eskubideetatik abiatu, eta hezkuntzari eta ikasle – etorkizuneko langileen eskubideei buruzko gogoeta piztu du heriotzak zenbait gunetan. Gurerako ere, gogoeta txarra ez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)