Laguntza zigortzen denekoa

Mediterraneo itsasoan errefuxiatuak erreskatatzen aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeak jomugan dira azkenaldian. Haien lana oztopatzeaz gain, auzibideak abiarazi dituzte haien aurka. Ohartarazi dute Europara iritsitako migratzaile kopurua jaitsi dela baina auzia ez dela konpondu.

Berria, Aitor Biain, 09-05-2018

Eguneko bost errefuxiatu hil dira urtea hasi zenetik Mediterraneo itsasoan, batez beste, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen datuen arabera. Gerratik, jazarpenetik edota pobreziatik ihesi ari ziren 606 lagun, orotara. Behin- behineko datua besterik ez da, ordea. Haien bizia arriskuan jarri eta itsasoko zeharkaldia egitera ateratzen diren errefuxiatuen jarioa etengabea baita, eta, beraz, kontagailuak gora egin dezake datozen hilabeteetan. Azken bi egunetan, esaterako, Europa helburu zuten beste 800 lagun erreskatatu dituzte Libiako itsasoan; 10.000 pasa, urtarrilaz geroztik. Aurreko urteko datuekin alderatuta, ordea, «nabarmen» egin du behera kopuruak. Hala ere, kontinente zaharrera iritsitako migratzaile kopurua murriztu izana ez da kasualitatea, Europako herrialdeen migrazio politiken ondorio baizik.

Izan ere, Europako Batasuneko herrialdeek Libiako miliziekin egindako akordioa emaitzak ekartzen ari da, adituen arabera. Gerard Canals Proactiva Open Arms GKEko ordezkariaren hitzetan, «bistakoa» da ordaintzen zaien «dirutzak» horretarako bide eman duela, «baina ez da nahikoa, jendeak itsasora ateratzen jarraitzen baitu». Arazoaren muina harago doala azpimarratu du Canalsek. «Libiako kostazainak ez dira gai erreskate guztiei behar bezala erantzuteko. Baina auzia ez da soilik hori. Arazoa zera da: gure patrikatik jarritako diruarekin ari dela Europa Libiako miliziak finantzatzen, eta talde horiek nazioarteko legea urratzen dutela erreskateetan. Zer pentsatua eman beharko liguke horrek».

Salaketa hori bera egin dute erreskate lanetan aritzen diren gobernuz kanpoko erakunde guztiek. Bada, akusazio horren albo kalteak ordaintzen ari dira orain gehienak, Canalsen hitzetan: «Horregatik kendu nahi gaituzte tartetik, bistakoa da. Lehen lerroan gaude, eta deserosoak gara batzuentzat. Kazetariak eramaten ditugu gurekin, irudiak erakusten ditugu: finean, administrazioaren hutsunea betetzen ari gara, haiek egin beharko luketena egiten ari gara. Baina, horrez gain, haien erabaki politikoen ondorioak zeintzuk diren azaleratzen dugu, eta hori ez dute gustuko».

Laguntzaileak jomugan

Erreskate lanetan ari diren ontzi kopuruari erreparatuz gero, kalte hori nabarmena da: 2016an, esaterako, hamalau ontzi ari ziren Mediterraneoan errefuxiatuak erreskatatzeko lanetan. Egun, aldiz, bost baino ez dira geratzen. Finantzaketa arazoengatik utzi behar izan dute jarduna batzuek; Italiako Gobernuak ezarritako jokabide arautegia indarrean ezarritakoan erretiratu dira beste batzuk. «Gure irudia zikintzen dute aurrena, eta gure jarduna kriminalizatu ondoren», kexu da Canals.

Izan ere, Proactiva Open Arms-en ontzietako bat zen Mediterraneoan jardunean ari zirenetako bat, harik eta martxoaren 15ean epaile batek Siziliako (Italia) portuan geldiarazi zuen arte. Egun hartan, erakundeko hiru ekintzaile atxilotu, eta talde kriminal bateko kide izatea eta giza trafikoa ahalbidetzea egotzi zieten, ustez libiarren ardurapean zegoen erreskate batean parte hartzeagatik eta migratzaileak haien esku ez uzteagatik. Egun hartan 218 lagun erreskatatu zituzten guztira Proactiva Open Arms erakundeko kideek.

Hala gogoratu du Canalsek: «Lehenik, erreskaterako deia jaso genuen Italiako kostazainen partetik, baina, ordubetera, adierazi ziguten operazioa libiarren esku utzi zutela. Guk ordurako erreskatea abiarazia genuen, eta legearen aurkakoa da nazioarteko uretan migratzaileak beste herrialde baten esku uztea. Libiako kostazainek, hala ere, migratzaileak haien esku utzi ezean hil egingo gintuztela mehatxatu gintuzten. Guztia grabatuta dago. Egun hartan egin genuena legezkoa eta etikoa dela badakigu; lasai gaude».

Hilabeteren buruan, akusazioak baztertu, eta erreskateen jardunarekin jarraitzeko baimena eman zien epaileak, baina fiskaltzak errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka. Ikerketapean jarraitzen dute oraindik erakundeko beste bi kidek. Canalsen arabera, «nabarmena» da laguntza zigortzeko dagoen kanpaina: «Zentzugabea da giza trafikoa leporatzea itsasoan egun bakar batean 218 lagun erreskatatzeagatik, aurrez beste 45 erreskate egin ditugunean. Inori ez zaio burutik pasatzen 200 lagun erreskatatzeagatik talde kriminal bateko kide garenik, aurrez bi urtez aritu garenean, eta, orotara, 35.000 lagun inguru erreskatatu ditugunean».

Ez dira jomugan jarri dituzten bakarrak, ordea. Asteon, Proem-Aid erakundeko beste bost lagun epaitu baitituzte Lesbosen (Grezia) errefuxiatuak erreskatatzeagatik. Pertsonekin trafikatzea egotzita, hamar urteko kartzela zigorra eskatu zuten haientzako; kargurik gabe aske utzi ditu epaileak azkenerako. «Ez gara bakarrak, noski. Beste erakunde askok ere akusazio berberei aurre egin behar izan baitiete. Horrek erakusten du, hain zuzen, laguntza jomugan dagoela».

Konponbidea, oinarrian

Canalsek gogorarazi du errefuxiatuen auziaren konponbidea «oinarrian» bilatu behar dela, «eta ez itsasoan adabakiak jarrita». Europako Batasunaren errefuxiatuak erreskatatzeko programak gaitzetsi ditu: «Libiari dirutza ordainduta ez dugu arazoa konponduko. Errefuxiatuak ez dute libiarren eskuetan geratu nahi, eta kasu askotan itsasora salto egiten dute, horrek dituen ondorioekin. Nori lagundu aztertu beharko genuke, dirua nori eman erabaki aurretik».

Mare Nostrum programa ekarri du gogora Canalsek horri lotuta; Mediterraneoan errefuxiatuak erreskatatzeko Italiako Gobernuaren programa da. 2013an martxan jarri eta urtebetera bertan behera utzi zuen. Urtebetean 100.000 pertsona inguru erreskatatu zituzten hari esker. «Kostu ekonomiko eta politiko handiegia» zuelako kendu zuten; hilean bederatzi milioi euroko inbertsioa behar zuen. Canals: «Orain, berriz, kostu handiagoa duten programak daude martxan, baina eraginkortasun txikiagoa dutenak. Ez du zentzurik».

Errealitatea ezagutaraztearen beharra azpimarratu du. Ghanan martxan jarri duten proiektu baten berri eman du. Herritarrei oinarrizko informazioa ematea da proiektuaren helburua, errealitatea parez pare jartzea. «Herrialdea utzi, eta bidean aurkituko dutena azaltzen diegu: Libian jasan beharko dutena, eta itsasoaren erdian biziko dutena. Baina, horrez gain, herrialdean bizitza duin bat izateko formakuntza bat ematen diegu». Aitortu du erakundearen ekinbidetik harago doan jarduera bat dela, baina «oinarrian» eragiteko bide bat dela nabarmendu du. «Arazoa ez da migrazioa, jende hori guztia bide erdian hiltzea baizik. Eta hor eragin behar da. Guk bakarrik ezin dugu; laguntza beharko dugu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)