Miresten zaitut

Diario de noticias de Gipuzkoa, XABIER. EUZKITZE, 15-04-2018

Iragan urtean hitzarmen bat sinatu zuten Osakidetzak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. Helburua ospitalean ingresaturik dauden etorkin-jatorriko haurren gurasoei laguntzea da. Izan ere, badira seme-alabak ospitalean dituzten etorkinak, haiei behar besteko arreta eskaini ezin dietenak. Iazko abuztuan jaiotako neskatxa baten kasua da. Demagun Jadiya deitzen dela. Izena asmatua da, gertaera benetakoa. Buruko eritasun batekin munduratu zen. Hasieratik ikusi zuten larria zela, baina urrian egoerak okerrera egin eta ingresatu beharra izan zuten. Gurasoak Donostiatik urrun samar bizi batetik, gainerako seme-alabak zaindu beharra bestetik, eta bizimodua ere atera egin behar. Eginahalak egiten zituzten, baina ezinezko gertatzen zi-tzaien 24 orduz alabatxo gaixoarekin egotea.

Horrelako egoerak bertako familiei ere gerta-tzen zaizkie. Etorkinen kasuan baldintzak neurrigabe zailtzen dira, ordea. Askotan ingururik ez, lagunduko dieten aitona-amona edo neba-arrebak falta. Gehienetan ume gehiago, eta haiek ere zaindu egin behar. Horri guztiari ezegonkortasun ekonomikoa ere erantsi behar izaten zaio. Horregatik ikusi zuten hitzarmen horren beharra.

Neskatxari aste honetan eman diote sendagiria. Ez erabat sendatuta, baina jada etxean da. Bitartean, bost hilabetez, 50 bat lagun aritu dira gurasoek bete ezin zituzten orduak bete-tzen. Jadiyarekin inolako zerikusirik ez zuten pertsonak, hura zenik ere ez zekitenak, egunean 14 orduko arta eskaintzen aritu dira. Zaharrak nahiz gazteak, gizon zein emakumeak, bakarrik bizi direnak eta familia-ardura astunak dituztenak. Musu-truk, noski. Haien eskuzabaltasunari esker, bost hilabetez beti norbaiten arnasa izan du Jadiyak. Ez dakit 50 horietakoren bat izango den zutabe xume honen irakurleen artean. Hor bazaude, adiskide, jakizu zure moduko pertsonek eusten diotela mundutxo erkin honi. Zoragarria zara. Miresten zaitut.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)