Immigraziorako plan berria proposatu du AEBetako alderdi errepublikanoak

Proposamenak Obamaren DACA plana ordezkatuko luke. Mexikoko mugako harresia eraikitzeko, 30.000 milioi dolar erabiliko lituzkete

Berria, Iosu Alberdi, 12-01-2018

AEBetako Alderdi Errepublikanoko hainbat kidek immigraziorako plan berria sortzeko proposamen bat aurkeztu dute Kongresuan. Barack Obama AEBetako presidente ohiak martxan jarritako DACA planaren ordezko izan nahi du. Donald Trump presidenteak babesa eman dio, berak ezarritako «lau zutabeak» betetzen dituelako: DACA berraztertzea, «kate immigrazioa» amaitzea, «bisa loteria» bertan behera uztea eta mugak sendotzea.

Trumpek iazko irailean indargabetu zuen Obamak ezarritako DACA plana, eta aurtengo martxora arteko epea eman zion Kongresuari alternatiba bat aurkitzeko. Herenegun, ordea, Kaliforniako epaile batek partzialki mantentzera behartu zuen. DACA planak adingabe zirela AEBetara iritsitako gazteei laguntza ematen die, ikasketetan eta lana aurkitzeko garaian.

Proposamen berriak ere AEBetan jarraitzeko baimena emango lieke, 3 urtez —mugagabe luza daiteke—, baina inoiz ez lukete izango herritartasuna eskuratzeko aukerarik. Alderdi Demokratak azken puntu horretan egiten du proposamenaren aurka.

Bestalde, Trumpek hauteskunde kanpainan behin eta berriz aipatutako Mexikoren eta AEBen arteko harresia eraikitzeko 30.000 milioi dolar bideratzea aurreikusten du proiektuak. Trumpek herenegun adierazi zuen ez duela harresirako funtsik aurreikusten ez duen planik onartuko: «Segurtasuna izateko behar dugu harresia. Edozein konponbidek harresia barruan izan behar du».

«Bisa loteria» ere amaituko luke proposamenak, AEBetara immigrante gutxi iristen diren estatuetako herritarrei mesede egiten dien formula. «Kate immigrazioa» ere bukatu nahi dute errepublikanoek, «immigrazio legala» murrizteko. Egungo legediak AEBetan sartzeko erraztasunak ematen dizkie AEBetako herritartasuna edo han bizitzeko baimena duten herritarren senideei.

Kanadako muga ere itxita

Kanadako Gobernuak ere lanak hasi ditu AEBen eta Kanadaren arteko muga «ilegalki» zeharkatu nahiko luketen salvadortarrak gerarazteko. Astelehenean, Trumpek 200.000 salvadortarri behin-behineko babeserako estatusa kenduko diela adierazi ostean hartu dute erabakia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)