Etxetik kanpo, etxean bezala

ETORKINEN EGOITZA BERRIA. Donostian Esperanza Latina elkartearen egoitza berria inauguratu dute, etorkin latinoamerikarren eta bertakoen elkargune eta babesgune izateko

Berria, 07-04-2006

UNAI ZUBELDIADONOSTIA

Euskaldunak hotzak direla? Ez, ez. Hasieran kosta egiten zaie konfiantza hartzea, baina behin hartuta eurak geratzen ibili beharra dago; ez dira gai geratzeko. Belkis John Asodeus Euskadiko dominikarren elkarteko presidenteak barrezka esan ditu hitzok Esperanza Latina elkartearen egoitza berrian. 14 urte daramatza jada Euskal Herrian. «Bizi izan dudanagatik diot hori». Donostian, Antiguan, kultura desberdinak elkarrengana hurbiltzen saiatzeko elkartearen egoitza berria inauguratu dute. Etorkinen prestakuntzarako, aisiarako eta kulturarako gunea.

2001ean sortu zuten Esperanza Latina elkartea, Latinoamerikako etorkinen elkartea, Donostiako Elizbarrutiaren, Caritasen eta Elizbarrutiko Misioen babesarekin. Gipuzkoan bizi diren latinoamerikarren komunitatea indartzeko asmoz eta gizarteari euren burua ezagutarazteko asmoz sortu zen Esperanza Latina elkartea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuaren laguntzari esker lortu dute egoitza berria.

60 bat bazkide ditu elkarteak. Latinoamerikarrak eta euskal herritarrak. Margoth Villamil ekuadortarra da bazkide horietako bat. Sei urte daramatza Donostian. 2000. urtean etorri zen. «Egun zoragarria da gaurkoa. Elkartea ez da etorkinontzat soilik, bertakoentzat ere bada, kulturak trukatzeko, ikasteko. Borroka handia egin behar izan dugu». Ordenagailu gela, komunak, sukaldea, bi bulego, sala… Harro erakusten du egoitza.

Familia urrun izatea,«oso gogorra»

Egoitzarekin oso pozik badaude ere, herrimina ezin dute ezkutatu. «Oso egoera gordinean daude Ekuadorren». Villamil, esaterako, orain sei urte Euskal Herrira etorri zenetik ez da itzuli Ekuadorrera. «Oso gogorra da norberaren etxea, norberaren lurra uztea. Hala ere, nire senarra eta bi seme – alabak ere hemen daude, baita ahizpak eta ilobak ere. Amak ez du etorri nahi, ordea; hori da gogorrena. Izan ere, bidaiak 1.200 euro balio du. Kostu horri ezin diogu aurre egin».

Atseginak dira, irekiak, saiatuak. Emma Lopez Honduraskoa da horren erakusgarri. Ondo gogoratzen du noiz utzi zuen bere herria. «2003ko irailaren 3an. Egoera ekonomikoa da une batean norbera bere herria, bere etxea uztera behartzen duena. Erdialdeko Amerikan bi amets daudela diote: amets amerikarra eta Europako ametsa. Diferentzia? Europako ametsera hegazkina hartu eta berehala iristen zara». Zailena bere ingurua uzteko erabakia hartzea dela dio Lopezek. «Hiru urteko alaba han utzi nuen, senarra eta familia ere bai; horrek markatu egiten du. Barre egin behar duzu nahiz eta barruan zauri handia eduki». Orain gutxi bere senarra eta alaba etorri dira. «Etorkizunari aurre egiten laguntzen du horrek».Euskal Herrira iritsi eta euskararekin topo egin. «Egia esan ez nuen espero beste hizkuntza bat aurkitzerik». Hitz batzuk ikasi ditu jada. «Dena saiatzea da, ikasi nahi izatea. Kaixo, agur, oso ondo, eskerrik asko, egun on…». Barrez hasi da. «Badakizu zein hitzek harritu ninduen? Arratsalde on hitzak. Kalean esan zidan emakume batek, eta Agarrese Leo ulertu nion». Etxetik urrun badaude ere umorerik ez zaie falta.

Umore hori azpimarratu du Mila Oiartzabalek ere. Pasai Antxokoa da (Gipuzkoa), eta bera ere elkarteko bazkide kolaboratzailea da. «Oso polita da beste kultura bat ezagutzea. Oso aberasgarria da. Eurek ere erabat onartzen ditugula sentitzen dute. Erregularizazioa lortzeko, lana bilatzeko eta elkarri egunero babesa emateko garrantzitsuak dira leku hauek. Eurak ikasteko prest etortzen dira, umil, eta lasaitzean ikusten da nolakoak diren; zoragarria da».

«Elkarte hauek indarra ematen digute», dio Belkis Johnek. «Leku batekoak izan, bestekoak izan, azkenean denok elkartu eta berdinak garela jabetzen gara. Donostia hiri irekia da, bihotz onekoentzat atea irekita duena». Hasierako hoztasunak ahaztuta, bertako sentitzen dira. Egoitza berriak ere lagunduko die Euskal Herrian txoko bat lortzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)