Bruselak auzitara joko du, EBko hiru herrik ez dituztelako iheslariak hartu

Txekiak, Hungariak eta Poloniak ez dute aintzat ere hartu errefuxiatuak lekualdatzeko EBren plana

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 08-12-2017

Ez dago Europako Batasunean herrialderik EBk errefuxiatuak hartzeko jarritako kuotak bete dituena. Baina badira hiru herri —Txekia, Polonia eta Hungaria— EBk agindutakoa aintzat ere ez hartzea erabaki dutenak. Europar Kontseiluak auzibidea zabaldu zien joan den ekainean, diziplina hausteagatik, alegia, EBren araudiari jarraikiz gehiengo kualifikatuz hartutako erabakia berena ez egiteagatik, eta hilabeteotan bere horretan mantendu direla-eta erabaki du EBk Europako Justizia Auzitegira bideratzea afera. Honela argudiatu du batzordeak urrats bat aurrera egiteko arrazoia: «EBko Justizia Auzitegiak errefuxiatuak banatzeko egitarauaren baliotasuna baieztatu duen arren, Txekiak, Poloniak eta Hungariak betebehar juridikoak bete gabe jarraitzen dute».

Europar Kontseiluak 2015ean erabaki zuen Italiara eta Greziara iritsi ziren errefuxiatuetatik 160.000 EBko herrietan banatzea —oso kopuru txikia da, iristen direnak kontuan hartuz gero—, eta plana betetzeko epea joan den irailean amaitu zen. 30.000 errefuxiatu soilik hartu dituzte guztira, eta herri horien aurkako ekinbiderik ez da egon; beraz, ez dituzte errefuxiatu gehiago hartuko. Hori dela eta, beste plan bat proposatuko du Donald Tusk kontseiluko presidenteak. Ez da egongo bete beharreko kuotarik; borondatezkoa izango da, baina pizgarriak izango dituzte iheslariak hartzea erabakitzen duten herriek. Tusken proposamena datorren astean eztabaidatuko dute. Ez dute erabakiko gutxienez datorren ekainera arte, baina datorren astekoak balioko du ikusteko estatukideek zer pentsatzen duten ekinaldiaz.

Libian harrapaturik

Europako Batasuna zenbakiez hitz egiten ari den bitartean, beste neurri batzuk hartzen ari da Saharaz hegoaldetik Libiara iritsitakoak etxera itzularazteko plana, besteak beste. Joan den astean, Europako Batasunak eta Afrikako Batasunak goi bilera bat egin zuten, eta handik ateratako egitasmoa jarriko du martxan Afrikako Batasunak: Nazio Batuen Erakundeak babesten duen Libiako Gobernuarekin elkarlanean ariko da —hiru gobernutan banatuta dago Libia—, bere kanpalekuetan dauden immigranteak sorlekura itzultzeko aukera emanez. Asmoa da sei astean 20.000 immigrante afrikarrek egitea atzerako bidea. EBk parte hartze zuzena izango du, eta, hain zuzen, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Fayez al-Serraj Libiako lehen ministroarekin egon zen atzo, kanpalekuetako «baldintza jasangaitzak» hobetzea eskatzeko. Merkelek nahi du NBEk eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak kudeatzea kanpaleku horiek. Al-Serrajek, ordea, gogoratu dio 500.000 immigrante daudela egun Libian —gutxienez—, eta haien egoera hobetzea ez dagokiola soilik berari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)