Trumpen migrazio betoa onartu du AEBetako Auzitegi Gorenak

Sei herrialde musulmanetako herritarrei AEBetara sartzea debekatuko zaie. NBEren Migrazio Itunetik ateratzeko erabakia hartu dute AEBek

Berria, Iosu Alberdi, 06-12-2017

AEBetako presidente Donald Trumpen migrazio betorako legea indarrean jartzea onartu du AEBetako Auzitegi Gorenak. Beste auzitegi batzuek legearen aurka hartutako erabakien ondorioz jarri zuen helegitea gobernuak, eta Gorenak arrazoia eman dio.

Betoa astelehenean jarriko da indarrean, behin-behinean, justiziak konstituzioaren mugak errespetatzen dituen erabaki bitartean. Beraz, gehiengo musulmana duten sei herrialdetako herritarrei AEBetarako sarrera debekatuko zaie, nahiz eta «legez» AEBetan bizi diren herritarrekin zuzeneko harremana izan: Txad, Iran, Libia, Somalia, Siria eta Yemen dira herrialde horiek.

Trumpen erabakiak protesta ugari eragin zituen, eta bi epailek betoa behin-behinean indargabetu zuten, gutxiengo erlijioso baten aurkako erabakia delakoan, eta, ondorioz, konstituzioaren aurkakoa.

Era berean, NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako Migrazio Seguru, Arautu eta Ordenaturako Nazioarteko Ituna uztea erabaki dute AEBek, gobernuaren immigrazio politikekin «inkoherentea» delako.

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen esanetan, «zulo handi bat» uzten du Washingtonen erabakiak. «Urtean errefuxiatu gehien hartzen duen herrialdea da», adierazi du William Lacy Swingek, IOMko zuzendari nagusiak. Swingek, ordea, adierazi du itunetik atera arren akordioak lortzeko aukera irekita mantentzen dela.

Trumpek «immigrazio ilegalaren» aurka egiteko beharra ere azpimarratu du. 2017ko urte fiskalean 454.000 immigrante atxilotu dituzte AEBetan, deportatzeko asmoz. Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren arabera, mugan atxilotutako immigrante kopurua %25 inguru jaitsi da aurten. Herrialde barruan atxilotutakoen kopurua, berriz, %25 igo da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)