«Esku hartze bakoitzaren atzean mundu bat dago»

«Esku hartze bakoitzaren atzean mundu bat dago»

Berria, Samara Velte, 06-12-2017

Europako Batasunetik heldutako diru laguntza bati esker gauzatu dute Gemma proiektua; kontinenteko bost gunetan bizi diren emakume migratzaileen egoera ezagutzea eta genero indarkeriazko kasuetan esku hartzeko protokolo orokor bat sortzea zen helburua. Euskal Herrian, Gipuzkoan aritu dira ikerketa egiten; hemendik kanpo, Italian, Grezian, Bulgarian eta Finlandian ere egin dute. Ines Dinant (Namur, Belgika, 1984) izan da Euskal Herriko koordinatzaileetako bat.

Proiektuaren amaieran, alderaketa eginda, desberdintasun handiak antzeman dituzue migratutako andreen egoeran?

Desberdintasun nagusiek emakumeen jatorriarekin dute zerikusia; toki bakoitzeko migrazioa desberdina da, eta, nahiz eta ez diren errealitate homogeneoak, horrek eragiten du. Gauza bera gertatzen da gutxiengo etnikoekin: herrialde batzuetan ikusgarriagoak dira besteetan baino. Eta toki bakoitzeko legezko esparruak —eta instituzioen inplikazio mailak— eragiten du. Gipuzkoan, esaterako, nahiko landua dago indarkeria matxistaren gaia erakundeetan. Baina, jakina, guk landu dugun espazioa oso txikia da. Jendeak hemengo erakundeekin daukan harremana ez da, inondik inora, Milango eskualdeko herritarrek [Italia] euren administrazioarekin izan dezaketena.

Nolakoa izan ohi da hemengo emakume migratuentzat instituzioetara jotzea?

Alde batetik, migratzaile izatearekin lotura daukan guztia dago; eragozpen erantsi bat da. Hamaika agiri eskatzeko beharra, aldiro gertatzen zaizuna azaldu beharra… Eta, batzuetan, ez zaie sinesgarritasunik aitortzen. Gauza horiek guztiek areagotu egiten dute euren zaurgarritasuna. Arazo nagusietako bat izan ohi da instituzioek ez daukatela modurik emakumeen beharretara egokitzeko. Intersekzionalitate handiagoa behar litzateke, prozesuaren uneren batean parte hartzen duten aktoreen arteko harreman handiagoa. Koordinazio faltak, maiz, gehiago konplikatzen du egoera harentzat.

Ulermen falta ere bai, ezta?

Komunikazioan, hainbat gabezia egoten dira. Maila linguistikoko beharrak aseta daude gehienetan —itzulpen zerbitzuak daudelako—, baina ez ulermen sinbolikoari dagozkionak; sarri, erakundeetako arduradunak ez dira gai migratzaileen mundu kontzeptuala ulertzeko. Batzuetan, profesionalek esan izan digute badirela halako protokoloak, baina ez daukatela baliabiderik edo prestakuntzarik indarrean sartzeko.

Ziurrenik, oinarrizko kontraesan bat ere badago: instituzioak legearen barruan mugitzen dira zorrotz, eta emakume migratzaile asko hartatik at bizi dira. Paperik gabe daudenek, ziurrenik, nahiago izango dute administrazioaren edozein ordezkaritza saihestu, eta akaso horregatik ez dute salaketarik jartzen.

Gertatzen da emakumeak halako egoeretan gelditzea: indarkeria matxistarako legezko testuinguru bat dago, eta atzerritartasunerako, beste bat; eta ez doaz beti elkarren eskutik. Gure lanean gurutzatu egiten dira biak; horregatik da beharrezkoa emakumeen errealitatea aintzat hartuta aritzea, eta legeek partekatzen dituzten espazioak bilatzea.

Proposatu duzuen metodologian, hain zuzen ere, arlo desberdinetako teknikariek elkarrekin egiten dute lan kasu jakin baten gainean.

Hainbat erakunde eta instituziorekin lan egin ondoren, ikusi genuen elementu batzuek transbertsalak izan behar zutela; hori Arrasaten praktikara eramaten saiatu ginen. Helburua zen, apurka, genero indarkeria sufritu duten emakume migratzaileekin lan egiten duten eragileetako bakoitzak barneratzea transbertsalitate hori. Gizarte langileak ez du jakin behar abokatuak dakiena, baina bai pertsona hori hor dagoela eta dei diezaiokeela; lanerako sare bat sortzea, finean, erakundeetara jotzen duten emakumeek euren kabuz bakoitzari aurre egin behar ez izateko.

Langile guztiek ez dute ikusiko auzia begirada berberarekin.

Horregatik iruditu zaigu beharrezkoa akordiozko testuinguru bat sortzea; alegia, parte hartzen duten eragileek printzipio batzuk adostea genero indarkeriari buruz eta arrazakeriari buruz. Elementu horiek indarkeria instituzionala eragiten dute, eta kalte egiten diete migratutako emakumeei erakundeetara jotzen dutenean.

Horrekin lotuta, garrantzitsua da emakumeen errealitatearekin lan egitea, euren ingurune sozialetik hasita. Protagonismoa eman behar zaie euren istorioa partekatu nahi duten emakumeei, eta euren testuinguruan kokatu behar dira bizi istorio horiek. Udaletako langileek jarduten duten esparruan, ezinbestekoa da enpatia, eta horretarako beharrezkoa da pertsonari aurpegia jartzea. Ulertu behar dugu guk esku hartzen dugun mini-espazio horren atzean mundu bat eta testuinguru bat daudela, eta, emakume horrekin egiten dugunaren arabera, modu batean edo bestean eragingo diogula. Ez daukagu jakin beharrik zeintzuk diren beste mundu horiek, baina jabetu behar gara existitzen direla.

Horregatik diozue «jatorrizko komunitatearekin» lan egitea komeni dela.

Biekin egin behar da lan: harrerako lekuan dagoen jatorrizko komunitatearekin, eta harrerako komunitatearekin. Bi espazioetan identifikatu behar da nor izan daitekeen emakumeen prozesurako aliatua, eta nor ez. Hori hainbat modutara egin daiteke, emakumeen bizitzan sartu gabe: hitzaldien, elkarteen edo bestelako espazioen bidez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)