Arrotzen artean laguntza eskatzea

Indarkeria matxistak geruza bat gehiago izan ohi du hura sufritzen duena migratzailea denean. Instituzioentzat zaila izan ohi da kasuen berri jakitea eta haiek behar bezala artatzea. Farapi eta SOS Arrazakeria elkarteek esku hartzeko protokolo alternatibo bat aurkeztu berri dute.

Berria, Samara Velte, 06-12-2017

Norbere jaioterrian zaila da genero indarkeriazko egoera baten berri ematea, eta are nekezagoa da hura atzerrian salatzea, norbere bizileku izanagatik ere. Migratutako emakumeen zailtasunak eta babesgabetasuna handiagoak dira mundu osoan, sare soziala txikiagoa izan ohi delako, harrerako herrialdeko erakundeak oso arrotzak izan daitezkeelako, eta immigrazio legeek, sarri, bizitza araudi ofizialetatik at egitera behartzen dituztelako.

Halako kasuak artatzeko ohiko protokolo eta prozeduretan hainbat gabezia antzeman dituzte Farapi antropologia aplikatuko elkarteak eta SOS Arrazakeriak, eta emakume migratzaileak «erdigunean» jartzen dituen eredu bat proposatu dute: Arrasaten (Gipuzkoa) abiatu dute Gemma proiektu pilotua, eta joan den astean aurkeztu zuten Donostian.

Bi elkarteek emandako datuen arabera, gizonek hildako emakumeen herenak baino gehiago migratzaileak izan dira azken urteotan. Izan ere, aldez aurretik laguntza eskatzea eragozten dieten «indarkeria mota ugarik» baldintzatzen dute euren eguneroko bizitza. Alde batetik, «indarkeria instituzionala» dago: administraziora agiri eske joatea ez da tramite samurra migratutako emakume askorentzat. Batzuek ez daukate lan edo egoitza baimenik, eta babesgabe sentitzen dira administrazioaren aurrean. Beste batzuetan, kode kulturalek edo hizkuntzak berak zailtzen dute elkar ulertzea, eta hori frustraziorako arrazoi izaten da.

Bestalde, eta horri lotuta, berme gutxiko bizi baldintzetatik sortutako indarkeria atzeman dute bi erakundeek: «Oinarrizko beharrak aseta ez edukitzeak zaurgarriago bihurtzen ditu emakumeak». Azken urteotan areagotu egin da «migrazioaren feminizazioa»: Euskal Herrira emakume ugari heldu da, nagusiki etxeko eta zaintza lanetan aritzera. Farapiren arabera, estatuak zaintza lanen «ardura publikoari» uko egitearen ondorioz hazi da etxeko langileen eskaria. Lanpostu horietan ez da beti kontratu bat izaten; emakume asko paperik gabe hasten dira beharrean, eta euren lantokia —etxea— espazio pribatua da erabat: zaila da bertan gertatzen dena monitorizatzea, eta erraza da abusuak eta erasoak gertatzea.

«Estatuko legeek erabat baldintzatzen dute atzerritar baten bizitza», azaldu du Ane Iturbe SOS Arrazakeriako abokatuak. Atzerritartasuneko aholkularitza ematen du Arrasateko Udalean, eta Gemma proiektu pilotuan parte hartu dutenetako bat da. Azaldu duenez, berez ez dagokio genero indarkeriazko auziak kudeatzea, baina sarri bestelako bideetatik izaten dute haien berri. «Paperen inguruko kontuak, lan eta egoitza baimenekoak, familia elkartzekoak… landu ohi ditugu. Baina emakumeekin izaten ditugun elkarrizketetan identifikatu izan ditugu indarkeriazko kasuak, eta lagundu diegu gertatzen zaienari izena jartzen».

Gutxitan jotzen dute emakumeek erakundeetara genero indarkeria salatzera. «Beldurra, konfiantzarik eza eta ezagutza falta» aipatu ditu Iturbek arrazoi nagusi gisa: «Askotan, aurretik instituzioekin izan dituzten esperientziak ez dira onak izan, eta horrek atzera eragiten die. Batzuek identifikatzen dute: ‘Egoera honetan nago, baina nola aterako naiz? Ez daukat baliabiderik, ez daukat sare sozialik’».

Oihan administratiboa

Beste arazo nagusi bat instituzioen erritmoa izan ohi da: gutxitan errespetatu ohi ditu emakumeen denborak. «Gerturatzeak beldurra ematen du, azkenean, neurri batzuk hartu behar direlako», azaldu du Iturbek: «Salaketa bat egon behar da; bestela, emakume batek ez dauka Atzerritartasun Legeak bermatutako babesa jasotzeko eskubiderik. Ez zaio dokumentaziorik ematen, indarkeria hori gertatu dela jakin arren». Ez da urrats erraza izaten: «Bikotekidea dena edo izan dena salatu behar du. Baliabide ekonomikorik gabe, hizkuntza arazoekin askotan…».

Salaketa ipinitakoan, ezin dute atzera bota; gehienez ere uko egin diezaiokete bikotekidearen aurka deklaratzeari, baina salaketak bere bidea egiten du ofizioz. Une horretan emakume asko damutu ohi dira administraziora jo izanaz, Gemma proiektuko sustatzaileen arabera: «Sarri, erakundeek eurek egoera are zailagoetan jartzen dituzte». Horregatik, beharrezkoa da hasieratik informazio osoa ematea, Iturberen ustez: «Prozedura judiziala azaldu behar zaie: zein bista izango dituen, noiz joan beharko duen epailearen aurrera, nola den galdetegia… dena».

Errealitatea, ordea, bestelakoa izan ohi da: emakumeak departamentu batetik bestera joan behar izaten du maiz bere istorioa behin eta berriro kontatuz. Gemma proiektuaren arabera, «malgutasun gutxi» dute udaletako protokolo gehienek. Langileekin egindako elkarrizketetatik ondorioztatu dute hori: «Ez da soilik begiratu behar hemen gertatzen dena; nondik datozen ere ulertu behar da, eta zergatik izan diezaioketen errezeloa instituzioari». Iturberen ustez, formakuntza falta da maiz: «Genero ikuspegia leku guztietan txertatu behar den bezala, atzerritartasunari buruzko jakintza ere behar da». Gizarte langileek, batez ere, komunikazio falta eta migratzaileengana iristeko zailtasunak dituzte aipagai: «Gerta liteke jakitea genero indarkeria kasu baten berri, baina emakumea etxetik ez ateratzea; edo soilik etxetik eskolarako bidea egitea; edo beti gizonarekin ateratzea…».

Gemma proiektuaren bidez, emakume migratzaileen ikuspegiaren berri ere jakin dute: azaldu dietenez, sumatzen dute udal langileei, oro har, «arrazakeriaren eta zurrumurruen inguruko prestakuntza» falta zaiela: «Ez da haien hitza zalantzan jarri behar». Kasu batzuetan, arlo asko eta desberdinetako langileek hartzen dute parte: udaltzainek, berdintasun eta migrazio teknikariek, gizarte langileek eta aholkulari juridikoek, besteak beste. Arrasateko proiektu pilotuan, kasu zehatz batzuen inguruan elkarrekin lan egiten hasi dira. «Lehenbiziko aldiz, disziplina ugaritako talde bat osatu genuen», ekarri du gogora Iturbek: «Horrela, badakigu zehazki nork egiten duen zer, eta sare sendoagoa osatzen dugu; hemendik aurrera, emakume bat arazo zehatz batekin badator, badakigu erabat seguru nora bideratu». Arrasateko esperientziaren ondotik, Gipuzkoako beste zenbait udaletara eramateko asmoa agertu dute proiektuaren sustatzaileek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)