Libiatik 3.800 immigrante euren jatorrizko estatuetara aberriratuko ditu nazioarteak

ABk salatu du Libian «jasangaitza» dela egoera. Afrikaren eta Europaren arteko elkarlana sustatu nahi dute. Operazio militar bat egitea defendatu du Macronek

Berria, Iosu Alberdi, 01-12-2017

Libian dauden 3.800 immigrante inguru euren jatorrizko herrialdeetara «berehala» aberriratzeko akordio bat egin dute AB Afrikako Batasunak, EB Europako Batasunak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak, bi kontinenteetako bederatzi estatutako ordezkariekin eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearekin batera. ABren eta EBren arteko goi bilera amaitu ostean eman zuen berria ABko batzordeko presidente Moussa Faki Mahamatek, Abijdanen (Boli Kosta), erakundeek aparteko bilera batean hala adostuta. AEBetako CNN kateak argitaratutako immigranteen enkanteak izan dira eztabaida sortu dutenak.

Frantziako presidente Emmanuel Macron izan zen bilerako partaideetako bat, eta adierazi du «nahi eta ahal» duten immigrante guztiak Libiatik ateratzea dela operazioaren helburua. «Jatorrizko estatuekin harremana mantentzea» eta «Europak asilo eskubidea onartzea» beharrezko ikusten ditu horretarako, baita «trafikatzaileen eta mafien propagandari» aurre egitea ere: «Immigrazio ilegala kaltegarria da, bai Europarentzat, bai Afrikarentzat. Gizateriaren aurkako krimenak dira».

Libiatik aterako dituzten 3.800 immigranteak gune berean daudela azaldu du Mahamatek, eta haien egoera «jasangaitza» dela salatu du: «Ahalik eta azkarren atera nahi dute handik». NBEren babesa duen Libiako Gobernuaren arabera, 400.000-700.000 lagun inguru dira 42 gunetan banatuta daudenak. Mahamatek dio, ordea, «ziurrenik gehiago» izango direla. Egoeraren berri bertatik bertara izateko ABk Tripolira talde bat bidali zuela ere adierazi du.

Elkarlana, beharrezko

ABko presidente Alpha Condek azaldu du Marokok hegazkinak utziko dituela lan hori aurrera eramateko, eta Afrikako eta Europako beste hainbat estatu ere horretarako prest daudela. Condek gehitu du Libiak baimena eman duela hegazkinak bere lurraldean sartzeko. Izan ere, NBEren babesa duen Libiako presidente Fayez al-Sarraj bileran izan zen.

Europako Kontseiluko presidente Donald Tuskek immigrazioaren arazoa kudeatzen laguntzeko eskatu die Afrikako estatuburuei: «Lanean hasteko, beharrezkoa da bermatzea biktimek aukera izango dutela era seguruan etxera itzultzeko». Macronek esan du Afrikako eta EBko estatuen arteko «mesfidantza» albo batera utzi behar dela horretarako. Bide horretan lanean hasi dira Saharaz hegoaldeko hainbat estatu, Libian dauden euren herrialdeetako immigranteen aberriratzeak prestatuz; tartean, Nigeria, Boli Kosta eta Ruanda.

Mahamatek «konponbide iraunkorragoak» bilatzen saiatzeko deia ere egin die erakundeei, eta helburuak trafikatzaile taldeak desegitea eta [immigrazio irregularraren] fenomeno hori geldiaraztea» direla azaldu du. Ez du, ordea, arazoa Libiara mugatu, eta «sare» bat dela esan du.

IOMren datuen arabera, 3.033 dira aurten Afrikako kostatik irten eta Mediterraneoan hil diren immigranteak, Europara iritsi nahian. Horiei azken egunetan Gibraltarko itsasartean bizia galdu duten beste hiru lagun gehitu behar zaizkie, eta 28 desagertuta daude oraindik. Mediterraneoa «munduko mugarik hilgarriena» da, migraziorako erakundearen esanetan.

Marokoko errege Mohammed VI.aren ustez, Europara iritsi nahi duten immigranteen «estereotipoa» aldatzea ere beharrezkoa da: «Immigrazioaren fenomenoaren atzean dauden kausetan sakondu nahi ez, eta orokortzera jotzen da. Zuzendu egin behar dira oinarririk gabeko mito horiek». Mohammed VI.aren arabera, «immigrazio irregularra» nazioarteko immigrazioaren %20 da, eta ez ditu pobreago egiten harrera estatuak: «Immigranteen irabazien %85 harrera herrialdeetan geratzen dira».

«Terrorismoaren aurka»

Immigrazioari eta pertsonen trafikoari aurre egiteko operazio polizial eta militar bat abiatzeko beharra azpimarratu du Macronek: «Jardun egin behar da, ez salatu bakarrik».

«Terrorismoaren aurkako borrokaz» aritu da Frantziako presidentea. Barkhane operazioaren barruan Sahelen dauden 3.000 soldaduak aipatu ditu. Tropa horiek «antolatuta» daudela azaldu du, baina ez behar luketen bezain «azkar». Frantziako estatuburuaren esanetan, «presentzia indartsu bat» behar da eremu horretan, Boko Harami eta beste hainbat talde armaturi aurre egiteko, Mali erdigunean, eta Burkina Faso, Mali eta Niger arteko mugan.

Eremuotan, handia da talde armatuen presentzia, eta Europarako bidea hartzen duten immigranteen jatorrizko herrialde nagusiak ere badira. Horregatik, Saheleko G5 taldea eratu dute Mauritaniak, Malik, Burkina Fasok, Nigerrek eta Txadek. 5.000 kidez osatutako indar bateratu bat sortzea dute helburu, baina 500 milioi euroko inbertsioa behar dute horretarako. Abenduan egingo den EBko goi bileran diru ekarpenak lortzea espero dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)