Jaurlaritzak talde islamiarrekin aritu nahi du, jihadismoari aurre hartzeko

Arlo askotarako plan bat aurkeztu du Urkulluk, «erlijioa aitzakia» duen indarkeriari aurre egiteko

Berria, , 21-11-2017

Indarkeria jihadistari aurre egiteko plan bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta lankidetza jarri du haren oinarri: talde islamiarrak eta erakundeak bilduko dituen aholku batzorde bat sortzea izango da lehen neurria. Islamiar «tolerante, ireki eta terrorismoaren aurkakoak» aitortu nahi dituzte. Horrekin batera, prebentzioan jarriko dute indarra: bai segurtasuna babesteko neurrietan, bai «erradikalizazioa» atzematekoetan. Jihadismoaren aurkako ildo nabarmena du planak, baina izaera zabalagoa eman diote: eraso xenofoboak, islamofoboak eta arrazistak ere jarriko dituzte jomugan.

Proposamenari pisu politikoa eman nahi izan dio Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu lehendakariak berak aurkeztu zuen dokumentua atzo, lau alorretako sailburuekin batera: Gizarte Politikak, Hezkuntza, Segurtasuna eta Justizia. Han zen Jonan Fernandez ere, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia. Agiri irekia dela azaldu dute, lau hilabeteko epea dagoela ekarpenak egiteko. Goiburu hau du: Eusko Jaurlaritzaren jarduera plana erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren aurrean.

Urkulluk nabarmendu du eraso jihadistena «mehatxu larri eta globala» dela. «Larria da, suntsitzailea delako eta erlijioaren aitzakiapean instrumentalizatzen delako». Ohartarazi du erlijioarekin lotze horrek kalte egin diezaiokeela elkarbizitzari. Planean pisua eman diote, hain justu ere, «erlijioen eta kulturen arteko bizikidetzari»: batzorde bat eratuko dute erlijio nagusietako kideekin.

Gizartea eta segurtasuna

Prebentzioari buruz luze mintzo da plana. Batetik, gizarte ikuspegitik: aniztasuna bultzatzea, hezkuntzan gaia lantzea, gizarte politiketan eragitea, diskriminazioaren aurka aritzea… Arlo horretan, bada neurri zehatz bat: kultu lekuei buruzko legea egin nahi du Jaurlaritzak. Aurreproiektua aurkeztu zuen gobernuak aurreko agintaldian, eta proiektua taxutuko dute orain. Jaurlaritzaren lege egutegian jasoa dago gai hori. Bidenabar, erlijioen ezarpenari buruzko ikerketa bat egingo dute.

Segurtasunarekin lotutakoa izango da prebentzioari buruzko beste atala. Herritarrak eta azpiegiturak defenditzea jarri dute helburu, eta erasotzaileak ikertzea eta atxilotzea. Protokolo «eguneratu» bat eduki nahi dute erasoak gertatzen badira ere. Segurtasunari dagokionez, polizien arteko lankidetza berebizikotzat jo du Jaurlaritzak —maiz eskatu du Ertzaintzak elkarlan guneetan parte hartzeko—. Talde islamiarrekiko lankidetza arlo horretara ere eraman nahi dute: «erradikalizazioa» garaiz atzemateko foro bat eratuko dute. Ertzaintzak dinamizatuko du batzorde hori, eta komunitate islamiarretako kideek parte hartuko dute, hezkuntza arloko adituekin batera. Aurretiazko lan hori nabarmendu du Urkulluk: «Jarduera politikoa eta instituzionala ezin da mugatu atentatu bakoitzak sortzen duen izuaren aurrean erantzutera».

Planaren helburua «sinergiak» biltzea da. Horretarako, besteak beste, manifestu bat bultzatuko dute, «Poliziaren koordinazioa eta gizarte mobilizazioa» babesteko. Batez ere indarkeria jihadistari buruz mintzo dira, baina «xenofobia, islamofobia eta arrazakeria adierazpen guztiei» aurre egiteko helburua ere jarri diote proposamenari. Aniztasuna eta bakea aldarrikatu ditu Urkulluk: «Goren-gorenean ezarri behar dugu funtsezko ideia hau: elkarrekin eta bakean bizitzea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)